2.3. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Tantarrantan »  2.3. Irudia

Toribio Alzaga. Tantarrantan

Hirugarren Irudia



III

Joxpakiña eta Axeria.



JOXPAKIÑA Nire bururako egiten direnak ez dira. Boxt koarto, eta zazpi txakur txiki, eta hamar txakur handi, eta horrelakoak bai; baina mila milako eta horiek, ez dira nire bururako egiten direnak, ez.

AXERIA (Baserritik atereaz). Narxixo joan al da?

JOXPAKIÑA Oraintxe.

AXERIA Esan diot ba barrenera etortzeko.

JOXPAKIÑA Ez omen zuen betarik.

AXERIA Horretarako, guk behintzat, beti izaten dugu beta.

JOXPAKIÑA Zuk bai. Esan dit zenbat erori zaigun.

AXERIA Nik esan bezala, e?

JOXPAKIÑA Ez; zazpi milioi t’erdi dira. Ikaragarriak dituzu. Ezin sinistu adina. Hara: hasi jartzen mila milako, eta milako mila…

AXERIA Mila milako, eta milako mila; hori bai dela katramila.

JOXPAKIÑA Den bezala esaten ez nizuke asmatuko. Nik ametsetan ikusi nituen mila pezetako billeteak baino gehiago dira. Probintzian aberatsenetako bat ni izango omen naiz.

AXERIA Orduan, zu erreginaren ondorengoa edo horrelako zerbait izango zara.

JOXPAKIÑA Horrelako zerbait.

AXERIA Nork esan, Joxpakiña horretaraino iritsiko zela.

JOXPAKIÑA Eta horrexek kardaba berri bat sortzen dit. Gau guzian nire horrekin ibili naiz, eta orain ere ezin burutik bota dut.

AXERIA Zer gero?

JOXPAKIÑA Gu horren aberatsak izanik, ez zaidala iruditzen Tiburtxio gure alabarentzat dinakoa izan litekeenik.

AXERIA Gauzak hala dirudi.

JOXPAKIÑA Mutila langilea dela… lanetik bizi behar dutenentzako hori ondo datorrela ez dut ukatuko; baina gu bezalako aberats porrokatuentzat…

AXERIA Lana! Mila milako horiek kontatzen ere baduzue lanik asko.

JOXPAKIÑA Mutil ona, zintzoa dela… eta zer? Gure Martxela bezalako nexka bat, nekazari arlote batekin ezkonduko al dut bada! Horri ere begiratu behar zaio.

AXERIA Zeri begiratua badaukazu zuk oraintxe.

JOXPAKIÑA Bai bada. Hori berak ere ezagutu behar luke. Lehengo konturik ez dago orain gure etxean.

AXERIA Lehengo kontuak? Noiz ikusi dira hemen, bi zahagi etxean, eta beste bi bidean eta…

JOXPAKIÑA Ez, ez; nik mutil horri garbi esango diot: hemengoak egin dituela, eta nahi duen aldera jo dezala.

AXERIA Ez du berehalakoan joan nahiko.

JOXPAKIÑA Alferrik ibiliko da bada. Ez diot utziko. Airean bidaliko dut.

AXERIA Airean ez ezik arrastaka ere lana nahikoa emango dizu.

JOXPAKIÑA Bestela ezin bada, arrastaka bidaliko dut.

AXERIA Hala beharko.

JOXPAKIÑA Nik, nire alabarentzat beste zerbait nahiko nuke. Badakizu zein izango litzatekeen nire gogokoa? Sendalari gaztea, On Braulio…

AXERIA Sendalari…

JOXPAKIÑA Bai; ezkongaia balitz.

AXERIA Ezkondua da ordea, eta hiru seme-alabekin.

JOXPAKIÑA Badakigu. Baina, nik horrelakoxe bat nahiko nuke nire alabarentzat.

AXERIA A! Badakit zein izango litzatekeen Martxelarentzat senargai polita. Polita gero!

JOXPAKIÑA Zein?

AXERIA Gure etxejabearen alaba zaharrena.

JOXPAKIÑA Alaba?

AXERIA Mutila balitz.

JOXPAKIÑA Mutila balitz…

AXERIA Bai, ba. Maite deitzen diote.

JOXPAKIÑA Nik ere nire alabari makina bat aldiz esan izan diot: nire maite, nire kuttuna, nire bihotzeko koxkarabiloa…

AXERIA Bai, baina, hark izena du ordea.

JOXPAKIÑA Zer izan behar du izena!

AXERIA Baietz. Lehenago Maria Teresa deitzen zioten, eta orain Mai… te.

JOXPAKIÑA Ez dut behin ere entzun.

AXERIA Orain arte ez noski, mila milakorik ez zenuelako, baina, orain, zuk ere ikasiko dituzu bai. Ez dago toki txarrean.

JOXPAKIÑA Ez dakigu bada.

AXERIA Baina, politez, besterik ez bezalakoa da.

JOXPAKIÑA E...?

AXERIA Ezpainak gorri-gorriak edukitzen ditu, piper morroen gorria baino gorriagoak; begiak, jira guzian belztuak baleude bezala, masailak arrosa kolorekoak, eta ilea lehen beltza zuen eta orain urrea bezalaxe jarri zaio.

JOXPAKIÑA Eta agure fraka-mantal honek, nola begiratzen dien neskatxa gazteei.

AXERIA Haren politasuna ikusteagatik.

JOXPAKIÑA Emazteari ez al diozu ikusten?

AXERIA Nik ez behintzat.

JOXPAKIÑA Ez; zuk emazteari ez diozu ikusten erratzaren kirtena besterik.

AXERIA Ametsetan, ametsetan.

JOXPAKIÑA A, bai. Ametsetan.

AXERIA Baina, etxejabearen alaba zaharrena polita dela,… Ez da halako maramik.

JOXPAKIÑA Begira ba: nik ez dut nahi nire alabarentzat marama dirudien senargairik. Nolakoa nahiko nukeen, esan dizut.

AXERIA Bai, bai.

JOXPAKIÑA Eta, beste pilixtiyo hori, Tiburtxio, ikusten dudan bezalaxe, airean bidaliko dut.

AXERIA Edo arrastaka.

JOXPAKIÑA Edo arrastaka. (Baserri aldera eginaz) eta hitza eta pitza, etxea utzita daukat eta…

AXERIA Nik ere bai.

JOXPAKIÑA Axeria; kontuz ibil zaitez. Badakizu amets txarrak egiten dituzula.

AXERIA Muin eman besterik ez dut egiten ordea.

JOXPAKIÑA Ez dakit ba.

AXERIA Bai, bai. (Biak baserrian sartzen dira).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org