|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
Hirugarren Egintza
Iruditegia aurreko egintzetan bezala
I
Joxpakiña eta Axeria.
JOXPAKIÑA Hau etxearen hondamendia!
AXERIA Zer egingo da, bada?
JOXPAKIÑA Nire mila pezetako billete ederra! Nire tantarrantan!
AXERIA Hura joan zen, Joxpakiña.
JOXPAKIÑA Bai; hura joan zen, eta hemen nago ni, goibeltasunez beterik.
AXERIA Ni ere bai, atzo ezkero, oso goibel nago… (Edatera balihoa bezala, baserrira joaten hasten da, baina, Joxpakiñak txamarratik heltzen dio eta atzera ekartzen du)
JOXPAKIÑA E! E! Nora zoaz horra?
AXERIA Goibeltasuna pixka bat arintzen ote dudan.
JOXPAKIÑA Nahikoa arindu zara joan den egunetan. Horkoak bukatu ziren. Gaur ez duzu amets txarrik izango.
AXERIA Zer egingo da, bada?
JOXPAKIÑA Onak gaude gu, joan den egunetan bezala ezteietan ibiltzeko. Ezteiak! Eztei ederrak dauzkagu! Nire alaba…
AXERIA Martxela gaixoa.
JOXPAKIÑA Ez jan eta ez lo, negar eta negar, urtu behar zait.
AXERIA Tiburtxio zuen bere gogokoa eta…
JOXPAKIÑA Nik ere bai. Mutil ona, zintzoa, langilea; Tiburtxio zen guk behar bezalako suhigaia.
AXERIA Mutilak ere nahi zuen ba…
JOXPAKIÑA Guztiek nahi genuen. Baina, milako mila haiek buru guzia nahastu zidaten, eta ez-egitekoa egin nuen. Gogoratzen naizen bakoitzean, barrenak jira egiten dit.
AXERIA Niri ere bai, barrenak jira egiten dit… (Berriz baserri aldera hasten da, eta Joxpakiñak txamarretik heldu eta atzeratzen du)
JOXPAKIÑA Zertara zoaz horra?
AXERIA Barrenak jira egin ez diezadan.
JOXPAKIÑA Jira zaitez ba atzera; horkoak bukatu ziren-eta.
AXERIA Barrena hain iluna daukat!
JOXPAKIÑA Pospolo bat piztu iezaiozu ba.
AXERIA Martxelaren negarrek ez dakizu zenbat limurtzen nauten.
JOXPAKIÑA Ni bai, behintzat, une guzietan ez daukat besterik buruan. Egin nuena, egiteko balego…
AXERIA (Nire zintzurrean sartu zirenak, sartzeko baleude.)
JOXPAKIÑA Eta Tiburtxiorekin joan zinenean, nola hartu zintuzten ba?
AXERIA Ni, aitarekin, Loentxorekin bakarrik egon nintzen.
JOXPAKIÑA Eta?
AXERIA Hitz gutxikoa dela badakizu.
JOXPAKIÑA Hitz gutxi baina onak.
AXERIA Hitz gutxi, eta haiek txarrak esan zizkidan niri.
JOXPAKIÑA Horrenbesteraino?
AXERIA Haserrea aurpegian ezagutu nion, eta esan zizkidan bi edo hiru hitz… Ez dizut esan nahi zer, baina biribilak ziren… gurpilik gabe joaten diren horietakoak.
JOXPAKIÑA Beraz, oso haserretu zen?
AXERIA Haserretu? Hura denarekin, biribilak botatzen hasi zenean, ea nola egongo zen.
JOXPAKIÑA Eta ez ote zaio honezkero haserrea igaro?
AXERIA Ez zait iruditzen. Zure alabari ez zaizkio oraindik malkoak lehortu, eta, haserreek malkoek baino gehiago irauten dute.
JOXPAKIÑA Baina nik uste dut onez onean joanez gero, eta gauzak diren bezala esan ondoren, beraiek ere ezagutuko dutela.
AXERIA Ezagutu? Hara joaten denak bai ezagutuko du… lardaska txarrean sartu dela.
JOXPAKIÑA Zuk joan behar zenuke, Axeria.
AXERIA Joxpakiña: zuk ez dakizu zer mandatu eman nahi didazun.
JOXPAKIÑA Zu azkarra zara, lasai xamarra ere bai.
AXERIA Esan ezazu, axolagabea.
JOXPAKIÑA Ez dizut hori esan, baina bai, beste asko baino eraman gehiagokoa zarela.
AXERIA Hara joan behar duenak zer edo zer eraman beharko du behintzat.
JOXPAKIÑA Gogora zaitez Martxela gaixoa negar eta negar dagoela.
AXERIA Hori ez zait ahazten.
JOXPAKIÑA Gainera, zuk eraman zenuen; eta eraman zuenak ekartzea bidezkoa dela iruditzen zait.
AXERIA Nik eraman nuen, egia; baina, zuk aginduta ordea.
JOXPAKIÑA Ekartzeko ere, nik agintzen dizut.
AXERIA Joxpakiña: lehertuko naute.
JOXPAKIÑA Zer lehertu behar zaituzte? Zure inozokeriak dira horiek.
AXERIA Ez dakizu nola dauden…
JOXPAKIÑA Esan iezaiezu zuk nire aldarte txarrak eginarazi zidana zela, ondo damutu zaidala, eta barkatzeko…
AXERIA Ez daude gero haiek, bost xentimoren karameluarekin goxatzeko…
JOXPAKIÑA Esaiezu nexka negar eta negar dagoela, eta arren! lehen gertatua ahazteko; eta ea zerorrekin ekartzen diguzun mutila.
AXERIA Joango naiz bada.
JOXPAKIÑA Bai, gizajo hori.
AXERIA Baina ez dakit ezer egingo ote dugun.
JOXPAKIÑA Bai, bai… (Baserri aldera hasten da eta Joxpakiñak txamarretik heldu eta atzeratzen du) Nora zoaz hortik?
AXERIA Ikusten? Niri ere burua nahasten zait.
JOXPAKIÑA Ez, bada, biderik nahastu.
AXERIA Ez; zuzen joango naiz…
JOXPAKIÑA Ez zaitezela Tiburtxiorik gabe etorri.
AXERIA Begi bat gabe etortzen ez banaiz… (Axeria atzeko eskuinetik joaten da).
JOXPAKIÑA Arren egin iezaiezu. Gure Jaungoiko onak nahi dezala mutilarekin etortzea. Bestela, gainerakoak gainera direla, zer gertatu behar du gure etxean? Nexka gaixoa galduko zait. Eta guzia, nire seta txar batengatik. Ai, gauzak bi bider egin ahal balira! (Baserrian sartzen da)
|