|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
III
Narxixo, Axeria eta Joxpakiña.
NARXIXO Zer habil, Axeria?
AXERIA Narxixo: elbarritu naitek.
NARXIXO Ez duk ba batere ezagun.
AXERIA Kanpotik ez; baina, barrena nola daukadan ikusiko bahu…
NARXIXO Barrena, bazekiagu: joan den egunetako zurrutak irakiten.
AXERIA Irakiten bai, baina zurrutak, ez; zartatekoak.
NARXIXO Zer ba?
AXERIA (Baserriko atean deituaz) Joxpakiña!
NARXIXO Non izan haiz?
AXERIA Tiburtxio ekartzeko asmoan joan nauk; eta ez zekiat nola Loentxok erakutsi didan gorosti zigor batekin etorri ez naizen.
JOXPAKIÑA (Baserritik atereaz) Zer egin duzu mutilarekin?
AXERIA Zuk loteriarekin egin duzuna: galdu.
JOXPAKIÑA Galdu?
AXERIA Neroni galdu ez naizenean…
NARXIXO Hi galdu izan bahintz, bazekiat non aurkituko hinduten: baserri honetako ateetan.
JOXPAKIÑA Baina, zer gertatu da?
AXERIA Zer gertatu den? Senar-emazteek a zer harroaldia eman didaten. Bata eta bestea zeinek handiagoak bota; eta bietan minkaitzena, Atanaxi.
NARXIXO Ez duk ba hori horrelakoa.
AXERIA Azkenean Loentxok gorosti zigor bat hartu du, eta eskerrak itzuri egin dudala, bestela belarri ertzeko hautsak astintzen dizkit.
NARXIXO Haiek direnarekin, harritzen nauk.
AXERIA Gero; batak eta besteak, niregatik dela guzia, ni naizela jardun hau jarri duena.
JOXPAKIÑA Bai, noski.
AXERIA Nola?
JOXPAKIÑA Zuk eraman zenuen eta.
NARXIXO Hori begien aurrean zegok.
AXERIA Nik eraman nuen, bai; zuk aginduta ordea.
JOXPAKIÑA Nik agindu arren, gizona den gizonak ez du horrelako astakeriarik egiten.
NARXIXO Ez noski; non hengoen hi, ez ezagutzeko, hura ezin egin zitekeena zela.
JOXPAKIÑA Nik oker egin banuen, zerorrek zuzendu behar zenuen.
NARXIXO Honek? Hara joanda ere Jainkoak daki zer astakeria esango zituen.
AXERIA Hori, ez; nik ez nuen esan, behar ez zen ezer.
JOXPAKIÑA Ez dakit; ez nuke lepoa jarriko.
AXERIA Ez, andrea. Nik bakar bakarrik esan nien: mutila ukuiluan ondo lotzeko.
NARXIXO Hau asto kirtena, hau!
JOXPAKIÑA Hori esango zenion ba!
AXERIA Zer du ba horrek?
JOXPAKIÑA Nahaspila guziak zuk sortu dituzu.
AXERIA Nik?
NARXIXO Hik, bai. Hau lotu behar lukete ukuiluan, hau.
JOXPAKIÑA Honexengatik dira katramila guziak.
NARXIXO Honek bazter guziak nahastu ditu.
AXERIA Hik hobeto egingo huen.
NARXIXO Bai, noski. Orain bertan ekarriko diat nik Tiburtxio.
AXERIA Hoa, hoa.
NARXIXO Joango naizen bezala.
JOXPAKIÑA Zuk ekarri beharko duzu, bai.
NARXIXO Kaiku honek ez behintzat. Berehala hemen naiz mutilarekin.
JOXPAKIÑA Bai, bai; zuri eskerrak. (Narxixo atzeko eskuinetik joaten da) (Axeriari) Etxe honetako nahaspila guziak zuregatik izan dira; zu saltsa-jario bat besterik ez zara; bazter guziak zuk okertzen dituzu, jendeen arteko haserreak sortzen besterik ez dakizu. Utikan, gizon kaxkarra! (Joxpakiña, oso haserre, baserrian sartzen da)
AXERIA Lehenbiziko astinaldia han; bigarrena hemen…
|