|
Toribio Alzaga. Tantarrantan
VI
Tiburtxio eta Martxela. Berehala Joxe Ramon.
MARTXELA Ez dakizu, Tiburtxio, zenbat negar egin dudan.
TIBURTXIO Nik ere bai, Martxela.
MARTXELA Eta nire ama, zu uzteko eta uzteko, gelditu gabe ari zitzaidan.
TIBURTXIO Hori bera, niri ere, amak esaten zidan.
MARTXELA Nik ordea, nahi eta ere, ezin zu utzi.
TIBURTXIO Hori bera niri gertatzen zitzaidan.
JOXE RAMON (Baserritik atereaz) Hemen al zarete, gazteak?
TIBURTXIO Hemen gaude.
JOXE RAMON Eta barren horiek batere alaitu al dira?
MARTXELA Ondo beharra dugu.
JOXE RAMON Gaixoak. Gizartean ere, mendietan bezala gertatzen da. Askotan errekatxoek, beren uhaskatik aterata, kalte gogorrak egiten dituzte, negar ugari sorrarazi ere bai. Baina lehengo bidetara bihurtzean, zer atsegin, zer pozak bihotz guzietan. Hemen ere hori bera gertatu da. Bada norbait, bere bidetik atera dena. Eskerrak eman diezazkiogun gure Jaungoiko onari bihurtu delako, eta poztu daitezen gure barrenak.
TIBURTXIO Nire ezereza ezagutzen dut. Etxe honetan azaldu nintzenean banekien ezin eskaini nezakeela nire zintzotasun apurra eta nire lanerako gogoa baizik.
JOXE RAMON Mutil zintzo eta langileak ez zeukak inorako lotsaizunik.
TIBURTXIO Ni zoriontsu bizi nintzen, ni baino zoriontsuago inor izan zitekeenik ez nuen uste. Egunez, soroan, lana gogotik egiten genuen; ez lan haserrez, lan pozaz baizik.
JOXE RAMON Hori duk, seme. Ez duk lanik nekazaritzakoa baino emankorragorik. Gure kopetatik isurtzen den izerdi tanto bakoitzak, lurra maitetsu zabalarazten dik, eta garau, ale ugariak ematen zizkiguk.
TIBURTXIO Eta gauean, lanak bukatu ondoren, sendi guztia su ondoan biltzen ginenean, ez zen niretzat halako zerurik.
JOXE RAMON Nekazarien zerua horixe duk.
TIBURTXIO Lehen, gure amona xaharrak ipuinak esaten zizkigun.
MARTXELA Zer ederki!
TIBURTXIO Gaixo hura hil zen; eta orain, amak esaten dizkigu. Ni, zoriontsu, beste ezeren zalerik gabe bizi nintzen… baina, Martxela ezagutu nuen, eta nire izaera oso aldatu zen: soroan eta etxean, esna edo ametsetan beti Martxela dabil nire buruan. Ni ez nintzen bere bila joan, nik ez nuen behin ere horrelako asmorik izan. Nire barrenean, bere kabuz, sortu zen gau eta egun uzten ez nauen grina ezin aldendua. Nik ez dakit zer den hau.
JOXE RAMON Nik bai. Ur horietan igaroa bainauk lehenago. Esango diat. Zuen etxean, lehen, amonak esaten zizkizuen ipuinak; baina hura hil zuan eta orain amak esaten dizkizue. Zuen ama gajoak ordea, nik bezala, hil beharko diagu, eta aurrera nork ipuinak esan bilatu behar duk,…
MARTXELA Nik esango ditut. Amari eta amonari ikasiak, politak badakizkit.
JOXE RAMON Hori da bide zuzen eta jatorra.
MARTXELA Etxeari begiratzea nire gain geldituko da; nik nire senarrari soroko lanetan lagunduko diot; nik sendia biltzean ipuinak esango ditut…
TIBURTXIO Eta hori izango da zorion neurrigabea.
JOXE RAMON Bai gazteak, bai. Soroko lanak amaitu ondoren, sendiak sukaldeko epeltasunean biltzen diren bitartean, Euskal Herriko baserriek zoriontsu eta garaiki iraungo dute.
|