Hitzaurrea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  Hitzaurrea

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta

ANDRE JOXEPA TRONPETA

1920

Lehenengo Egintza



Eresia 1
[Andre Joxepa Tronpeta]

Sarrerako eresia

HIZKETA



Hitzaurrea





(Ezkuta-zapia jasotzen denean, bigarren antzoki-aurrea bi itzalkirekin itxia agertuko da, eta "Sarrerako eresia" amaitzean, Oleskaria itzalkien tartetik aurreratuko da. Oleskariak hamazazpigarren ehunkidako oleskarien antzeko jantzia izango du)

Oleskaria: Jaun, andreak:

Beste hizkeretako antzokietan, ipuinak, aldiz-aldiz ikusten dira; euskaraz, oraindik, ikusi gabeak gara. Oleskariak, hutsune hori bete nahirik, ipuin bat taxutzeari ekin dio. Eta euskarazko ipuina aukeratzez gero, non aurkitu beste gairik, sorginena bezalakorik?

Betikoak dira Euskalerrian sorgin ipuinak, bazter guzietakoak izan dira: hala mendi tarteko baserri ezkutuenean, nola itsas ertzean ekaitzak zatitzen dituen arrantzale-etxe zintzoetan.

Guztiek ipuin horietakoak entzun ditugu; batik bat sendikoak elkarganatzen diren egun alaietan, harako Gabon-gau zoragarrietan: sukalde txokoan bildurik, suaren epeltasunean baino, elkarganako nahitasunaren bero gartsuan hobeto; entzunaz afari gozoaren eratzeko hots pozgarriak: hemengo pil-pil, hango txirtxir, danbolinetako gaztainen zirt-zart zaratariak; bilobatxoak ahoa zabalik, seme-alabak harriturik... amona xahar maitagarriaren ahotik... zenbat aldiz entzun dira sorginen gertagai sinesgaitzak!

Ipuin horien antzekoa da, bada, gaur oleskariak azaldu nahi duena.

Gezurrak direla? Hori guztiok dakigu; agertzen al da ordea antzokietan gezurra ez den zerbait? Hala ere, tartean-tartean, egia batzuk zabaldu ditu. Maisukeria hauen zaleak izan ohi dira beti oleskariak.

Gure euskara zahar, maitagarriaganako gogo kementsua, gure ohitura garbi gogoangarrien aldeko zale bizia, euskal izakera beti goitu duten onbideen lehiadura... horra zerk eraman duen oleskaria ipuin hau taxutzera, eta horra zer den, bere aldetik, ipuinean agertzea nahi lukeena.

Hala ere, izango dira onenean, jantzi eta apainketa batzuk ikustean, euskal itxurarik aurkitu ez diotela esango dutenak. Askorentzat abarketatik ateraz gero ez dago euskal zantzurik. Oker daude ordea. Abarkak, maitagarriak dira, gure asaba ospetsuen oroipen gurgarria gordetzen digutelako. Baina, euskaltzaletasuna ez dugu oin muturretan eduki behar, bihotzaren barren-barrenean baizik.

Horrengatik; direla honelako edo halako oinetakoak, era bateko edo besteko janzki eta apainketak, sustraian piztu nahi izan du oleskariak Euskal Herriarenganako nahitasunaren txingar gartsua, eta sustraian bilatu behar da euskal zantzua, euskal itxura, euskal zaletasuna.

Oleskariak bere ustez, horrela eratu du bere ipuina. Baina, garaia iritsi denean beldurra sartu zaio. Amestu bezala eratu ote du ipuina? Asmatu ote du bere ahaleginean?

Jaun, andreak

Hori, zuek erabaki behar duzue.

Orain, estalki hauek jasotzerakoan, ipuina azalduko da hemen; eta zuen iritzi zintzoari oleskariak, apalki, burua makurtuko dio.

(Burua makurtuaz estalki tartetik joaten da)









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org