1.1.2. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  1.1.2. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta



Bigarren Irudia



II

Pello eta Ixkira



Ixkira: Pello: ikusi al duzu, andre hori?

Pello: Bai.

Ixkira: Nor da?

Pello: Andre Joxepa Tronpeta.

Ixkira: Baina, emakume bakarra, ordu hauetan, toki hauetatik... zer izan liteke?

Pello: Zer izango duk hori: sorgina

Ixkira: Sorgina?

Pello: Bai, sorgina, bai. Hori duk hemengo sorginen etxekoandre, erregin edo ama santua.

Ixkira: Ai Pello! Ez dakizu zer zauria nire bihotzean irekitzen duzun!

Pello: Ondo biguna daukak. Hik, bihotza, pastel kremazkoarekin egina izango duk.

Ixkira: Ai Pello! Ni baino ume zoritxarragokorik ez da jaio.

Pello: Zer duk bada?

Ixkira: Dakizun bezala, berrogei urte arte mutilzahar egon naiz; neska bati aurpegira begiratu gabe, neska baten urratsa usmatu orduko, itzuli beste aldera. Etxetik, arrantzara, eta...

Pello: Eta arrantzatik sagardotegira.

Ixkira: Honetan, berrogei urte osatu nituen egun berean, arratsaldeko bostetan... ez, gaizki ari naiz, bostak hamar minutu gutxiagotan ezagutu nuen Kaxiana.

Pello: A, bai!...

Ixkira: Hura ezagutu nuenez gero oso txoratu nintzen. Neure buruan Kaxiana besterik ez zegoen. Beti Kaxianaz oldozten, hala lehorrean, hala itsasoan. Ametsetan ere neure harekin nenbilen beti. Kaxianak nire nahitasunari gogotsu erantzun zion, eta biak egoten ginen, baba zerigula, batak besteari begiratu goxoak eginaz, hitz leunak esanaz... A... Eramaten nizkion askotan, zela legatz bixarrak, trinpoilak, arrabak... eta aritzen ginen biak, jakiari hark kosk eta nik kosk, hark kosk eta nik kosk...

Pello: Umeak bezala.

Ixkira: Umeak bezala. Ai, Pello! Elkarganako nahitasuna zein eztitsua den ez nekien ordu arte.

Pello: Bai... tipula ale bat eta porru-perrexil pixka batekin oso goxoa izaten duk.

Ixkira: Baina, gau ikaragarri bat iritsi zen, eta Kaxianak... garai honetan berean, toki honetatik beretik... arestian Andre Joxepa Tronpetak bezala alde egin zuen.

Pello: Ai, ai, ai...

Ixkira: Tresna bila nindoan sotora, eta ikusi nuenean, barrenak jira egin zidan. Nora zihoan Kaxiana, bakarrik, garai hartan? Zegoena zegoen tokian utzita, heriotza izugarrian etorri nintzen. Alferrik! Ez nuen zantzurik ere aurkitu! Zorigaiztoko gau hura ezkero, ez da Kaxianik gehiago azaldu!

Pello: Badakik, bada, zergatik?

Ixkira: Zergatik?

Pello: Sorgina delako.

Ixkira: Sorgina!! Neure Kaxiana sorgina!

Pello: Sorgina bai.

Ixkira: Zorigaitza! Askotan esaten nion nik, maitetxo, neure sorgina! baina, ez nuen behin ere sinistuko egietako sorgina izan zitekeenik!

Pello: Sinistu dezakek ba. Mutil, Donostia sorginez josia zegok; gutxiena uste dena sorgina duk, sorginez inguratuak gaudek, bazter guzietan bazebiltzak. Batzuek tankera batean, besteak bestelako eran, asko itxura nabarmenetan... Atzo bertan, ikusi nian poliziako bat... Romanones deitzen dituzten horietakoa...

Ixkira: A bai!

Pello: Bibote handi batzuekin, eta ezkerreko begiari hogeita hamaika balu bezala, honela eginaz zebilean. Nirekin aurkitu zenean, beste aldera begiratuaz, ez ikusi egin zian. Nik, ordea, azkar ezagutu nian.

Ixkira: Kastellanoak ez dira ba horiek?

Pello: Zer izan behar zian hark! Hura zuan, orain denbora gutxi arte, hor, Pixepelen, bizitutako neska baztanga pikatu bat. A nire begia!

Ixkira: Zer itxuratan ote dabil nire Kaxiana!

Pello: Gaur goizean, eguna ia argitu baino lehen; neronek, neure begiekin ikusi diat polizia itxurako hura, hor, Bretxako aldamenean; Lugaritz aldetik tratuekin etorritako gurdi batean zegoen asto zahar batekin hizketan.

Ixkira: Astoarekin hizketan?

Pello: Asto itxuran, sorgina!

Ixkira: Asto itxuran ere bai?

Pello: Mutil, gai honetan oso paxano hago; ez dakik ezer ere. Oraindik ez duk hiru egun, joan ninduan hor aurreko zigarreriara pospoloak erostera. Erakustoki gainean, mostradore gainean, katu gizen bat zegoan paparra zeriola. Begiratu orduko, neuregan egin nian: nik, hau, ezagutzen diat.

Ixkira: Katu hura...

Pello: Sorgin hura! Sorgina zela, ez al diok antzik ematen? Begiratu nioan eta bat-batetan konturatu ninduan. Zera zuan Epifani!

Ixkira: Epifani?

Pello: Koipe

Ixkira: Epifani Koipe?

Pello: Berbera. Huraxe zuan. Zerbaitetarako bazegoan erakustoki hartan!

Ixkira: Baina, nola jakin liteke honelako den edo halako den?

Pello: Jakingo ez duk bada! Hara: joan den astean gertatua duk hau. Badakik Txingurri nor den?

Ixkira: A, bai!... zera...

Pello: Afaria ziaten Amuenean. Ondo afaldu, eta bero-bero egin zirenean, berriketan hasi zituan, eta, Txingurri ahozabal horrek ekin zian esaten, honelako neskarekin egin zuela honelako, eta bestearekin halako... eta, ez bat eta ez bi, nondik eta nola ez zekitela, mahai gainean agertu zitzaiean oilar beltz bat, eta tente-tente jarririk kukurruku! egin ziean. Badakik Txingurri zein bihurria den? Bada, hartu mahai gainean zegoen labana, eta, sast! Kokots azpian hiru behatzeko ebakia egin zioan. Nola ez zekitela, oilarra ezkutatu ukan. Hurrengo goizean, Eskotilla kaleko bosgarren bizitza batean, neska bat -neska ederra gero!- kokots azpian hiru behatzeko ebakiarekin agertu ukan. Lehenago Txingurrirekin zerbait izana behar zian... Mutil horrek gaizki ibili behar dik. Ez nikek horren larruan egon nahi!

Ixkira: Beraz sorginak era guzietan agertzen dira, e?

Pello: Sumatu litezkeen era guzietan. Nork uste duk egingo lituzketela bestela, ezin sinistu litezkeen halako txarkeriak? Nor direla uste duk hik, bitxi-denda, joyeriak lapurtzen dituztenak, nahi dutena harrapatu ondoren, ez zantzu, ez arrasto, ez aztarrenik utzi gabe? Sorginak! Orain denbora gutxi ere, hor Andia kaleko bitxitegi edo erloju-denda lapurtu zutenak... teilatutik sartu zirela eta... Sorginak!! Eta gero serenoengatik ari marmarizoka... serenoek sorginak harrapatzeko trebetasuna balute bezala. Oso gaizki goazak, Ixkira, oso gaizki.

Ixkira: Sinisten dizut; ni behintzat ezin gaizkiago egon... neure Kaxiana gabe!

Pello: Sorginek herri guzia itsutua zeukatek.

Ixkira: Itsutua?

Pello: Bai, bada. Noiz ikusi da Donostiako herria, orain bezala, [jende gehiena] betaurreko beltzekin? Antiparrekin!

Ixkira: Hala da izan ere. Baina, hori, zergatik?

Pello: Begizkoa duk hori! Sorginen begizkoa! Gaizki goazela, Ixkira, txit gaizki. Sorginak oso nagusitu dituk, buruz gain egin zigutek, eta horrela bagoaz, Donostiako herriak egun gorria ikusi behar dik.

(Barrenean ezker aldean txaloak entzuten dira)

Ixkira: Txaloka! Sorginak izango dira!

Pello: Ez; atea irekitzeko deitzen zidatek.

Ixkira: Hala ere!

Pello: (Giltza aukeratu eta ezkerrera joanaz) Oso gaizki goazela, Ixkira, Oso gaizki.

Ixkira: Ni behintzat bai. Zer egin ote du Kaxianak! Onenean, hor dabil kaian, karabinero itxuran... Baina, nola ezagutu? (Ezkerretik joaten dira biak)









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org