|
Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta
IV
Pello eta Ixkira
(Pello eta Ixkira ezkerretik bihurtzen dira)
Hizketa
Pello: Sorgin horiekin gauza onik ez zegok.
Ixkira: Eta niretzat, gauzarik onena sorgin horiekin dago.
Pello: Nola?
Ixkira: Neure Kaxiana horiekin dagoelako.
Pello: Baina, oraindik, Kaxianaz gogoratzen haiz?
Ixkira: Baita gogoratuko ere!
Pello: Sorgina dela esan ez diat ordea?
Ixkira: Eta, zer? Dena dela, ni, Kaxiana gabe ezin bizi naiz: egunez lan egiteko kemenik ez daukat, gauean lorik ezin egin dut; nire buruan beti, haren oroipena dabilkit.
Pello: Ba, hura behar baduk, bera dagoen tokira joan beharko duk.
Ixkira: Non dagoen baneki!
Pello: Mutil; ez duk hemendik urruti izango. Sorginek beren biltokia Igeldoko mendian ditek; eta hire andregai delako hori han izango duk noski.
Ixkira: Igeldo mendian?
Pello: Bai. Lehenago Jaizkibelen, Anboton, Zugarramurdin eta horrelako mendi bazterretako errekatxoen ertzetan biltzen zituan; baina, orain, ezkutuago izateagatik, Igeldoko mendiaren barrenean ditek beren bizitokia.
Ixkira: Mendiaren barrenean?
Pello: Bai, harkaitz tartetik barrena sartuta.
Ixkira: Orduan edozein sar liteke?
Pello: Bai zera... Sarrera ondo gordea ez bazeukatek ba... Begira ezak: denda aberatsetan badakik, nola lehenbizi, atea irekitzerakoan Tirriin! egiten duen, eta, gero txintxarri txikiagoko batek txirriin! isildu gabe, jabea etorri arte? Bada, sorginek askoz hobeto zeukatek. Inor alderatu orduko, inguruko kirkir guztiak hasten dituk kri... kri... kri... eta ez dituk isiltzen alde egin arte. Honela, barrenean bazekitek, eta harkaitz tartetik txeletatzen egoten dituk.
Ixkira: Beraz, kilkerrak...
Pello: Sorginen mendekoak dituk.
Ixkira: Nork esan, kilkerrak harrapatzeko, txulotik txotxarekin zirikatzen aritzen ginenean...!
Pello: Sorginen tinbrea jotzen ari zinetela!
Ixkira: Harrigarria da gero!
Pello: Eta barrena? Hura duk harrigarria, hura!
Ixkira: Bai, e?
Pello: Esatea bat duk, eta ikustea bestea. Hango neurri gabeko edertasuna, hango margo zoragarriak, hango apainketa ikusgarriak, ezta ametsetan ere!
Ixkira: Izan ere...
Pello: Gero, alderdi guzietan iturriak, usain-gozoko ura xirioan boteaz, Hura duk usain gozoa, hura; eta ez patxoli edo, emakume askok ibiltzen dutena.
Ixkira: Beita-usaina baino ere hobea, e?
Pello: Askoz ere. Gainera baditiztek txori batzuk, hik eta nik bezala, hitz egiten dutenak.
Ixkira: Guk bezala?
Pello: Ez; gaizki esan diat. Guk baino euskara jator, garbi, txukun, apain eta ederragokoan. Txantxangorri bat baditek... abesten dik... xamurrago... leunago... goxoago... zera... ...ago... bai (Abestuaz)
Altza Pilili
trunlala
trunlala
trunlala
|
Ixkira: Txoriak, e?
Pello: Txantxangorriak.
Ixkira: Hori bai dela harrigarria.
Pello: Hala, sorginek jaia dutenean, han ikusi eta entzuten diren gauzen edertasunaz, ez zegok zer esanik.
Ixkira: Jaiak ere izaten al dituzte?
Pello: Berebizikoak. Akelarrea deitzen ziotek; eta larunbatetan, gauerdian, izaten ditiztek. Lehenago, umeak eramaten omen zitiztean, baina, orain ez diat uste. Herri zaharrean behintzat, egunetik egunera haur gehiago ageri duk; eltxoa bezala; mutil, hanka azpitik ezin atera.
Ixkira: Zatoz ba kaira. Han dago apasta, han!
Pello: Ez ditiztek eraman behar, ez.
Ixkira: Kaitik ez behintzat!
Pello: Lehenbizi izaten ditek, sorgin-jai berezia, eta azkenean, dantza. Hura dantzaren liraintasuna! Hango kabriolak! Hango kriskitin jotzeak!... Danbolina berriz...
Ixkira: Danbolina ere ba al dute?
Pello: Sorginek? Inon ez bezalakoa! Txistularia orain, ezpain-okerra ditek...
Ixkira: Eta nola?...
Pello: Txistua sudurrarekin jotzen dik, eta ateratzen ziok soinu bat... Santa Mariako organoak bezal-bezalakoa.
Ixkira: Gizonaren trebetasuna!
Pello: Eta, ez diat esan. Dantzaren aurretik, afaria. Badakik, sorginak jaki goxoak maneatzen banan-banakoak dituk; eta hango kaxuelakadak! hango xaltxa koipetsuak!... Behin txipiroiak zitiztean, eta halako xaltxa goxoa jarri ziotean... txipiroiak berak, poxez, kaxuelan dantzan hasi zituan!
Ixkira: Ez al zuten irrintzirik egin?
Pello: Sagardoa berriz... Hura mama!... Txinparta batzuk botatzen ditik, urre printzak diruditenak, eta haiek sudurra ukitzean hazkura bat ematen ditek... gorputz guzia kilimatzeraino. Eta edaterakoan? Goitik behera doan bezala, barren guzia lasaitasun bixigarri batean zabaltzen dik, eta, azkenean, oinetako azkazalak ere, dar-dar jartzen ditik.
Ixkira: Beldurrez?
Pello: Pozez! Ai, Ixkira, Sorginen jaki eta edariak bezalakorik, ez zegok inon!
Ixkira: Bada, nik, sorginen jaki eta edari horiek guziak baino nahiago nuke bakailao gordin puska bat...
Pello: Nola?
Ixkira: Bakailao gordin puska bat, bai; eta neure Kaxianarekin ari lehen bezala... hark kosk eta nik kosk, hark kosk eta nik kosk.
Pello: Hori duk hori, mutilzaharraren berotasuna!
Ixkira: Kaxianik gabe ezin bizi naiz ia!
Pello: Hoa ba, bere bila!
Ixkira: Nondik esaten badidazu...
Pello: Nondik... ez zekiat ba nik. Igeldoko behean dela baina...
Ixkira: Ez dakizula non den?
Pello: Nola jakingo diat ba?
Ixkira: Ea... nola dakizkizu bada, barren hartan gertatzen diren gauza harrigarri haiek guziak?
Pello: Niri ere esan dizkidatelako.
Ixkira: A!
Pello: Zer uste huen bada, ni barren hartan izana naizela?
Ixkira: Noski.
Pello: Zer izan behar nian! Nik ez zeukaat han Kaxianik, hi bezala, koskaka aritzeko. Baina alde-alde esango diat. Antiguatik sartzen haizela, jarrai ezak itsas bazterrean, eta, urruti gabe, han izan behar dik.
Ixkira: Joango naiz bada.
Pello: Orain ateraz gero, Andre Joxepa Tronpeta orduko han haiz; eta hura iristerako, sorginak erratz gainean, airean jiraka, han ibiliko dituk garrasi eginaz: «Ez garela eta bagarela! Ez garela eta bagarela!»
Ixkira: Hori ere, zuri esan dizutelako jakingo duzu, e?
Pello: Bai noski. Zer uste duk, nik asmatu egiten ditudala? Edozeinek esango likek: gezurrak sumatzen ari naizela!
Ixkira: Ez dizut horrengatik esan.
Pello: Hire on beharrez ari ninduan eta...
Ixkira: Bai, bai: ezagutzen dut.
Pello: Badakik, ba: sorginak ikustean, zaindu nondik sartzera doazen, eta, beraiekin batean sast! barrenera!
Ixkira: Hala egingo dut.
Pello: Ez gero beldurtu!
Ixkira: Ez. Lehenago ere itsasoan estualdi gogorrak igaro izan ditut, baina, nire dardarik ez du inork ikusi izan.
Pello: Ixkira! Bulartsu ibili behar duk!
Ixkira: Badakit larritasun hauen berri... Arrantzalea naiz eta!...
(Ixkira kementsu eskuinetik joaten da)
Estalkiak jaisten dira
|