|
Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta
Bigarren Laukia
Igeldoko harkaitzetan
Eresia 4
Arrantzalia naiz ta
ez daukat dirurik
iru alaba dauzkat
ezkondu beharrik.
Bitarteko eresia
|
(Estalkiak jasotzerakoan Igeldo mendiaren oineko harkaitz tartea agertzen da. Ezkerretara Igeldoko itsasargia ikusten da, bere kriseiluaren izkia zuri eta gorri txandaka azalduaz Ixkira harkaitz tartean dago)
I
Ixkira
Ixkira: Bizirik nagoenean ez naiz haserre! Niri gertatu zaizkidan gauzak, ezin sinistu litezkeenak dira. Sorginak era guzietan agertzen zirela. Pellok esan zidanean, zerbait bazekien.
Alderdi Ederretik barrena, txoria baino arinago eta alaiago, abestuaz nentorren baina Kontxara iritsi naizenean, abesteko gogoak joan zaizkit.
Ordurik jartzen ez duten erloju haietan, niri agertu zaizkidan begiak. Haiek begi ikaragarriak! Pruentxi gaztaina-saltzaile begi-oker haren begiak, ttottei eraginda gorri-gorri jartzen zirenean, izugarriak izaten ziren; baina, niri agertu zaizkidanen antzik ere ez zuten: handi-handiak, biribil-biribilak, gorri-gorriak, eta sua botatzen zuten, zezen-suzkoak bezala.
Hori asko ez dela, pilareak, beren tokietatik aterata, ni harrapatu behar nautela hasten dira, farolak edukitzeko haiek, burdinazko besoak balira bezala, luze-luze eginaz... han ziren xexenak orduantxe! Itzuri egin nahi eta ezin, zer egin jakin ez; eta hala nabilela, batek prakapetik heltzen nau, eta, han zoak Ixkira! Airean karrakillo!
Batek utzi ordurako, besteak heltzen zidan... Leon-kastillo nirekin jokatzen ari balira bezala!
Honetan, ez bat eta ez bi, etxe aberats bateko burdinsare edo erreja, hasten da kirrin-karran, eta hemen dator hura ere, nirekin txapetan jokatzera. Ez dakit guztien artean nola txirtxilatu ez nauten!
Ahoa itxi, burua makurtu, eta segada bizian alde egin dut. Baina, bat-batetan fiu! fiu! Begiratzen dut gora, eta Villa Aldamarreko herensugea, nire gainean, airean jiraka zebilen. Nireak egin dik! esan dut. Baina, hain xuxen, sereno bat handik urrutixeago ageri zen. Banoa beregana... baina, alderatzerakoan, neuregan egin dut: serenoa, garai honetan, hemen... ez ote da hau ere, sereno itxuran sorginen bat. Nork daki ba orain, zein den sorgina, eta zein ez!
Badaezpada ere, hari ezer esan gabe, ahal dudan lasterrena tunelera jo dut.
Sartu banaiz, sartu naiz! Ez zeukan egunez edukitzen duen itxuraren apurrik ere, leize-zulo ikaragarri bat egina zegoen, eta hango hormetan, sortu eta oraindik sortu gabeko piztia mota guziak zilipurdika han zebiltzan. Batek fi!, besteak fu!, honek miau! hark muu!; garrasi era guzietakoak baziren. Baita, kaian, atso ernegatu batzuek egiten dituzten arrantzak ere!
Ez dakit nola, baina, nolanahi ere, handik atera, eta hona iritsi naiz ordu onean!
Eta gero, sorginik ez dela esango dute... hori diotenak doazela, ni bezala, garai honetan Kontxara; han ikusiko dute badiren edo ez.
Bizirik nagoenean ez naiz haserre! Oraindik ere, hor daude bai, txeletan. Nik ikusten ez banitu bezala... (Itsasargiari begiratuaz) Hara: orain begi zuria ageri du. Orain gorria. Olentzerok bezala. Bai, bai: lo nagok!
Ai Kaxiana, zugatik ez balitz!
|