2.4.2. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  2.4.2. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta



Bigarren Irudia



II

Andre Joxepa Tronpeta eta Ixkira



Hizketa

(Andre Joxepa Tronpeta, erregina jantzian, eta Ixkira, ezkerretik sartzen dira.)

Ixkira: Sardin-zaharra bezala; suzko ibai horrek kiskali nau... Zuek, ez al zaituzte erretzen?

A.J. Tronpeta: Ez digu ezertxo ere egiten, eztiki-eztiki milizkatu baizik.

Ixkira: Nola izan liteke ori?

A.J. Tronpeta: Nola izan liteken, gehiegizko jakin-nahia da. Aurrerapen handiak egin dituzuen ustean zaudete, baina, zer dira aurrerapen horiek guziak, sorginen aurrerapen sinesgaitzen aldamenean?

Ixkira: Ori ala da.

A.J. Tronpeta: Oso zoraturik zabiltzate orain, gizonak zerbait hegatzen ikasi duzuelako. Noiztik ordea dabiltza sorginak erratz gainean, airean!

Ixkira: Zuen erratzak, oraingo aurrerapen guziak garbitzen dituzte!

A.J. Tronpeta: Baina, ez zara zu, sorginen aurrerapenak ikastera etorri noski...

Ixkira: Egia da.

A.J. Tronpeta: Eta zure asmoaz hitz egin dezagun.

Ixkira: Badakizu, Andre Joxepa...

A.J. Tronpeta: Bai, badakit guzia, eta ez daukazu gai horretaz ezer esan beharrik. Bakarrik, adierazi nahi dizut, ezkontzeko asmoa artzen danean, ez dela jostaketa bat bezala hartu behar, gaurko egunean zorigaitzez askok artzen duten bezala.

Ixkira: Bai, apulletan ibiltzea balitz bezala.

A.J. Tronpeta: Ezkontzea: sendi bateratzea da; eta sendi bateratzerakoan, bere euspenari begiratu behar zaio. Sendiaren eutsipena, lana da.

Ixkira: Eta horrexek lanak ematen dizkigu.

A.J. Tronpeta: Garai guzietan, Sorginak, zale handia izan diote lanari. Gutaz zernahi gauza esango da, baina, ez da behin ere entzun, Sorginak alperrak izan direnik.

Ixkira: Ez horixe...

A.J. Tronpeta: Beti Sorginak goraldu izan dute lana, eta ludira irteten direnean ere, lanean ardurarazteko izaten da. Ez du besterik esan nahi, mendi oihartzunen ereskitxoak berriztaturik hainbeste aldiz entzungo zenduen gure oihu onek...

Ahots bat: (Barrenen) Eooo... Eooo... Eooo...

A.J. Tronpeta: Gauza bera adierazten dute, goizaldi alaian, mendi bazterreko errekatxo berritsuan, zapi txuri zuriak astindurik, sorginak Xiii! Xiii! Xiii! aritzen direnean. Gizakiak lanerako jaioak gera! Ekin lanari, gizonak! baina... ikaratu egiten omen dira! Zorigaitzez, hainbeste dira ludian, lanak ikaratzen dituenak!

Ixkira: Ni ez behintzat.

A.J. Tronpeta: Alai-aldiak ere behar dira, bai noski; baina aurretik lana dela. Horrengatik, sorginen azalgaia da: Lana eta dantza.

Ixkira: Nik, Kaxianaren jabe egitean, lanari gupidarik gabe ekingo diot; eta Kaxiana maitatzen eta gurtzen igaroko dut neure bizi guzia.

A.J. Tronpeta: Asmo horiek, zu bezala, gaian dauden guztiak hartu izan dituzte. Horrelako asmoak, bata bestiaren gainean jarri izan balira, mendirik gailurrena baino gorago igoko ziran! baina asmoak hain gora igo arren, izanak oso bean gelditu izan dira!

Ixkira: Nirekin ez da bada horrelakorik gertatuko.

A.J. Tronpeta: Zurekin gertatuko da, beste guztiekin gertatu dena.

Ixkira: Ez, Andre Joxepa, ez.

A.J. Tronpeta: Emakumearen jabe egin arte, bere gona ondotik ezin alde egin; eta ezkondu bezain laster andre gajoa zokoratuta laga.

Ixkira: Nik ez dut Kaxiana behin ere lagako; eta sotora joan behar badu ere, nirekin joango da.

A.J. Tronpeta: Zenbat gizon ezkondu, beren emazteekin ikusten dira gaurko egunean? Eta bitartean edozein ume mukizu hor dabil aldamenetik neska bandera bat hartuta. Gezurrik gabe esan liteke: gaur Donostiako kalietan emakumeekin ikusten diren gizonezkoak, emakume baten jabe ez diren gizasemeak direla. Emakumerik ez dutenak, emakumea gehiena azaldu!

Ixkira: Neronek ere horixe nahi nuke bada...

A.J. Tronpeta: Nola?

Ixkira: Emakumerik ez dut eta, nik nahi dudan neskatxa azaldu diezadala.

A.J. Tronpeta: Kaxianagatik diozu?

Ixkira: Norengatik bada, buruan besterik ez darabil eta.

A.J. Tronpeta: Bada, ori, Etumetako Basajaunak erabaki beharko du. Aditzea izango duzu noski, Basajaun handiaz?

Ixkira: Baso... handiaz... Guk... baso erdia eta txikia bera.

A.J. Tronpeta: Ez diozu antzik eman nire esanari. Basajauna zer den ez al dakizu?

Ixkira: Nik ez.

A.J. Tronpeta: Ekaitz ikaragarriak lurra dardarka astintzen duen garai ilun hartan, ibarreko bidezidor lohitsuetatik zoazela, ahots indartsuarekin, zure izenez deitzen badizu; eta gero, zure izen hori mendiz mendi oihartzunen hego arinaz ibilirik, berriztatuta entzuten baduzu; zure izenez deitu dizuna badakizu nor den: Basajauna da.

Haizearen txistu barrenkorrek eta zurrunbiloek basoko zuhaitz zaintsuei sortarazten dizkieten harrabotsek erdi zoraturik zauzkatenean; beste hots guzien gain, entzuten baduzu, harkaitz sendoak berak mugiarazten dituen deiadar burrunbatsu bat; jakina da nor den: Basajauna da.

Mendi aldapa zorrotzean zoazela, inongo aldetik inor ageri ez arren, zure atzetik, zure ondo-ondotik datorren norbaiten urratsak entzuten dituzunean; zure oinek egiten duten txipli-txapla irristakorrei, beste txipli-txapla sendoagoko batzuek neurri berean erantzuten dietenean; zu nora joan, hara jarraitu, behin ere ezer ikusi ez eta beti hots ezkutuko haiek entzuten dituzunean; ez galdetu nor den: Basajauna da.

Etumetako Basajaun hori da, bada, hemengo Jaun eta Erregea.

Ixkira: A zer zalapartaria izan behar duen Jaun horrek!

A.J. Tronpeta: Haren eskuetan dago bada zure auzia. Nik hitz egingo diot, eta zer erabakitzen duen ikusiko dugu.

Ixkira: Kaxianik gabe ezin bizi nintekeela esaiozu. Hura behar dudala arrainak beita bezala, katuak birika bezala, nik dakizkidan batzuek eskupekoa bezala...

A.J. Tronpeta: Behar dena esango zaio. Bitartean itxoin ezazu hemen. Eta ezer gertatuko balitzaizu, larritasunen batean aurkituko bazina, zer oihu egin behar duzun erakutsi dizut.

Ixkira: Bai:



Andre Joxepa Tronpeta...
Erreginaren lantzeta.




A.J. Tronpeta: Eta oihu hori egitean, zaren tokian zarela laguntzera etorriko natzaizu.

Ixkira: Eskerrik asko, Andre Joxepa.

(Andre Joxepa Tronpeta ezkerretik joaten da.)













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org