2.4.3. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  2.4.3. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta



Hirugarren Irudia



III

Ixkira eta Potxolo



Ixkira: Ai Kaxiana! Zugana alderatzen noala iruditzen zait. Ez ahal dut orain tira-birik egingo! (Eskuinetik Potxolo sartzen da Sorgin jantzian. Beti dantzan ibiliko da abestuaz bere antzera ttu-ttu – kurrukuttuku... Lehenbiziko sarreran, abestuaz, Ixkirari jira egingo dio.) Oi! Nor da hau?

Potxolo: (Alde batean pixka bat geldituaz) Ixkira! (Jarraitzen dio bere dantzari)

Ixkira: E! Nire izena! Hau ote da Basajauna!

Potxolo: Ez nauk ezagutzen? Rufino nauk!

Ixkira: Rufina!

Potxolo: Rufino! Ez al haiz gogoratzen? Rufino! Potxolo!

Ixkira: Potxolo! Hi, Potxolo!

Potxolo: Ni, bai: ni.

Ixkira: Potxolo! baina hi ez hintzen Habanara joan?

Potxolo: Bai, baina, orain ez nagok han.

Ixkira: Ikusten diat.

Potxolo: Orain hemen nagok

Ixkira: Bai eta itxura ederrean. Neska bihurtu al aiz?

Potxolo: Ez; baina, ziri ederra sartu zieat, eta neska banintz bezala hartu naitek.

Ixkira: Baina... zer asmorekin etorri haiz hona?

Potxolo: Zer asmorekin? Esango diat... (Dantzan abestuaz jira eginaz) Zugarramurdin zer gertatu zen, ba al dakik?

Ixkira: Euria egin zuela.

Potxolo: Hemen ere egiten dik.

Ixkira: Nahikoa.

Potxolo: Ez duk hori. Zugarramurdin mutil gazte bati, gaua gainera etorri zitzaioan; nora joanik ez zian, eta zuhaitz baten barrenean sarturik, bertan lo gelditu zuan.

Ixkira: Hemen txalupetan egiten dutenak bezala.

Potxolo: Bai. Bat-batetan zalaparta nabarmen batek esnatu zian, eta... zer zela uste duk?

Ixkira: Arkakusoak!

Potxolo: Bai zera. Bere ondo-ondoan, Sorginak bilera egiten ari zituan, eta zituzten isilpeko guziak esan zitiztean. Hala jakin zian Italian printzesa bat oso gaixo zegoela, bere baratzean zegoen zapo batengatik, eta nahi eta nahi ez hil beharko zuela.

Ixkira: Hori gaitza, e! Hori isipula eta pixtota baino ere txarragoa izango duk!

Potxolo: Esango nikek. Gure mutila, kinkik egin gabe egon zuan, inork nabaritu ez zezan; eta sorginek alde egin zutenean, jo zian Italiara, baratzean zegoen zapoa hil zian, printzesa sendatu eta berarekin ezkondu zuan. (Dantzan, abestuaz, jira egiten du)

Ixkira: Eta hik, horrekin, zer ikusi daukak?

Potxolo: Ea beste horrelako isilpekoren bat jakiten ote dudan, gero Kai-arribako erreginaren alabarekin ezkontzeko.

Ixkira: Antxelmarekin? Gaur goizean, goiz asko, han zebilean arrandegi aurrean, akulak saltzen!

Potxolo: Eta, hori, zergatik dela uste duk? Gaztelupeko harkaitz tartean dagoen zaporen batengatik. Bestela, zer uste duk hik: Kai-arribako erreginaren alaba, beste edozein erreginaren alaba bezain printzesa izango ez litzatekeela?

Ixkira: Hik hala diok (Potxolok dantzan, abestuaz, jira egiten du)

Potxolo: Eta bitartean, hemen ederki bizi nauk. Nexkaxaharrekin, mutil-zaharrekin baino askoz hobeto aurkitzen duk bat. Mutil-zaharrak berekoiak, zetotsuak, zitalak izaten dituk; nexkaxaharrak berriz, maitekorrak, bihozberak, xamurrak. Ui, nexkaxaharrak besterik dituk! (Dantzan, abestuaz, jira egiten du)

Ixkira: Eta hi, hi... Hik honezkero hemengo berri jakingo duk noski...

Potxolo: Nola, ez...

Ixkira: Zerbait esadak bada.

Potxolo: Esango diat (Dantzan, abestuaz, jira egiten du) Gu nexkaxaharrak gaituk.

Ixkira: Hi, lehenbiziko, haizela...

Potxolo: Ni... ugaz-nexkaxaharra.

Ixkira: Hala beharko.

Potxolo: Bada, guk, laminek bidaltzen diguten zapo-mama gordetzen diagu; ondo begiratu berari; eta behar denean, bakoitzari behar duena eman.

Ixkira: Eta, mama hori, zertarako duk? Hagineko mina kentzeko?

Potxolo: Bai, zera; mama horrekin gorputza igurtzita, airean ibiltzen gaituk.

Ixkira: Hara...

Potxolo: Ez duk oraindik sortu hori bezalako gasolinarik!

Ixkira: Ezta sortuko ere!

Potxolo: Orain laminez hitz egingo diat. Laminen egiteko bereziena Basajauna gurtzea eta omenaltzea duk. Gainera, bakoitzak, zapo bana, bere haurra balitz bezala hazi behar izaten dik.

Ixkira: Beren haurra balitz bezala?

Potxolo: Ikusiko bahitu, zer laztanak, zer limurketak egiten dizkieten. Hor aritzen dituk, zapoari esanaz: Neure bihotzeko koxkarabilo pozgarria! Neure errainetako axukre koxkorrik goxoena!

Ixkira: Zapoei!

Potxolo: Hauek erantzun ere egiten zietek...

Ixkira: Erantzun! Zapoek hizketan ba al zekitek ba!

Potxolo: Haur txikiak bezal-bezalaxe. Baina, oso tripazainak dituk! Ez zekitek besterik esaten, ez bada: nik txitxia nahi dut; mama goxoa behal dut; kokolo ekali...

Ixkira: Bai, eta gero beste hura, barrenak garbitzeko.

Potxolo: Jantzi berriz, apainago, egiten ditiztek. Ikusiko bahu zer soineko garesti, ikusgarri, aberatsak...

Ixkira: Oraingo emakumeek bezala.

Potxolo: Hori, bai; jantzi bakar besterik ez zietek egiten; bada jantzi hori ez zaiek ez zikindu, ez ajatu, ez porrokatu egiten. Jantzi bakar horrek bizi guzian irauten ziek.

Ixkira: Orduan ez dituk oraingo emakumeak bezala.

Potxolo: Gauza harrigarria duk.

Ixkira: Eta, hi... eta, zapo horiek non aurkitzen dituzue?

Potxolo: Hemen inguruan ere bai. Baina behar adina aurkitzen ez bada, zapoak Azpeititik ekartzen ditiztek.

Ixkira: Hala beharko.

Potxolo: Beste pila batekoak Maitagarriak dituk. Horiek hemendik urruti zeudek. Neskatxa gazteak... mutil, ikusiko bahitu... honelakoak! (Behatz muturrak ahora eramanaz)

Ixkira: Eta Maitagarrietan maitagarriena, neure Kaxiana.

Potxolo: Honelakoa, e? (Behatz muturrak ahora eramanaz)

Ixkira: (Lehenbizi behatz muturrak ahora, eta gero eskua bihotz gainera eramanaz) Honelakoa, eta honelakoa! Neskatxa ona, maitekorra, zintzoa, langilea, argia, azkarra...

Potxolo: Bai, bai, bai. Eta nola daukak hemen?

Ixkira: Bere bila etorri nauk, eta orain joan duk Andre Joxepa Tronpeta, Basajaunari hitz egitera.

Potxolo: Orduan, bide onetik hoa.

Ixkira: Hala uste diat.

Potxolo: Gaiztoenak azkenekoak dituk: Aztiak! Haiek bai gaiztoak direla! Ui! (Dantzan, abestuaz, jira egiten du)

Ixkira: Aztiak, e!

Potxolo: Atso zahar, hortz ustel, azkazal-luze, begi-gorri, jibolin-tranka batzuk. Gaitz egiteko zer asmatu ez zekitek. Horien eskuetan eroriz gero galdua haiz.

Ixkira: Ez diat bada galdu nahi.

Potxolo: Viiii (Sorgin txistua eginaz) eginaz, zitalkeria mota guziak egiten ditiztek. Horiek dituk begizkoa sortarazten dutenak.

Ixkira: Horiek al dira? Orduan Donostian izan dituk.

Potxolo: Balitekek...

Ixkira: Izan direla, ezagun duk. Oroipen ederra utzi ditek.

Potxolo: Gero, suge, sugandila, bare, barakuilo eta musker pila bat bildu, eta, haiekin, gaitz guzien zumua duten hauts batzuk egiten ditiztek.

Beren haiek hartu, eta viiii... (Sorgin-txistua eginaz) eginaz irteten dituk; eta honelako baserrian, bere sehaskatxoan dagoen haur zoragarria hilda uzten ditek; bestean, zeruko edertasunak aurpegian dauzkan neskatxa lirainari gaitza sortarazten ziotek, eta argia ahitzen den bezala neskatxa gajoa betiko ahitzen duk; harantzago, ukuiluan dauden abere guztiak ezagutzen ez den gaitz batez kutsatu, eta berehala hiltzen dituk; zelaietara joanez gero, gari guziak galduta uzten ditiztek; itsasora badoaz berriz, ikaragarrizko galarrenak sortu, eta ontzi eta gizon betiko urpean gelditzen dituk. Hitz batean: asmatu litezkeen txarkeria guziak egiten ditiztek. Ixkira, ez hadila horien eskuetan erori, bestela hireak egin dik. (Dantzan abestuaz eta jira eginaz eskuinera joaten da, eta han une batean gelditzen da.) Ixkira! Badakik, e... Viiii... (Sorgin-txistua eginaz) horiekin aurkitzen bahaiz alde! alde! (Dantzan abestuaz joaten da)













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org