2.5.2. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  2.5.2. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta



Bigarren Irudia



II

Basajauna, Emakume gutzaileak, Andre Joxepa Tronpeta eta Ixkira



Hizketa

(A. J. Tronpeta eta Ixkira ezkerretik sartzen dira. A. J. Tronpetak Basajaunaren aurrera joan eta agurpen ikusgarri bat, besoak luzatuaz egiten dio. A. J. Tronpeta ezkerrera bihurtzen da. Ixkira aurreratu eta A. J. Tronpetaren antzera agurpena egiten hasten da. Oso baldar egiten du.)

Basajaun: Ixkira! Igeri egitera al hoa?

Ixkira: (Basajaunari begiratuta) Oi! Pello serenoa!

(Basajaunak harrabots izugarri bat egiten du)

A.J. Tronpeta: (Ixkirari heldu eta ezkerrera eramanaz) Ixo!

Basajaun: Ni naiz Basajauna!

A.J. Tronpeta: Basajaun indartsua

Sorgin-herrian goitua!

(Isilaldia)

Basajaun: Ez al nian nik esan: sorginak bazter guzietan bazebiltzala: batzuk tankera batean, besteak bestelako eran, asko itxura nabarmenetan; eta gutxiena uste zena, sorgina zela.

Ixkira: Bai.

A.J. Tronpeta: (Ixkirari erakutsiaz) Bai, jauna.

Ixkira: Bai, jauna.

Basajaun: Orduan, hik gutxiena uste huena nor zuan? Ni! Eta, ni, Basajauna bera.

Ixkira: Baina, zuk...

A.J. Tronpeta: Berorrek...

Ixkira: Zerorrek... esan ez zenidan: sorginekin gauza onik ez zegoela; ezin sinistu litezkeen halako txarkeriak egiten dituztela...?

Basajaun: Hori Pello serenoak esan zian.

Ixkira: Ez al zara bada zu Pello serenoa?

(Basajaunak harrabots izugarria egiten du)

A.J. Tronpeta: (Ixkirari helduaz) Ixo!

Basajaun: Ni naiz Basajauna!

A.J. Tronpeta: Basajaun indartsua,

Sorgin-herrian goitua!

(Isilaldia)

Basajaun: Ez al nian nik esan, Bretxako aldamenean, poliziako bat asto zahar batekin hizketan ikusi nuela?

Ixkira: Bai.

A.J. Tronpeta: Bai, jauna.

Ixkira: Bai, jauna.

Basajaun: Eta, asto zahar hura, zer zuan?

Ixkira: Sorgina.

Basajaun: Ederki! Eta astoa ukuilura eraman zutenean, zeinek jan zian lastoa?

Ixkira: Sorginak.

A.J. Tronpeta: Astoa...

Ixkira: Andre Joxepa...

Basajaun: Astoa... astoa...

Ixkira: Baina, ni...

Basajaun: Astoak jan zuela!

Ixkira: Oi! Nola, ordea?

Basajaun: Ez diok antzik ematen. Hi Astigarragara joan izan haiz, ez da hala?

Ixkira: Bai...

A.J. Tronpeta: Bai, jauna.

Ixkira: Bai, jauna.

Basajaun: Han nahikoa sagardo edan ondorean, Donostiara etorri, eta, kaleetan marruka eta zilipurdika, ezkerretik eskuinera, eta eskuinetik ezkerrera kaleak neurtzen ibili izan haiz...

Ixkira: Baliteke...

Basajaun: Marruka eta zilipurdika zebilena, zein zen?

Ixkira: Ni.

Basajaun: Sagardoa!

Ixkira: Ezin zait hori buruan sartu

Basajaun: Eztarriko zuloan sartzen zaik bada.

Ixkira: Alferrik...

Basajaun: Hala egon haizenean, muturrez aurrera zerraldo erorita, biek bat egin izan duzue; baina, halere, sagardoa, sagardoa zuan, eta, hi, berriz... kupela.

Bada, nik ere, Pellorekin batzuetan bat egin arren: hura duk Pello serenoa, eta ni, Basajauna.

Ixkira: Bai, ni kupela, eta zu basoa.

Basajaun: Lehenago ere esan nian, eta, gai honetan oso paxano hago. Nesken ondotik ibiltzen bizkorragoa izan ez bahintz, honezkero Kaxianaren lorratza galdua izango huen.

Ixkira: Ezin galdu ordea, beti buruan dabilkit eta.

Basajaun: Burua galtzen ez baduk...

Ixkira: Nik burua galtzen badut Kaxiana dagoen tokian aurkituko dute.

Basajaun: Bai, hik, buruarekin edo hankekin, Kaxiana dagoen tokira joan nahi duk.

Ixkira: Hori bai dela egia!

Basajaun: Bada... kirten xamarra haiz, baina, ezagutzen diat, Kaxiana maite duala...

Ixkira: Txoratzeraino!

Basajaun: Mutil-zaharrena hala izaten duk: nekez, baina, orduan sendo.

Ixkira: Nire maitasuna hala da; sendo, bixkor, bizi, sutsua.

Basajaun: Gainera, ezagutzen diat, Kaxianari ondo egingo dioala.

Ixkira: Bere amonak baino ere hobeto.

Basajaun: Hi, berriz, xoro xamarra haiz, bestea berehala nagusitu zaik, eta zorionekoak izateko bidean jarriko zaretela uste diat.

Ixkira: Bai, horixe!

Basajaun: Horrengatik, hire eskapena ontzat hartzen diat, eta baimena emana zagok. (A. J. Tronpetari) Andre Joxepa Tronpeta: Kaxianarengana doala; baina, horretarako dakizkizun agintzak bete ondorean.

A.J. Tronpeta: Esan bezala egingo da.

Basajaun: (Gauza amaitutzat emanaz) Erabaki dut!

Ixkira: Eta nik orain...

A.J. Tronpeta: (Isilarazirik) Ixo!

(A. J. Tronpetak, besoak luzatuaz, Basajauna berriro agurtzen du. Ondoren, berdin egin nahirik Ixkira hasten da, eta oso baldar egiten du.)

Basajaun: Ea, orain, sanbulla egiten duan!

Ixkira: (Agurpena egin ondoren, bere pozarekin kabriola bat eginaz.) Eskerrik asko, Pello!

(Basajaunak harrabots izugarria egiten du)

Basajaun: Ni naiz Basajauna!

A.J. Tronpeta: Basajaun indartsua

Sorgin-herrian goitua!

(Ixkira aurretik eta Andre Joxepa Tronpeta atzetik, ezkerrera joaten dira)

Estalkiak jaisten dira











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org