|
Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta
Seigarren Laukia
Neskazaharretan
Eresia 11
Bitarteko eresia
(Estalkiak igotzerakoan Laugarren laukiko lurpeko gela bera agertuko da.)
Andre Joxepa Tronpeta, Ixkira. Gero Sorginak. Geroxeago Rufina. Azkenean Potxolo.
Hizketa
(Andre Joxepa Tronpeta, ondotik Ixkira duela, ezkerretik sartzen da.)
A.J. Tronpeta: Entzun duzu: Kaxianarengana joango bazara, horretarako dauden agintzak bete beharko dituzu.
Ixkira: Nahi duzun guzia beteko dut.
A.J. Tronpeta: Zuk igaro behar duzun bidea, mutilzaharrek beste ludira joateko igarotzen duten bide bera da.
Ixkira: Hortik joaten al dira mutilzaharrak?
A.J. Tronpeta: Hortixe.
Ixkira: Orduan ez naiz bakarrik izango! Orain den adina mutilzaharrekin! Eta jostailu xamarrak badira hobe!
A.J. Tronpeta: Ez dute jostaketako gogorik izaten!
Ixkira: Zer bada?
A.J. Tronpeta: Bide guzian neskazahar bat bizkarrean dutela joan behar izaten dute.
Ixkira: E!
A.J. Tronpeta: Zuk ere horrela joan beharko duzu.
Ixkira: Ni! Ni ez naiz, ordea, mutilzaharra! Ni, ezkontzeko asmoarekin nator hona!
A.J. Tronpeta: Zure asmoak zuk nahi dituzunak izango dira; baina, zuk, berrogei urte badituzu, eta oraindik mutilzahar zaude.
Ixkira: Berrogei urte osatu arte, Kaxianik ezagutu ez dudalako. Berrogei urtez lehenagotik ezagutu izan banu, orain berrogei urte ezkonduko nintzen.
A.J. Tronpeta: Bai, jaio baino lehen.
Ixkira: Ni hona, neskatxa gaztearen bila etorri naiz, eta ez neskazaharra arre-kon-kon ibiltzera.
A.J. Tronpeta: Bada, neskatxa gaztea aurkitzeko, neskazaharra eraman beharko duzu.
Ixkira: Eramango dut nahi baduzu, baina, besotik, emakume aberatsak eramaten dituzten bezala.
A.J. Tronpeta: Ez, ez; bizkarrean, bizkarrean.
Ixkira: Baina, Andre Joxepa...
A.J. Tronpeta: Bide horretatik ez da oraindik mutilzaharrik igaro, neskazaharra bizkarrean eraman gabe; eta ez zara zu lehenbizikoa izango.
Ixkira: Lehenbizikoa ez izanak ez dit axolarik, baina, nola nahi duzu bada?... Neronek, neskazaharrari onez onean hitz egingo diot, eta berak ere bizkarrean baino, nire aldamenean joan nahiagoko du. Nik esango dizkiodan gauza barregarriekin!
A.J. Tronpeta: Horretarakoxe daude berak ere! Mutilzaharren bizkarrean joateko zoratzen egoten dira-eta!
Ixkira: Hori ezin liteke...
A.J. Tronpeta: Bat horrela doanean, beste guztiek oihu egiten diote: Horrela bizi bagina beti!
Ixkira: Daramana baino hobeto biziko liratekeela, badakit.
A.J. Tronpeta: Orain ere, zuk joan behar duzula jakiten dutenean, zalaparta dariela hemen etorriko dira.
Ixkira: Nik joan behar dut, egia da; baina, neskazaharrek ez daukate zertara joanik, eta nire bizkarrean gutxiago.
A.J. Tronpeta: Gainera, entzun diozun bezala, Basajaun handiak horrela agindu du; eta haren aginduei ezin jardunik egingo diegu.
Ixkira: Eta nik neskazaharra bizkarrean eramateko ordez, ez al nazake neskazaharrak, ni bizkarrean eraman?
A.J. Tronpeta: Ezta inola ere!
Ixkira: Besterik ezin bada, txandaka.
A.J. Tronpeta: Ez, ez, Zuk bizkarrean eraman behar duzu!
Ixkira: Ai, mutilzaharrak! Zuetaz kupitzen nauk! Zer ikusteko zaudeten ez dakizue!
(Barrenen, eskuin aldean, oihu eta irrintziak.)
A.J. Tronpeta: Hara: badatoz! Berehala hemen dituzu!
Ixkira: Andre Joxepa: hau ez dago ondo. Beren bizi guzian mutilzahar izan direnak, eta ni, ezkontzeko andregaiaren bila natorrena, ez genuke berdin izan behar!
A.J. Tronpeta: Eta ez zarete berdin izango. Haiek, egokitzen zaien neskazaharra eraman behar izaten dute. Zuk, aukeratzeko eskubidea baduzu.
Ixkira: Aukeratu...
A.J. Tronpeta: Zuk, nahi duzuna eramango duzu.
Ixkira: Eta inor nahi ez badut?
A.J. Tronpeta: Kaxianarengana joan gabe geldituko zara.
Ixkira: Hori, ez!
A.J. Tronpeta: Hara: hemen dituzu... (Sorginak beren erratzekin saltaka eta oihuka eskuinetik sartzen dira.) Aukeratu orain.
Ixkira: (Sorginei begiratu eta oso harriturik) Aukeratu... Akulumendi hauen artean, nola aukeratu! Donostian ikusten dira nexkaxahar batzuk... pertxentagoak! pinpinagoak! lirainagoak! moņoņoagoak! Haietako bat poxik eramango nuke! Baina, elefante hauetako bat, nork hartzen du bizkarrean! (Sorginei berriro begiratu, eta A. J. Tronpetari) Andre Joxepa:... eta... urruti xamar joan behar al da?
A.J. Tronpeta: Ikaragarrizko urruti!
Ixkira: Lehertuko naute! (Sorginei berriz begiratuaz) Bata bestea baino kankailuago, bata bestea baino astun eta baldarrago... Baina, guzien artean kaxkar xamar bat ez aurkitzea! (Bat-batetan gogoratuaz) A! Orain gogoratzen naiz. Potxolo aukeratuko dut. Xaxpikia da, eta sei librako ogia baino arinagoa izan behar du... Hori egingo dut! (A. J. Tronpetari) Andre Joxepa: aukeratu dut. Datorrela Potxolo!
Serginak: (Oihuka, erratzarekin joaz) Ui!
A.J. Tronpeta: Hemen izengoitirik ez dugu. Kaian zaudela uste al duzu? Zure etxean bezala guztiak izengoitiarekin direla?
Ixkira: Gure etxean ere ez dituzte guztiek.
A.J. Tronpeta: Guztiek!
Ixkira: Ezetz!
A.J. Tronpeta: Nola deitzen diote zure aitari?
Ixkira: Ukalondo.
A.J. Tronpeta: Eta, amari?
Ixkira: Enplasto
A.J. Tronpeta: Eta izebari?
Ixkira: Expain-mehe.
A.J. Tronpeta: Eta arrebari?
Ixkira: Pexpunte.
A.J. Tronpeta: Eta, etxean duzuen lehengusuari?
Ixkira: Makarrax.
A.J. Tronpeta: Horra, bada...
Ixkira: Bai, baina... katuari Patronilla, deitzen diogu ordea.
A.J. Tronpeta: Dena dela, hemen izengoitirik ez dugu; eta ez guri horrelakorik aitatu.
Ixkira: Izenarekin esango dut bada. Datorrela Rufino.
Serginak: (Oihuka, erratzarekin joaz) Ui!
A.J. Tronpeta: Gizonezkorik hemen ez dago.
Ixkira: Egia, egia. Txirristatu egin naiz. Hala ez banu hartzen!
A.J. Tronpeta: Esan behar duzuna, zuzen esan ezazu.
Ixkira: Bai, bai: datorrela Rufina.
A.J. Tronpeta: Berehala etorriko da. (Eskuinera joan eta deituaz) Rufina! Azkar etorri! (Ezkerrera bihurtuaz) Rufina ezagutzen al duzu?
Ixkira: Asko! Txikia zenetik! Honelako ttiki... ttiki... ttiki... (ttiki-ttiki esanaz, Ixkira oso makurtzen da, eskuarekin ia lurra jo arte.)
A.J. Tronpeta: Hona hemen, Rufina.
(Rufina eskuinetik sartzen da. Beste guztiak baino handiago eta guriago izan behar du. Aurki litekeen handi eta lodiena. Ixkira, ikusten duenean, izuarekin lurrera eroriko da.)
Ixkira: Ez! Ez! hori ez da ttiki-ttiki, handi-handi baizik. Hori ez da Rufina!
A.J. Tronpeta: Bai, hauxe da.
Ixkira: Hori ez da nik esan dudana. Gorde hori... zera... nik, Donostian, ezagutzen dut mutilzahar bat, moko luxe eta endredamakila bera... eta hura datorrenerako gorde hori.
A.J. Tronpeta: Zurekin ez dugula erraz asmatuko iruditzen zait.
Ixkira: (Baina, non ote dabil Potxolo, lerde hori! Etor zitekeen bada bera ere.)
A.J. Tronpeta: Tira, zertan gelditzen gara?
Serginak: (Saltoka eta oihuka) Ui!
Ixkira: Berehala, berehala. (Ikusten denez izenez ere aldatua izan behar du. Orain hemen harrapatuko banu, txirtxilatuko nuke!) (Potxolo eskuinetik sartzen da dantzatuaz eta abestuaz, eta Ixkirari jira egiten dio.) Hara bera! Non habil hi, kirten hori!
Potxolo: Hire bila etorri nauk.
Ixkira: Lehenago etor hintekeen.
Potxolo: Zergatik deitu ez didak?
Ixkira: (A. J. Tronpetari) Hauxe da nik nahi nuena.
A.J. Tronpeta: Kattalin!
Ixkira: Kattalin! (Potxolori) Kattalin al haiz hi?
Potxolo: Bai, bada. Ez al hekien?
Ixkira: Hik, oraindik, sudurra ere trukatuko duk.
Potxolo: Ixo! Ixo!
A.J. Tronpeta: Tira, bada; joan behar badugu, garaia da.
Ixkira: (Potxolori) Hi, gero... nire bizkarrean dantza gutxi, e?
Potxolo: (Abestuaz eta dantzatuaz) Ttu-ttu... kurrukuttuku...
Ixkira: Sudurra zanpa-zanpa egingo diat. (Potxolo, Ixkiraren bizkarrean jartzen da. Jartzerakoan, sorginek oihu egiten diote.)
Serginak: Aupa!
Potxolo: Ederki noak horrela
Ixkira: Ni baino hobeto.
A.J. Tronpeta: Horrela bizi bagina beti, ondo ginake, Kattalin.
Eresia 13
[...ondo giņake Kattalin]
Azken eresia
|
Katalin (Etxeberria-Guimon)
|
|
|
(Eresi bitartean, Andre Joxepa Tronpeta aurretik dela, ondoren Ixkira Potxolo bizkarrean duela eta atzetik sorginak deiadarka, saltaka eta erratzak erabiliaz, iruditegiari jira egiten diote eta ezkerretik joango dira.)
Estalkiak jaisten dira
Ezkuta-zapia jaisten da
Bigarren Egintzaren Amaia
|