3.7.4. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Andre Joxepa Tronpeta »  3.7.4. Irudia

Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta



Laugarren Irudia



IV

Kaxiana eta Ixkira



(Ixkira begiak itxita dago, ezer ikusi eta entzuten ez balu bezala. Kaxianak sokak askatzen dizkio.)

Kaxiana: Orain, lokabe, aske izango zara.

Ixkira: (Kaxianaren ahotsa entzutean zoraturik) Kaxiana!

Kaxiana: Bai, Ixkira: ni naiz.

Ixkira: Zure ahotsak, zure hitzak, galdutzat neukan bizia berpizten dit.

Kaxiana: Alaitu zaitez orain.

Ixkira: (Begiak zabalduaz) Zure begi zoragarriak, galdutako indarrak nireganatzen dizkidate.

Kaxiana: Bai, Ixkira, bulartsua izan zera, eta, aurrera ere, horrela izan behar duzu.

Ixkira: Zure nahitasunaren errainu gartsuek, zorion baketsuko ateak zabaltzen dizkidate.

Kaxiana: Eta zorionekoak izango gara.

Ixkira: Baina, oinaze zorrotzak eraman behar izan ditut.

Kaxiana: Badakit...

Ixkira: Aztien menpean larritasun garratzak igaro ditut.

Kaxiana: Horrengatik, jakin dudan bezain laster, zure askatasuna eskatzera, Basajaun handiarengana joan naiz.

Ixkira: Zuri zor dizut beaz...?

Kaxiana: Bai; askatasuneko erabakidea niri eman dit.

Ixkira: Beraz, lehen bezala, maite nauzu?

Kaxiana: Lehen baino ere nahitasun sutsuagoarekin.

Ixkira: Nola, orduan, alde egin zenidan?

Kaxiana: Halabeharra...

Ixkira: Ni, zu gabe, ezin bizi nintzen.

Kaxiana: Ni ere ez, zu gabe.

Ixkira: Beti zutaz oldozten.

Kaxiana: Ni zutaz bezala.

Ixkira: Zugana nondik etorrik nintzen...

Kaxiana: Ni, berriz, ikustera ere joan nintzaizun.

Ixkira: Zu!...

Kaxiana: Ni, bai.

Ixkira: Noiz, ordea?

Kaxiana: Herenegun.

Ixkira: Herenegun!

Kaxiana: Arratsaldeko bostetan... ez, gaizki ari naiz: bostak hamar minutu gutxiagotan.

Ixkira: Ezagutu ginen ordu berean!

Kaxiana: Halaxe da. Sukaldean, bakar-bakarrik zeunden. Leiho ondoan, burua beso gainean etzinik, itxura kupigarria zeneukan.

Ixkira: Egia da. Baina, zu...

Kaxiana: Ez al zara gogoratzen, nola katu beltz txiki bat etorri zitzaizun?

Ixkira: Bai, gogoratzen naiz.

Kaxiana: Ni nintzen bada...

Ixkira: Zu!

Kaxiana: Begietan ezagutuko ninduzula uste nuen.

Ixkira: Zu al zinen?

Kaxiana: Bai. Noiz baino noiz, eskua bizkar gainetik igaroaz, maite-maite egingo ninduzun egon nintzen.

Ixkira: Ezagutu gabe nola ordea?

Kaxiana: Elkarganako nahitasun beroan igarotako ordu xamurrez gogoratu nintzen... Aritzen ginenean, jakiari, zuk kosk... (Biak txanda ezin harturik)



IXKIRA

zuk kosk
eta nik kosk
zuk kosk
eta nik kosk
KAXIANA

eta nik kosk
zuk kosk
eta nik kosk ...




Kaxiana: Eta gogorapen horrek eman zidan argitasunarekin, mahai gainean, gazta puxka bat ikusi nuen, eta kosk egitera joan nintzen...

Ixkira: Egia da!

Kaxiana: Orduan... zapata zahar bat bota zenidan.

Ixkira: Eta zuk... fuu! egin zenuen.

Kaxiana: Nola ez... Gaur goizean, oraindik, belaun azpia minberatua neukan.

Ixkira: Ez jakinean!

Kaxiana: Orduan, txoko batera joan eta handik aritu nintzaizun: Miau! Remiau! Limurtuko zinela uste nuen; baina zu geroago eta haserreago jartzen zinen.

Ixkira: Ez jakinean!

Kaxiana: Ez didazu ordea, zapata zaharrik gehiago botako!

Ixkira: Ezta berririk ere!

Kaxiana: Hain maitetsu joan nintzaizun eta...!

Ixkira: Hurrengoan, zuk miau esatean, nik mafau erantzungo dizut.

Kaxiana: Miau! Remimimiau!

Ixkira: Mamamamafau!

Kaxiana: Miau! Ramimimiau!

Ixkira: Mamamafau!

(Biak, katuen antzera miau eginaz eta elkar maitatuaz)













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org