|
Toribio Alzaga. Andre Joxepa Tronpeta
V
Lehengoak eta Andre Joxepa Tronpeta
A.J. Tronpeta: (Eskuinetik sartuaz) Xapi!
Ixkira: A! Andre Joxepa! Asketsi!
Kaxiana: Nahitasunezko jostaketan genbiltzan.
A.J. Tronpeta: Ikusten dut. Eta zuen nahitasun horrek iraun dezala.
Ixkira: Bizi garen artean iraungo du.
A.J. Tronpeta: Hala behar ere da. Geroago eta maiteago izan behar duzue.
Ixkira: Hala izango gara.
A.J. Tronpeta: Uste horretan dago Basajaun handia ere, eta horrengatik ezkontzeko baimena ematen dizue.
Ixkira: Zorionekoak gara!
Kaxiana: Bai horixe!
A.J. Tronpeta: Eta etxera nola joango zareten ere erabaki du.
Ixkira: Hemendik etxera? Nolanahi! Oinez joango gara.
A.J. Tronpeta: A, gizajoa! Non zaudela uste duzu zuk?
Ixkira: Non egongo gara? Igeldo pean.
A.J. Tronpeta: Igeldo pean sartu zinen, bai. Baina, suzko ibaia nola igaro zenuen ahaztu al zaizu?
Ixkira: Izan ere.
A.J. Tronpeta: Mutilzahar bide neketsuaz gogoratzen ez al zara?
Ixkira: Hura, luzea baino luzeagoa zen.
A.J. Tronpeta: Orain, Anboto mendia baino urrutiago aurkitzen gara.
Ixkira: Batere uste gabe nik ibili ditudan bideak!
A.J. Tronpeta: Horrengatik, Basajaun handiak, zuek izar batean etxeratzea erabaki du.
Ixkira: Izar batean, eta neure izar hau aldamenean dudala zer zoriona! Eskerrik asko, andre Joxepa!
Kaxiana: Asko zor dizugu
Ixkira: Eskerrak eman zerari ere... zera... Pellori.
A.J. Tronpeta: (Haserre) !Zer esan duzu! (A. J. Tronpeta eta Kaxianak besoak jasoaz. Ixkira ere besoak jasotzen hasten da, eta, lotsaturik burua atzaparkatzen gelditzen da)
A.J. Tronpeta eta Kaxiana:
Basajaun indartsua
Sorgin-herrian goitua!
|
Ixkira: Asketsi, andre Joxepa, pozaren pozaz, txirristatu egin naiz.
A.J. Tronpeta: Ez bada aurrerakoan txirristatu.
Kaxiana: Txirristarik egiten ez diot nik utziko.
Ixkira: Eta zutaz gogoratuaz, beti esango dugu:
Andre Joxepa Tronpeta
Erreginaren lantzeta!
|
A.J. Tronpeta: (Ezker-eskuinera begiratuaz) Zuei azken agurra egitera, Maitagarriak hemen datoz.
Kaxiana: (Ixkirari eskua emanaz.) Azken-agurra, laster, betiko lotu behar diren eskuak emanda.
Ixkira: (Kaxianaren eskua estuturik, eta pozaz zoratzen) Xarmangarria zara!
|