Xixili, Esteban eta Jenaro


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Txibiribiri »  Xixili, Esteban eta Jenaro

Toribio Alzaga



VI



Xixili, Esteban eta Jenaro



Xixili arpegiya apaintzen bezela ixpillu-aurrian jartzen da. Esteban ezkerrian illobaren zai. Jenaro agertuko da atzian. Gazte oso apaña da. Bizkarrian korkoxa badu, baña bizkar-gañian daukan beroki-jantziak gordetzen dio.





Jenaro Esteban jauna...

Esteban (Eskua luzatuaz) ¿Zer diozu, illoba?

Jenaro Ondo, txit ondo, ¿ta beok?

Esteban Ondo, Jainkoa’ri eskerrak. Xixili’k etzaitu ikusi oraindik. Ara non dagon. (Gizaseme itxurakua da gero...) (Jenaro’k beroki-jantzia eskuetan artzen du, ta Esteban’ek korkoxa ikusten dio) (¡E! ¡Korkoxa! ¡Onek ere bai! ¡Ederra egin diagu! ¡Au bai dala egiyetakua!) (Esteban’ek loteriko txartel bat Jenaroren korkoxian igurtziko du. Au biurtzen da, ta une berian Xixili ere bai, ta ikusirik lengusuaren korkoxa karraxi egiten du)

Xixili (¡Ai! ¡Korkoxa! ¡Nola ezkonduko naiz korkoxdun gizon batekin!)

Esteban Xixili, ona zure lengusu Jenaro.

Jenaro (Xixili’ri esku emanaz) ¿Zer diozu?

Xixili Ondo, ¿ta zu?

Jenaro Txit ondo. Baneukan zu ezagutzeko gogua.

Xixili Ikusten nazu bada...

Jenaro Bai...

Xixili Ikusten dezun bezela, emen bakoitzak baditugu geren gauzak. (Korkoxarekin keñu egiñaz)

Jenaro Bai, bakoitzak izaten ditugu... (Korkoxarekin keñu egiñaz)

Esteban Bai, batzubek berenak, eta bestiak besterenak eta, guzitatik izaten da. (Onena bai egiyetakua dala. Polita da gero. Kosk egingo niyoke.)

Jenaro Jakingo dezu noski nere etorrera zergatik dan...

Esteban Jakiñen gañian dago.

Jenaro Osaba Alberto gizarajoak guri zigun maitetasun bizi ta sendoa, argi azaldu du bere azken-nayan.

Xixili (Itxura ederrian).

Jenaro Bere ontasun guziyak guretzat utzi ditu, ta ordaintzat eskatzen diguna utsa da.

Esteban Ala esan liteke; bañan gauzak, aurretik eta atzetik begiratu biar dira; atziak ere baditu, baditu zer ikusiyak.

Xixili Begiratu besterik ez dago.

Jenaro Ikusten det bai, baña nik ere...

Esteban Bai, zuk ere izango dezu noski. (¡Auxen da korkox jatorra!)

Xixili Etorri zeranian etzenduben usteko nere gain orrelako gauzik ikusiko zendubenik.

Jenaro Egiya da.

Xixili Ta orain, ikusi ta gero... osabaren agindubak arkituko dituzu onenian zallak dirala, astunak, ezin eramanak.

Jenaro Ori ez: osabaren agindubak beti izango dira neretzat atsegintsuak. Naizen guziya arri zor diyot; detan dena arena da...

Esteban (Korkoxa erakutsiaz) ¿Dena?

Jenaro Dena, bai; ta ala, osabaren aginteak gogotsu beteko ditut.

Xixili Bai, baña, nere bizkar... badakizu...

Jenaro Bai, nere bizkar bezela.

Xixili Gizonetan, ordia, ez da ainbeste begiratzen.

Jenaro Dan bezela dala, ez det ezerengatik utziko nere osabaren aginduba egin gabe. Bizi zala egiten nituben; il ta gero gogotsuago oraindik egingo ditut.

Xixili (Bere ortatik ez da aterako. ¡Au zorigaitza!) (Ixil-aldi baten ondoren)

Jenaro (Esteban’i) Izeba ez det ikusi...

Esteban Izan ere. Aztu zitzaidan esatia: gaxo daukagu.

Jenaro ¿Ez du, ordia, bildurtzeko gaitzik izango?

Esteban Ez; ta gañera obeto dago. Nai badezu, beragana lagunduko dizut; berak ere ikusi naiko zaitu-ta.

Jenaro Agur bat egin nai nioke.

Esteban Guazen bada.

Jenaro Gero arte bada, Xixili; ta badakizu nere azken-itza; batera edo bestera, dan bezela dala, osabaren aginduba beteko det nik.

Esteban Emendik. (Jenaro ta Esteban atzeko atetik juaten dira)













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org