Txingurri


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altzaga Toribio »  Txingurri

Toribio Altzaga

Txingurri

Bakarrizketa

Jatorrizko bertsioa


Iruditegia gela apain bat da. Atzean ate zabala. Erdian mahai txiki bat, bere aldamenean besaulki bat eta aurrean aulki luzea. Mahai txikiaren gainean zakuto txiki bat, barrenean ispilu eta aurpegi-margoak dituela. Gainerakoan gelari dagozkion tresnak.

Atzeko atean Txingurri azaltzen da. Saltoki handi bateko morroia da. Esku bakoitzean piper pote bat dakar. Inor ikusten ez duenean oihuka hasten da.

Txingurri:

¡Etxekoak! ¡Eup! Ez al dago inor etxean? -loak hartu ote ditu. ¡Manuela Joxepa! Edo ¡Manuela berritsu! -Den tokian dela, ez da ba isilik egongo ¡Manuela Joxepa!

Muturrak hausten bidali naute, hauek ekartzera eta...hemen inor ez. ¡Ederra duk!

Ezin egongo naiz ba ni, nire hauek eskutan ditudala, karranpak jotzeko zorian.

A! Mahaitxo horretan utziko ditut.

(Mahai txikiaren gainean uzten ditu)

Ajaja! Ederki! Orain aukeratu dezatela, zeinetatik ekartzea nahi duten. Hau "El Picador" omen da. Beste hau, ez didate esan, baina, banderilleroa izango da noski.

Bata Hirurogei xentimo, eta bestea hirurogeita hamar. Hori da: bata hirurogei xentimo, eta bestea hirurogeita hamar. Hau...bestea... ¡E!... Hori da... hori da nik orain ez dakidana. Zein den hirurogeikoa, eta zein hirurogeita hamarrekoa. Ba hemen sartu naizenean mingainaren puntan neukan gero...

(Atzeko atera joan eta mingaina erakutsiaz)

Ate honetatik igarotzerakoan hementxe neukan... eta orain...

(Bazter guzietara begiratuaz)

Ez naiz ba halere gogoratzen.

(Berriro mahaira alderatuaz)

¡Txingurri, ederra egin duk!

Baina, nolanahi ere, Pikadorea, banderillero ziztrin bat baino gehiago izango da, eta garestiago. ¿Nola ez ba? Pikadorea txapel handi eta zaldi eta guzti... Gainera pikadorea bada, gehiago pikatuko du. Jakina ba: "esa corta más pica". Hori ba, "más pica", gehiago pikatzen duela. Eta garestiago izan behar. Beraz banderrilleroa hirurogeita hamar xentimokoa izango da, eta pikadorea laurogeita hamarrekoa.

¡Jaunak, etxe honetan sartzen diren piper-poteak! Berriz ere egongo dira bai piper-mina baino erreago. Piperren ordez, odolkia nahikoa jango balute, lasaiago biziko lirateke. Lasaiago... ez dakit. Etxeari ez diote behintzat askorik begiratzen. ¡Lasai ahalenak! ¡Hau duk kuxidadea, hau! Non ote dabiltza...

(Oihuka)

¡Manuela berritsu! Ez eta zantzurik ere. Beste inor ez bada, ni izango naiz orduan etxe honetako etxekoandre. Bai, bada. Besterik ez bada. Ea etxekoandre bezala eser nadin.

(mahai aldameneneko besaulkian esertzen da)

Ederki esertzen da gero hemen. Gure auzoko Mikela Anttoni, galtzeta eginaz hemen eseriko balitz, ea zer loak egingo lituzkeen! ¡Zurrunga ederrik aterako luke! Ea gaur, gaur bezala, ez lioke inork entzungo. Etxe honetan ez behintzat.

(Mahai gaineko zakutoa ikusi eta hartuaz)

¡E! ¿Zer da gauza polit hau! ¡A! Andre eta andereño aberatsak erabiltzen dituzten zakutoak. Nik ere horrelako batekin ondo emango nuke gero.

(Altxa eta andereñoen antzera pixka bat ibiliaz)

Bai noski, piper poteekin baino "eleganteago" behintzat. Ez dakit nik gure nagusiak zergatik ez dizkigun hauetakoak erosten, orain bezala gauzak agerian eraman gabe. Arestian ere, hauekin nentorrela Ukalondo atera zait, eta hala dio:

Oi, pikadorea; ¿Korrida al duzue? Ez; Elizan sartzea diagu.

(Berriro esertzen da)

Ez du gero hutsa egon behar. Irekitzen asmatuko banu! ¡klaska! ¡E! ¡Zer da hau?

(Ispilu txiki bat ateriaz)

¡Ispilua! Polita gero. Ea zer dirudidan.

(Bere burua ispiluan ikusiaz)

Hau gizonaren sasoia. Honen bikaintasuna, honen liraintasuna, honen lerdentasuna.

¡¡Moñoño!! Eta hala ere mutilzahar egon behar. Gaurko eguneko neskatxak ez dakit begiak non dituzten, honelako "proportzioa" galtzeko.

(Zakutoa usnatuaz)

Beste zer edo zer gehiago egon behar du hemen.

(Margo gorri bat ateratzen du)

¡Oi! ¿Zer da hau? Makil-goxua edo mataza edo horrelako zerbait dirudi.

(Eskua igurtziaz)

¡Hara! Margo gorria da eta. Andereñoek ezpainak gorritzeko erabiltzen dutena. Nik ere ez nuke gero gaizki emango ezpain gorriekin. Ikusi behar dugu bada.

(Ezpaina gorritu, eta ispiluan begiratuaz)

¿Oso panpoxa, oso panpoxa!

(Berriro mazalak eta abar gorrituaz)

Ez dakit oraintxe, marama edo pailazoa ote dirudidan. Makina bat andereño ibiltzen dira ni orain bezala, pailazo diruditenak, eta hala ere, "irrresistibles" daudela esaten dute. Ni ere etxekoandre apain askoa nagoela esango nuke. Bisita bat baletorke ere "presentablia" nagola deritzat.

(Bat batean altxa eta bisitak baletozke bezala)

¡A! Hemen dugu Andre Bixenta, bere alaba pertxentarekin. ¿Nola gera, nola?

(Ama alabei musu ematen balie bezala)

Egunetik egunera panpoxago zaude.

(Aulki luzea eskainiaz)

Eseri bitez, eseri bitez.

(Bera lehengo besaulkian esertzen da)

Hementxe nengoen piper pote hauekin. Txingurri, gizaseme galbahe batek oraintxe ekarri dizkigu... Gizaseme galbahea, gure neskame Manuela Joxepak deitzen dio.

Guk ez; ez, ez ¡Txingurri! Ondo gizaseme egokia eta xaleroxoa da. Esango nuke.

Eta neskame bargasta horri berriz, etxeko guztiak "Manuela berritsu" deitzen diogu.

(besteak zerbait esan baliote bezala)

A, bai! Andre koipe-lustre hori, bere alaba makarrosarekin. Berriketan banan-banakoak dira; eta alabari dagokion mutilik ikusten badute berriz, ez da zezenik horiek bezala jarraitzen dionik. Gu behintzat ez gara horrela izan.

¡A, gure etxean, ez, ez! Baina ama alaba horiek, zaudete isilik, labezomorroak dirudite eta...

(Ateko zintzarri hots labur bat entzuten da)

Horiei abestu diezaiekete

("La cucaracharen" eresian abestuaz)

Labezomorro, labezomorro, ezin ibil liteke.

(Ateko zintzarri hots luzeagoa)

Ez bitez larritu, atea irekita du dontzeilak.

(Besteak zerbait esan baliote bezala)

¿Dontzeila guk? A, beti. Guk etxean beti izaten ditugu: "Dontzeilak, krabak eta txilibituak"

(Zintzarriak hots oso luzea)

Baina, ¿zer da zalaparta hau? Txintxarria porrokatzen behar dute.

(Atze aldera joanaz)

¿Ez al dakite etxean sartzen, ni sartu naizen bezala?

(Batetan geldituaz)

¡A! Oraintxe gogoratzen naiz! Sartzerakoan, neronek atea itxi dut.

(Aurreratuaz)

¡Ederra egin diagu! Ea, Manuela Joxepa izango da.

(Zintzarri hotsa oso gogor)

Bera da, bai. ¡Manuela berritsu! Senargaiarekin aurkituko zen; kontu potxoloak elkarri esaten hasiko ziran ; nire laztana, nire kuttuna, nire pinpilinpauxa... eta... eta etxera etorri, eta atea itxia... eta horra, nola, Manuela Joxeparen lardaskak jakin ditugun. ¡Harrapatu dugu!

(Abestuaz)

En el zapo tiene el anka En el zapo tiene el anka

(Zintzarri hotsa gogor)

Eta zintzarria, mingaina bezain arin dantzatzen du. Ba, ba, lehenbizi behintzat piper poteen tratua bukatu dezagun.

(Mahai ondoan poteak erakutsiaz)

Batzuek hogeita bost zentimo, eta...

(Zintzarri hotsa lehen baino gogorrago)

Eta... Berritsu!... Eta besteak berrogeita hemezortzi...

(Zintzarri hotsa berriz)

Zintzarri horrek buru guztia nahastu dit; ez dut ezer asmatuko. Onena izango da, nire piper poteak hartu eta galdetzera joatea.

(Piper poteak hartzen ditu. Zintzarri hotsa)

Banian, banian.

(Atzetik joaten da eta berehala garrasi ikaragarri bat entzuten da. Txingurri berriro atzean azaltzen da, eta Manuela Joxeparen antzera, marruak egiten ditu)

¡Aaaai! ¡Aaaai! Txingurri ikusi duelako horrela ikaratu, eta horrelako marruak atera. Elefantea agertu izan balitzaio, zer egingo ote zuen. ¡Aaaai! ¡Aaaai! Txingurri batengatik. Ni, eguneroko aurpegiarekin azaldu natzaio.

(mahai aldera urreratuaz)

Bai bada, eguneroko aurpegi... ¡E! Ezpainak gorritu ditudalako ote da!

(piper poteak mahai gainean utzita)

Orduan, andereñoak mutur gorrituarekin etxe honetara etortzen direnean, ¡zergatik ez da hasten marruka? Guk ere hori egin behar genieke. Neskatxa bat kalian ikustean, ezpain eta masail pintatuekin, ¡aaai! Hasi behar genuke. Neskatxa horietan iaioenak ere, ez luke bada nik baino hobeto pintatuko. Ezta alderatzeko ere.

(Zakutotik ispilua hartuta)

Begiratu besterik ez dago. Mutur hau... Ez luke hobeto pintatuko, ezta Morrillo edo Marillo edo zelako hark.

Baina, Manuela Berritsu ez dadin ikaratu, zerbait antolatu egin beharko dugu.

Berriz ere marruka ez dadin hasi, eztarria kraskatzeko zorian.

(Margoak hartu eta margotuaz)

Hemendik hasiko naiz. Hementxe puntu bat. Hemen enbidotxo bat, bost gehiago, hordago, kiero, bota... Bateko ezpata baino dotoreago jarri naiz. Orain piper poteak hartu eta han zoak Txingurri.

(piper poteak hartu eta atzetik lasterka joaten da)

Ezkutazapia jaisten da.
AMAIA




     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org