Artzai-Txikiya


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Altza'ko bertsolari zaarrak »  Artzai-Txikiya

Antonio Zavala. Alza’ko Bertsolari Zaarrak



ARTZAI-TXIKIYA



Artzai-Txikiya





«Jose Manuel zuen izena. Ez dakit zergatik, bañan Artzai-Txikiya deitzen zioten. Nongoa zan ere, ez det beñere entzun izandu. Bakarrik dakit Alza’ko Txurdiñene’n bizi izan zala. (1)

Bertsolari azkarra eta xuxena izan bear zuen, eta beregandik dabilzkigun bertsoak ere, ala erakusten digute.

Bertsolari askok bezela, lanerako gogo gutxi izan bear zuen; naiago izaten zuen kantari edo jokuan ari.

Txirritaren oso laguna zan. Bañan bein batean Artzai-Txikiya bertsotara deitu zuten; eta onek etzion Txirritari ezer abixatu. Andik laister, Txirrita boda batera deitu zuten kantatzera, ta Artzaia ere badirudi pozik joango zana gelditu zala, zergatik urrena ikusi zuenean, bertso au bota omen zion Txirritari:

Tripa-zakua bete bear du
gaztiak bere bolaran,
kaso geiago neri egin gabe
ez dakit nora jona dan;
besteren bizkarretik jatia
oi zeñen gauza ona dan!
soldata ederrak etxera ditu
bartarratseko jornadan!


Ta Txirritak onela erantzun zion:

Ollo erria mayian sobre,
ura ardozko asia!
jan-edanian izandu degu
nobiyuaren klasia;
aizu, tokaio, ez nuen uste
oinbestez kargu artzia,
baña aurriak erakusten du
nola dantzatu atzia. (2)


Txirritak askotan esaten zion «Ardi gabeko artzaia»; ta egun batean bertso au kantatu zion:

Artzai Txikiyak eman biaizkit
lau bat arrazoi fuertiak:
ire ardiyak nere soruan
eiten dituzten kaltiak,
iru lau aldiz eman zizkatek
punta berriyai kortiak...
itxiko dizkat zelaiko langak
eta zelaiko atiak!


Ta Artzaiak onela erantzun zion:

Joxe Manuel, emango’izkizut
lau bat arrazoi klaruak,
gauz ori zuri xinistekotan
biarko dute txoruak;
eztakit nundik sortu dituzun
zuk orrelako moduak,
nik artaldiak bezela ditu
Txirritak ere soruak.


Beste batean, Artzai-Txikiyaren aitagiarrebaren etxean ari omen ziran apaltzen Txirrita ta biak. Artzaiaren aitagiarrebari Kokotz deitzen zioten.

Bapo jan zutenean, asi omen ziran kantari, eta orduan esan bear Txirritak ardirik etzuela, ta bertso onekin erantzun omen zion Artzaiak, bere aitagiarrebaren aurrean:

Goizeko labak jo ordurako
ateratzen dek etxetik,
ardiyak eta mendiyak onek
maite dizkik biotzetik;
nik ardirikan ez diat baña
Kokotz guriak bazetik,
atera gabe ortxen zebillek
beti berien atzetik.


Orduan Kokotzek eskuarekin maia jo omen zuen, onela esanaz:

Alper pobriak sekula atarramentu onik atera ez, eta aterako ez!

Jokurako apiziyo aundia omen zuen, baña geienean galdu egiten omen zuen, eta zituan diruak galtzen zituanean, «Asko diat!» esan eta gelditzen omen zan.

Bere andrea agiñ ateratzen aritzen zana omen zan, eta jokuan galdu eta xoxik gabe gelditzen zanean, askotan esaten omen zuen:

Gure Jainkoak emango al ziok bat edo bati agiñeko miña!

Nonbait andreak dirua irabazi zai egoten zan jokora joateko.

Bestek puntua asi ta osatzen ere oso azkarra omen zan. Orrengatik, bein batean, jokuan danak galduta zegoan batean, Txirritak onako puntu au esan zion:

Zakurraren putza edo
ogei milla ezkutu
zuk zer nai zendituke
eskuan estutu?


Eta asnasia artzeko beta gabe, onela erantzun zion Artzaiak:

Ekarri itzatzu neri
ogei milla ezkutu,
eta zakurraren putza
naizun aña estutu!


Puntuak erantzuten orren azkarra zala ikusirik, ala esan omen zuen gizon zar batek:

Nik jarriko nioke orratik asmatuko eztuan puntua!

Jarri -akiok, bada! -esan zioten besteak.

Eta onela jarri zion: -Nere andre Mariñaxik bazeukak ollo lokia sokarekin eskallerari lotua anketik...

Ta Artzaiak onela erantzun zion:

Arroltzaren partez egingo dik ziriña gogotik!

Beste batean, Txoritokieta’ko ondoko baserri batean sagardotegian zeudela, Donostiar batzuekin kantari ari zan eta asarretu egin zitzaioten, ta onela bukatzen dan bertso au bota zioten Artzaiak:

Bein ondo xamar eltzen baditek
Artzai-Txikien tenaxak,
purrakatu ta puskatu arte
apartatuko enatxak!


Eta etxera Donostiarrak abiatu ziranean, ala esan zioten Artzaiak atzetik:

Juan ai, juan ai! Ni ateratzen banaiz bidera, kenduko dizkit sudurretako mukiak!

Lanerako gogo gutxi nola baitzuan eta gañera jokalaria, askotan gertatuko zan diru faltan, eta bein batean auzora joan zan bost duroren billa. Baña, nolanai ere, denbora aietan diru asko izango zan bost duro, auzoan ere izan ez eta eman ez.

Baña Artzaiak etzuen xinixtu etzutenik, eta bengantzaz bere sorotik ibiltzen ziran langa edo ataka itxi zioten.» (3)

Or goien jarri dan bertso erdi bat, osorik ere jaso izan det, beste onela ordea:

Motell, zertako dituk
orrelako xaltxak?
berotzen baldin banaiz
itxasiko natxak!
zer dirala uste dek
Artzaian tenaxak?
larrurik gorputzian
geldituko etzak,
izketa zikiñ ori
bestela muda zak!


Bertso au eman digunak, Ernani’ko Ereñozu ballarako Jose Oyarbide’k, Artzai-Txikiya Tximistane baserrian jaioa zala esan digu. Baserri au, Ernani’ko Latze ballaratik goraxeago dago, kamioaren ondoan, Goizueta aldera goazela. Oraindik ere segitzen du baserri orrek.



Bein batean, Donostia’n eztabaida sortu omen zan, zein ote zan bertsolari obea: Txirrita ala Artzai-Txikiya. Bosna juez jarri omen zituzten, ta Astigarraga’ko Tabla baserrian bildu omen ziran, emen sagardotegia baitzan. Egin zuten bertso-saioa, ta Artzai-Txikiya juzgatu omen zuten obetzat.

Andik denbora-puska batera, Artzai-Txikiyak Asteasu’ra joan da Pello Errota ta Txirritarekin topo egin omen zuan, ta bertso au bota omen zien:

Ni oiekin kantuan
jardun izandu naiz,
gaur ez naute tentatzen
lenago bezin maiz;
oiek uzkaltze’ituen
mutikua ni naiz,
berriz e pixkat fiya
gogoz asten banaiz! (4)




Urrengo bertsoa Artzai-Txikiyaren bertsoetan jartzen badegu ere, ez da gauza segurua berarena izatea. Badira Pello Errotarena, edo Xenpelarrena dala diotenak. Bañan Artzaiarena izateko itxura geiago dualakoan, emen jarri degu. Oso bertso ezaguna da Euskalerri guzian.

Gau batean, Artzai-Txikiya mozkortu ta bestek bizkarrean artuta ekarri bear izan omen zuten etxera. Atea itxirik zegoan ordea, ta orduan Artzaiak bertso au bota omen zion bere andreari:

Amaika t’erdik dira,
oraindikan goiz-ta,
jeniyo txarrak uzten
izugarri gaitz-ta;
kaballero moduan
ibillia naiz ta,
atea iriki zazu
nere andre maixtra!


Kaballero moduan ibillia zala, bestek aidean ekarri zutelako esan zuan.

Beste batzuek onela ematen dute bertsoaren bukaera:

atia iriki zazu,
nere andre maixtra,
urrenguan goizago
etorriko naiz ta.


Ta Jose Antonio Loinaz-Otaño apaiz jaunak Asteasu’n jaso zuanez, andrearen erantzuna ere bertsotan izan omen zan:

Orain al zatoz bada
zere desordenaz?
jokuan diru dana
galdutako penaz?
nik ere asko ez det,
zuk ere apenas,
konbidatuko zaitut
txanpontxo batenaz!




Alza’ko Mirazune baserrian sagardoa saltzen zegoan batean, Artzai-Txikiyak bere etxeko nagusia topo egin omen zuan, eta ez omen zuan bertsorik bota nai. Orduan Patxiko Amueder’ek atrebitu-azi omen zuan, bertso au botiaz:

Zarragoen esana
baita egiñ ere,
dakidala etzaitut
ikusi beiñ ere,
sekulan bezin sasoi
daukazu oraiñ ere,
artzai bertsolariak
baziran len ere.


Ta Artzai-Txikiyak onela erantzun omen zion:

Ondo billatu nazu
ikullu-zokua,
.............................
...................
artzaia zan Fernando
Amezketa’kua,
aik bazituzten bañan
ni naiz gabekua.


Ardirik etzuala, alegia. (5)



1897’gn. urtean, Oiartzun’go euskal festetan, bertsolari-sariketa bikaña egin zan. Amar bertsolari auek izan ziran: Pella Errota, bere anaia Juan Kruz; Esteban Elola, Asteasuarra; Txirrita; Saiburu; Lexo; Joakin Urbieta, Oiartzuarra; ta Artzaia, Alza’koa. Artzai-Txikiya, alegia.

Epai-maiean, beste zenbaiten artean, Pedro Maria Otaño zan.

Lenengo saria, biak berdiñean gelditzen zirala, Pello Errota ta Txirritak jaso zuten. Urrena Saiburu gelditu zan.

Argibide auek, Euskal-Erria errebistatik artuak ditugu. Bañan, zori txarrez, emen ere ez da Artzai-Txikiyaren izen-deiturarik esaten. Ta ala, bertsolari onen jaio ta eriotz-eguna billatu eziñik uzten gaitu, nundik lan orretan asi ez dakigula.

(1) Argibide auek danak, besterik abisatu arte, Txirritaren Illoba dan Jose Ramon Erauskin’ek idatziak dira.
(2) Bi bertso auek, eta urrengo biak ere bai, Txirritaren liburuan argitaratu ziran; bañan oraingo ontan diferentetxo aude.
(3) Onerañokoak, Txirritaren illobak idatziak.
(4) Ernani-Txikiya bertsolaria, Ernani.
(5) Manuel Sarriegi, Irazuene-goi, Alza.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org