 |
|
 |
 |
|
Antonio Zavala. Alza’ko Bertsolari Zaarrak
|
JOSE
GARMENDIA
ZABALA
(1885-1924)
Jose Garmendia Zabala, Arrues baserrian jaio zan, 1885’gn. urteko Martxuaren 25’an, goizeko ordubietan. Bataioan, Joxe Manuel jarri zioten, bañan bere denbora guzian, Manuel alde bat utzirik, Joxe esan zioten. Guk ere ala esango diogu.
|
Arrues, Alza’ko partean dago, bañan Donostia’ko Ategorrieta ta Intxaurrondo ballaretatik alderago gelditzen da.
Gurasoak, Jose Inazio ta Manuela izan zituan, biak Donostia’koak. Aitari, Inazio bakarrik esaten zioten guziak. Aitaren aldeko aiton-amonak: Domingo Garmendia ta Maria Josefa Bitoria, biak donostiarrak; amaren aldekoak: Esteban Zabala, Astigarraga’koa, ta Josefa Inazia Zugasti, Usurbil’koa. (1)
Bertsolari onetzaz emen esango diran guziak, beraren alarguna dan Eujenia Arrieta’ri, illoba Migel Garmendia’ri, ta illoba txikia Patxi Lazkano’ri zor dizkiet. Eskerrik asko!
Migel Garmendia, Joxeren anai baten semea da, ta Arrues baserrian bertan jaioa. Orregatik, osaba esposatu zan artean, berarekin bizi izan zan. Patxi Lazkano, berriz, Joxeren anai baten illoba da, onen andrearen partetik. Patxi au jaio ta bizi dan baserria, Otxoki deritzana, Arrues ondo-ondoan dago.
Auek esan didatenez, Joxeren familian bost senide ezagutu zituzten: zarrena, Pedro, Frantzia’ra desertore joan ta an bizi ta illa dana; Mikaela; Miguel; Joxe, gure bertsolaria; ta Migel Mari. Etxe artan jaiera aundia zioten, beraz, San Migel Aingeruari.
Joxe mutil koxkorretan asi omen zan bertsotan. Bertso zarrak ikasi ta kantari ari omen zan beti. Beiak larrera bota ta bera bertso kantatzen. Oso eztarri ona omen zuan, ta inguru guzitik nabaitzen zuten. Orregatik, Udarregi jarri zioten izengoitia.
Egun batez, amalau bat urte zituala, aitak etxearen izenean bialduta, malobran ari omen zan. Alza’n malobra esaten zaionari, bestetan auzo-lana esaten diote. Ta lanean ari zala, lagunak onela asi zitzaizkan:
I, Udarregi, bota zak bertsoa!
Joxek etzuan orduan bota, bañan biaramonean buruan pentsatuta ekarri zuan, ta berriro bertso-eske asi zitzaizkionean, onela kantatu zien:
Anjel eta Bixente,
Buztiña bestia,
mozkortu arte tabernatik
ateratz’eztia;
ikasten pasa dute
juan dan astia,
alare geiago da
Udarrei gaztia!
|
Gero zeatzago adieraziko danez, Joxe Altunaene’ko marmol-fabrikan egiten zuan lana. Egunez aritzen zan, Orregatik, bertan bazkaltzen zuan, ta bere illoba Migel joaten zitzaion bazkariarekin. Babarrun gorria ta aragia patatarekin-edo izaten zuan. Tripa bete beintzat.
Apalondoan, guziak katillu aundi bana esne artzen zuten Arrues’en. Katillu oiek, barrendik zuriak ta kanpotik buztin-kolorekoak izaten ziran.
Garai artan, amairu lagun biltzen ziran maiean. Ta guziak batetik artzen zuten jakia; platerik etzan artean usatzen.
Joxek, gauero, oiera baño len, oñak ur beroarekin garbitzen zituan. Su ondoan tupi aundi bat egoten zan beti ur beroarekin.
Udaran, apalondoan, kanpora ateratzen ziran, gau-giro ederra zegonean, preskura artzera. Aurrak garo gañean etzanda egoten ziran. Gau batez oso illargi ederra zegoan, da Joxeren illoba Joxe Marik onela galdetu zion:
Osaba, zenbat bide dago emendik illargira?
Joxek orduan zerbait erantzun zion, bañan gero, gai onen gañean, zortzi bat bertso jarri zituan. Bertso oiek galduta daude gaur, Joxeren illoba Migelek eman dizkigun puntu auek izan ezik:
Mutil koxkor batek galde
egin ziran lenguan
emendik illargira
zenbat bide daguan;
i baño bizkorragorik ezpalego,
ez litzake gerra asko
izango munduan.
|
Joxek asko irakurtzen zuan; tabernarako gizona etzan, bañan irakurtzeko bai. Bi edo iru periodiku pasatzen zituan. Oso memoria ona zuan, ta guzia buruan gelditzen zitzaion.
Aotik aora bertso kantatzeko etzuan balio; jartzeko bai ordea.
Jarri zituan bertso-sail guzietatik, bat bakarra inprentatu zuan: Gerra Europea’ri jarri ziona. Beste guziak, kuaderno edo album batean idatzita gordetzen zituan.
Il zanean, ordea, alargunak erre egin zituan aren kuaderno ta paperak. Orain onela esan digu berak:
Ez nituan erre egin bear, bañan erre egin nituan! Eztakit zer ematen zidan orduan aren paperak ikusteak!
Penagarria da, bañan ez arritzekoa. Izan ere, alako eriotza izan zuan Joxe gizagajoak!
Liburu ontan jarri ditugun bertsoak, len esan bezela Joxeren illoba diran Migel Garmendia ta Patxi Lazkano’ri zor dizkiegu. Jaunari eskerrak, osabaren eskuz-idatzi batzuk etxean gordeta zeuzkaten, aren oroipengarritzat.
Bañan beste bertso asko ta asko galdua da, zoritxarrez. Galdutako jarri-aldi oietako bat, illargiari jarritakoa izango da. Beste bat, berriz, Alza’ko Zagategi baserriko idiari jarria. Idi onek, Erko omen zuan izena, ta iges egin zuan perra-tokitik, Egia ballaratik. Donostia’raño etorri zan; Avenida’ren barrena pasiatu zan; ango guardia ta ostalari bati izu-aldi ederra eman zien; denda bateko kristala autsi zuan adarrekin; ta, itz batean esateko, komeri ederrak jarri zituan, etxeko morroiak arrapatu zuan arte.
Ta Joxek, bertsoak jarri zizkion. Bertso oiek dakizkianik, ez degu iñon arkitu. Puntu auek, Txirritaren illoba dan Alza’ko Gazteluene’ko Jose Ramon Erauskin’ek eman dizkigu:
Atoz gaxua onera, Erko,
ta ezpâzu bertan iltzia nai
aguro salta bearko.
|
Txirrita ta Joxek alkar ezagutzen zuten, ura zarxeagoa bazan ere. Txirritak bein baño geiagotan aitortu zuan Joxeren doaia:
Ori gu baño geiago dek bertso jartzen!
Joxe, Alza’ko Garbera-goi’ko alaba zan Eujenia Arrieta Jauregi’rekin esposatu zan, 1923’gn. urteko Ilbeltzaren 10’an. Joxek, 37 urte zituan, beraz.
Andrearen aita ere, Andres, bertsolaria zan. Aren bertso batzuk, bildu al izan ditugun guziak, liburu ontan arkituko ditu irakurleak.
Orregatik, andreak zenbait bertso bazekian noski buruz, ta askotan, sukalde-lanetan-edo ari zala, bertso kantari asten zan. Ola somatzen zuan bezin laister, senarrak esaten zion:
Nola esan dezu? Kanta zazu berriz!
Ta ezagutzen etzuan bertsoa bazan, paperean apuntatzen zuan.
Egia ballaran jarri ziran bizi izaten, Eguzki-alde deritzaion etxean. Alabatxo bat izan zuten, Modesta, aita ezagutu ezin izan zuan alaba, ain zuzen. Gero esango degunez, aitaren eriotza, onek bi illabete ta erdi zituala gertatu baitzan.
Joxe, oso gizon ona omen zan; banaka-banaka ta nekez arkitzen diran oietako bat.
Iñoren kontrako itzik ez omen zuan sekula ateratzen. Broma ta umorea jarri bai; ori gustatzen zitzaion. Bañan itz txarrik iñork ez omen zion ezagutu.
Alargunak onela esan digu:
Eltzea geza bazegoan, etzan bera kejatuko; nik probatu artean, etzan gatza-ren faltik aitatuko.
Oso elizkoia omen zan. Esposatu baño lenxeago, onela esan omen zion bateonbatek:
Joxe, eliza gustatuko zaiona artu bearko dezu ba?
Ta Joxek:
Eliza gustatzen etzaion andre bearrik ez det!
Ez omen zion andreari gauza tristerik sekula aitatzen. Onela esaten zuan:
Etxean bakarrik dagoan emakumeari, etzaio desgustorik eman bear, bakarrik dagoala pentsamentu asko etortzen zaio burura ta...
Itz batean esateko, izan zuan errematea iñola merezi etzuan gizona zan. Erremate ori zer-nolatan izan zan, orain esango degu.
Len esan degun bezela, Altunaenea’n lan egiten zuan. Lenengo, makinan aritzen zan; gero enkargatu jarri zuten. Bañan olako kargurik eman ez bazioten, obe zukean...
Lendabiziko ez-bearra, Alza’ra joan zan batean gertatu zitzaion. Artean ezkongai zegoan. Illundu ondoren bueltan zetorrela, Buztin-txulo baserriko ar-eskalleretan, -orain ez dago an eskallerarik-, bateonbatek bazterretik atera ta brusa dana labanarekin pasa zion. Etzion gorputzik ikutu, bañan eskapada latza egin zuan! Kolpea tira ta iges egin zuan arek, ta Joxek etzuan ezagutu illunpeetan.
Andregaiari etzion ezer esan; koñatari bai ordea. Ta onek ura urrena topo egin zuanean, onela esan zion:
Ola ta ola pasa da; ez al dizu ezer esan?
Orduan jakin zuan andregaiak pasadizuaren berri. Ta ori ola gelditu zan.
Altunaenea’n baziran lau langille, beti apustuan zebiltzanak eta lanerako batere gogorik etzutenak. Oiek ziran Potxolo aizkolaria ta bere lagunak.
Oien jokaera auxe zan: apustu zanean, jai; astelenean, jai; asteartean, jai; ta asteazkenean lanera etorri. Iru edo lau astetan ori egin zuten. Ta nagusiak onela esan zion Joxeri, enkargatuari alegia:
Berriz ola egiten dutenean, bial itzazu, etortzean, neregana!
Ala, nagusiagana bialdu zituan, ta onek lanetik despatxatu zituan. Aiek, ordea, Joxeren kulpa egin zuten, arek esango ziola ta au ta ura.
Ala, beren artean zotz egin omen zuten zeñek ilko zuan. Lenengo, biri tokatu zitzaien; gero biak bata bestearekin egin zuten, ta Joxeren jaiotetxearen auzoan morroi izana zan bati tokatu zitzaion.
Urteberri egunarekin, illunabarrean, Joxe, Egia ballarako Ttonttorre zeritzaion tabernara joan zan. Emen bertso kantari ari omen zan; ain zuzen, berak etxeko katu bati jarritako bertsoak kantari. Bertso oiek liburu ontan arkituko ditu irakurleak.
Ta ortan lasai asko ari zala, zotza tokatu zitzaiona tabernaren atean azaldu zan, ta onela esan zion:
Joxe, atoz faborez onera!
Joxe kanpora abiatu zan, ta atea pasa zuan bezin laister, arek sabeletik labana sartu zion. Berealaxe jaso zuten, bañan esteak ebaki ta kanpora atereak zituan. Manteo’ko ospitalera eraman zuten, ta illaren bostean il zan.
Labana sartu ziona, muga ia pasian arrapatu zuten. Kartzelan sei edo zortzi bat urte pasa zituan. Andik atera ta bi edo iru illabete egin zituan bizirik. Bularretik-edo gaizkituta atera zala esan zuten. Dana dala, bereala il zan.
Besteak etzituzten arrapatu; Ameriketara-edo alde egin zuten.
Joxeren eriotza nola izan zan, bere alargunak txeetasun guziekin kontatu digu. Ona emen beraren itzak:
“Il zan eguneko bazkalondoan, ordu bietan, bateonbatek gure etxera etorri ta onela esan zidan:
Senarra bizirik ikusi nai badezu, zuaz aguro!
Alaba bi illabete ta erdikoa bainuan, aldameneko etxekoandrearengana joan nintzan, ta onela esan nion:
Aur oni erreparatu iozu, faborez!
Aren senarrak onela esan zidan:
Zuk etzenduan joan bear, Eujeni!
Erantzun nion:
Nik? Nik bai joan bear dedala, ta orixe bai joango naizela!
Ospitalera iritxi ta kuartuan sartu nintzanean, esan nion:
Joxe, ezagutzen al nazu?
Ezagutuko etzaitut ba? Orra neri egin didatena!
Bai, zuri egin dizutena, baña eztago erremeiorik! Orain, ori egin dizunari, barkatu bear diozu!
Geiago balitz ere barkatua dago!
Gero onela esan zidan:
Lan pixka bat egin ta beste ura ez eman iñori!
Beste ura ez esan; esan gure aurra! Sei utzi bazizkidazun ere, danak aterako nituan, bañan bakarra aixa aterako det!
Ori esanda, ixilik gelditu zan momentu batean. Gero esan zuan:
Begira: ni orain iltzera noa, eta senideak izan adiskide!
Bai, ta gu ere ilko gera; gu ere laister or gera zure atzetik!
Ta urrena esan zidan:
Azkenekoa izango da ta ekatzu musu bat!
Eman nion, ta etzan gozoa izan musu ura! Bañan gogor egin nion nere buruari ta etzitzaidan negarrik saltatu! Orduan goiak bea jotzen zuala iduritzen zitzaidan!
Andik pixka batera gora begira jarri zan, ta zurrunga asi zitzaion. Orduan atera egin nintzan. Andik ordu-laurden batera il zan.”
Eriotz ori, 1924’gn. urtean, Ilbeltzaren bostean izan zan. Joxek 38 urte zituan.
Geroztik berrogei ta lau urte pasa dira. Ala ere, Joxeren alargunak, agur esaterakoan, onela esan zidan bat-batetan:
Mesede bat eskatu bear dizut!
Nai dezuna!
Ez ekarri neri libururik!
Zer ba?
Dana berritzea litzake ta ez ekarri neri libururik!
(1) Alza’ko 7’gn. bataio-liburuan, 244’gn. orrian.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |