|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
Bigarren saioa
Pilar, Teresa eta Nati.
Pilar.- Ez gara hain gaizki; gure neskatilek kementsuak eta adikorrak dirudite...
Nati.- Ari denak beti zerbait atera ohi du.
Teresa.- Zerbait bai... Kopetatik izerdia bada ere.
Nati.- Ongi isuritako izerdiak ogia du berekin. Hau da Jainkoaren gogoa.
Pilar.- Baina, ez nago asebetea guztiekin; gauza bat ikusten nago hortxe, zuek ez zineten benturaz ohartuko.
Teresa.- Ni ez.
Nati.- Zer da, bada?
Pilar.- Karmen Bidegain ez dut aurkitzen lehengoa; neska horrek badu zerbait; negar begiak dauzka gaur.
Teresa.- Irudipenak.
Pilar.- Bai ote?
Teresa.- Umezurtza ez da hori?
Pilar.- Bat ere ez luke galduko. Duen amak ez dio aspaldian mesede handirik egin. Ama ona, gauzarik onena izango da, baina, ama txarra...
Teresa.- Gauzarik txarrena.
Pilar.- Oso. Karmenek etsairik handiena bere ama du.
Nati.- Eta, zuk nola dakizu hori?
Teresa.- Benturaz ezer ikusi al diozu?
Pilar.- Karmenen ama lehengoa ez dela badakit; eta hau nahigabetua dagoela bere begiek diote.
|