|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
6garren saioa
Simona eta Axentxi
Axentxi.- Andre honi ez dio on handirik egin ni zurekin etortzeak; uste dut ez naizela oso bere gogokoa.
Simona.- Lagun bila horregatik joan ote da bada?
Axentxi.- Begira gero... hauek asko ikasita daude eta… Bakarrik utzi beharko ditut.
Simona.- Ez horixe behintzat. Ez zaitut asmo horretan ekarri.
Axentxi.- Begira gero, Simona. Ea uste gabe gure asmoak oker irteten zaizkigun.
Simona.- Ez dago beldurrik. Zuk, Axentxi, nire esana egin. Ez gara galduko.
Axentxi.- Agindu, bada, Simona, laguntzaile izango nauzu beti.
Simona.- Zuk gaur nire kalte eta haien alde hitz egin; nik neure buruari eutsiko diot gaurkoan behintzat. Zuk haien iritziei jarraitu beti; horrela kenduko dituzte zuregan egin dituzten susmo txarrak.
Axentxi.- Ongi bilatzen dut. Nolanahi ere, bidez edo bidegabez, zure alaba beti zurea izango da, eta guztien gainetik dago beregan daukazun eskubidea, nahi duzuna egiteko.
Simona.- Egingo dut, bada, Erromak berak debekatzen badit ere. Zuk ongi diozun bezala, nire alaba nirea da, eta nik nahi dudan bidetik joan behar du. Atzo zuk eman zenizkidan berri onak asko ditut. Horrelako irakasbidea ez da galtzeko.
Axentxi.- Hori hala da bada. Zure alabak “han” nahi duena irabaziko du. Neska horren “saleroa” eta horrek daukan “eskola”, munduaren erdia txoratzeko adina badira-eta.
Simona.- Doala, bada. “Suerte” ona ez da nolanahi galtzeko. Horretarakoxe hainbeste urtean ikasten ibili dut. Irabazten hasteko ere badu garaia.
Axentxi.- Gainera, bere buruari begiratu nahi badio, gauza ona franko hemen ikasiko zituen, eta ez dago galtzeko.
Simona.- Emakumea! Erdi moja eginik daukate-eta; beldurra daukazu. Gizon bati begiratzeko kemenik ez du-eta.
Axentxi.- Utzi, utzi; begiratuko die. Hemen dira.
|