|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
10garren saioa
Karmen eta Ines
Karmen.- (Bakarrik, Ines belauniko) Nork eman dit niri bihotz hau? Eta nork, Jauna, jarri du hemen, bihotzaren erdian, Zuganako ixki eta behin ere ase ezin den egarri hau? Nork, Jauna, zuk ez bada? Sutan daukat bihotza. Zuk sutu al didazu, Jesus? Zu maitatzeko? Zu beti maitatzeko? Zu beste inor ez maitatzeko?
Hala nahi dut; hauxe nahi dut... Maitezko zure deia aspaldi entzun nuen; ez dit beste inork bultza losintxaz; Zuk bakarrik, Jauna, Zuk naramazu maitezko katez lotua...; Ez naza inork okertu; hori da nire bidea; hortik narama Jainkoak; hor dago nire zoriona... Baina hau zoritxarra nirea! Nire amak!... Nire amak, munduko lurraz nire bihotza estalita, itzali egin nahi dit hain atsegin zaidan zure maitezko sua.
Jauna, zuk zeuretzat hautu nauzulako, ama haserretu zait... Mundurako nahi omen nau…! Errukarria naiz, Jauna, errukarria naiz...! Zu bete-beteko bihotza eman zenidan... eta nork aseko dit zuk ez bada?... Zure deia da nire zoriona... Amak ez dit entzun nahi. Zeruak entzun biezat; bestela amak galdu behar nau...!
Ines.- (Altxatuta) Ene, Karmen; hori ez, hori ez! Amak ez zaitu galduko, nik Komentutik beti zure alde otoi egingo dut. (Laztanduta egon behar dute azkena arte)
Karmen.- Ai nire Ines maitea! Eskerrak bihotzetik...; baina nire ama ez da zurea bezala. Ai, ama baten alabak bagina...! Baina... (negarrez). Jauna, Jauna, nire kaltez nik zu uztea gertatuko balitz, zuk ez nazazula ni behin ere utzi, ez nazazula utzi...
Ines.- Ez zaitu utziko. Jaunak ez du nahi gu biok banakatzerik. Karmen, elkarrekin bizi eta elkarrekin hil...
Karmen.- (Geldi-geldi) Elkarrekin bizi eta elkarrekin hil.
Simona.- (Guztiz haserre eta zalapartan) Ez, ez; infernuan tokirik bada, hori ez, behin ere ez. (Besotik helduta astinduaz) Inesekin ez... deabruarekin bai… Deabruarekin bizi... eta...
Karmen.- Ama!... Jesusekin hil.
Oihala agudo
|