|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
4garren saioa
Axentxi eta Karmen
Axentxi.- (Beti losintxaz.) Nire izar ederra; ez daukazu gau galduaren itxurarik.
Karmen.- Oraindaino lo egin baitut... Baina nekatua nago oraindik. Atzoko hori gehitxo zen Axentxi. Arratsalde guztian gelditu gabe, zapata pare bat urratu nuen. Gauean “Lagun-arte”ko bileran ia guztia nire gain joan zen. Nire oinak eta nire eztarria ez dira gero burdinazkoak, Axentxi.
Axentxi.- Egia da; ez zara gehiegi behartu behar. Oraindainokoak ongi daude. Munduak ezagutu behar zintuen. Izar ederra lainopean ez da ezagutzen, Karmen. Gaur badakite izarra non dagoen; atea ez edozeini ireki. Zuk nahi baduzu, zure izena laster goian agertuko da. Bart gauean irabazitako txaloak, kaletik entzun ziren; eta izparringiak zure izena letra handiekin dakar. Laster zara erbestean.
Karmen.- Baina, nire amak, nahiko al du?
Axentxi.- Zure amak gaur ez du nahi, baina... gero..... eroriko da... nahiko du. Oraintxe esan dit, zurekiko lan honi ez diezaiodala utzi, eta ez diot utziko.
Karmen.- Eskerrak, Axentxi. Nire alde zenbat saiatzen zaren; zu izan ez bazina, ni honezkero komenturen batean “aburritua” nengoen.
Axentxi.- Hori ez. Ni ez izanda ere, zure amak ez zizun utziko; poliki! hori galarazteagatik ni bitarteko jarri ninduen-eta.
Karmen.- Bai zera esan?
Axentxi.- Hementxe, Karmen, hementxe; zu zure lagunekin bero-bero zenbiltzala, karta bat aurkitu zizula eta...
Karmen.- Ja, ja, ja! Anjelitaren karta, ni moja eraman nahian, ja, ja, ja!
Axentxi.- Hona deituta esan zidan: Axentxi, nire ume hori ia txepeldu didate beren moja-kontu eta txorakeriekin; jaietan har iezadazu zeure kontura, eta eraman burutazio horiek kenduko zaizkion tokira.
Karmen.- Ez nekien.
Axentxi.- Horregatik atera zinen handik.
Karmen.- Ondo kostata. (Atean deituko dute.)
Axentxi.- Zein dugu ordu honetan hemen?
Karmen.- Nik ikusiko dut. (Joango da.)
Axentxi.- Badaezpada ere, gorde nadin txokoan. (Baztertuko da.)
|