|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
6garren saioa
Ama-alabak
Simona.- Karmen, ordu onean zatoz.
Karmen.- (Sarreran) Joan al da?
Simona.- Ai! Beldurtu egiten zaitu zure onez eta beti zure alde dabilen andre horrek?
Karmen.- Ez dakit beldurtu ala lotsatu.
Simona.- Lotsagarri al zabiltza, bada, umea? Ez al daki, bada, mundu guztiak zu nola zabiltzan?
Karmen.- Mundu guztiak bai... (Bere artean). Amak ez gainerako guztiak. Baina, ama, horiek zein diren badaki; hutsarekin izutzen diren erdi-mojak.
Simona.- Ez zekinat, bada, horiek gehiegi ala gu gutxiegi izutzen ote garen. Pilar hona ez du gero hutsak ekarri. Zuk, berriz, amari ez diozu behar adina zeure bideen berri ematen; Axentxi, berriz, aspalditxoan dabil hemen hitz leunaz ni igurtzi nahian. Biok maltzur, oso maltzur ikusten zaituztet... eta... Karmen!
Karmen.- Ama! Baina zerk beldurtzen du? Behar ez den gauzarik ikusi al dit niri? Lotsagabe xamar nagoela, horixe.
Simona.- Hori egunero ikusten dinat; ez zaukanat inori galdetu beharrik. Baina, Karmen, kanpoan? hor kanpoan?
Karmen.- Kanpoan? Galde beza; ea inork behar ez den eran behin ere ikusi nauen. (Haserre). Jesus! Badirudi nabilela hor...
Simona.- Tira, Karmen, ez orain hemen harrotu. Bart noiz etxeratu zinen?
Karmen.- Ni?... Zeinek jakin behar du?
Simona.- Zure amak.
Karmen.- Oraindaino behin ere ez dit gauza horretan galderarik egin.
Simona.- Onegia naizelako. Ai, egunero hartu banizu! Bart non ibili zara?
Karmen.- Baina, ama! Ni ez al nintzen berorren aginduz gauero Axentxirekin ateratzen hasi?
Simona.- Bai, eta zorigaiztoan.
Karmen.- Bada, orain, hor konpon.
Simona.- Hor konpon ez, Karmen, hori ez; ama bati hori ez esan.
Karmen.- Pilar txatxu horrek zerbait esan dio.
Simona.- Ai Karmen! Ez nuen uste Pilar horrelakoa zenik. Pilar oraindik zure oin-arrastoan dabil, eta zure ibilerak nik baino hobeki neurtu dizkizu. Pilarrek maite zaitu benetan, eta beste egiteko gabe zure bila etorri da.
Karmen.- Ja, ja, ja, ja! Nire bila? Moja eraman nahiko nau. Ja, ja, ja, ja! Amets horixe daukat oraintxe buruan.
Simona.- Badakit amets hori zure burutik aspalditxoan ihes egina dela; bide horietatik gaur urruti ikusten zaitut. Baina Pilar gaur ez dabil horren bila; gutxiagorekin poztuko litzateke bera, eta zure ama ere bai.
Karmen.- Ama, ni nagoen eran pozik nago, eta Pilar bihoa beste txoroak atzipetzera, berorren alabak begiak zabal dauzka, eta ez du itsu-aurreko beharrik.
Simona.- Zabal dauzkazu bai; ordu txarrean zure amak zabaldu zizkizun aingeru batzuen eskuetatik aterata, etsaien besotan jarri zintuenean. (Joango da)
|