|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
9garren saioa
Karmen, Simona eta Pilar
Simona.- (Atean Pilarrekin hitz egiten.) Hara, hementxe dago bera. Karmen! Ea hau ezagutzen duzun. (Karmen oso harro eta gogo gaiztoz, “disgustu” handian jarriko da.)
Karmen.- Nik ez, eta ez dut beharrik ere.
Pilar.- Karmen, ez nauzu ezagutzen? Ez da harritzekoa, urte osoa ikusi ez garela. Gugandik urruti xamar ibili zara eta.
Karmen.- Lehenago urrutiratu banintz ez nuen ezer asko galduko; alferrik urteak franko galdu ditut han.
Pilar.- Alferrik, e? Orain daramazun bizitzarentzat bai, alferrik eta kaltegarri; han ikasiak lotzen baitzaituzte orain; bestela, gaur non zinen?
Karmen.- Ez dakit... Eta orain gaizki bizi al naiz bada?
Pilar.- Bai, Karmen; nik badakit orain nola bizi zaren, zure amak baino hobeki halere. Zuk ni ahaztu ninduzun; baina nik zu ez zaitut ahaztu, eta ez zaitut ahaztuko ere.
Karmen.- Eskerrik asko.
Pilar.- Zoritxarrean zure amak, benturaz on beharrez, (nik barkatu diot) andre galgarri baten eskuetan utzi zintuen, eta horrek, faltsukeria, gezur eta losintxaz betetako horrek, egin du zurekin nahi duena.
Simona.- Nahi duena ez...
Pilar.- Egia da; nahi duena ez, zuk utzi ez diozulako; baina haren asmoak hala dira; eta gaur ez bada bihar egingo du, bere mendetik ateratzen ez bazaitugu.
Karmen.- Egin dezala, bada, bere gogo hori, nirea ere horixe da-eta.
Pilar.- Baina, Karmen, ez duzu ikusten etsai gaizto baten eskuetan zaudela, eta etsaiak ez dizula behin ere gauza onik opa?
Karmen.- Nik badakit zeinen eskuetan nagoen, eta nire asmoa ongi erabakia daukat.
Simona.- Karmen, uste al duzu hau zure kaltean dabilela?
Karmen.- Alferrik dabiltza, ama, alferrik, alferrik eta alferrik. Berriz esatea nahi al du?
Pilar.- Ai, Karmen! Damutu behar zaizu.
Karmen.- Amen, bada. (Zanpa eseri, burua mahaiaren gainean bota eta bazterrera begira jarriko da.)
Simona.- Goazen, Pilar, alferrik da-eta.
Pilar.- Agur, Karmen.
Karmen.- (Ahopean altxa gabe.) Agur!
|