|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
11garren saioa.
Simona, gero Ana Mari eta Ines
Simona.- Lotsagabe gaiztoa. Ez nuen uste, ez, andre horrek horrelako ausardia izan zezakeenik. Besteren etxean sartu, gelan gorde eta ezkututik gure hitzak jaso, gero nahi duena egiteko. Hor ezagun da Pilarrek esan didan guztia egia dela. (Eskuak burura eramanda) Hau itsumena izan nuen nik, nire alaba Karmen, aingeru haien eskuetatik aterata, otso gaizto honen eskuetan jartzeko! Ai, hori gaur egin behar izan banu! Arren, nire gaiztakeriaren zigorra ez bedi erori nire alabaren gainera! Zigortu naza ni Jainkoak, baina salba bedi nire Karmen! (Atea deituko dute) Aurrera!...
Ana Mari.- Gabon digula Jainkoak.
Simona.- Baita zuri ere.
Ana Mari.- Ez dakit gogoratuko zaren nitaz, Pilarren aginduz nator; ni naiz...
Simona.- Ez esan, ez esan, zutaz ahaztuta ez nago-eta, zure esanaz ere ez.
Ana Mari.- Nire esanaz... zerbait gaizki esan badut, barkatu...
Simona.- Zuk niri egindako gaitzik ez dut behin ere gogoan; ondo egina bai; azkenekoa hementxe, nire Karmenen alde erregutzera etorri zinenean. Ez zaizkit ahazten zuk hemen esandako hitzak. Ai, Jarraitu banie!
Ana Mari.- Oraindik zerbait egin genezake. Pilar saiatzeko dago.
Simona.- Pilar gaixoa, onegia da guretzat; guk merezi ez bezala dabil gurekin. Gaur bezala orain urtebete ezagutu banuen bera, ez nuen orain horrela ibili beharrik. Jakingo duzu noski?
Ana Mari.- Berak esan digu guztia. Gainera periodikoak dakar, beste askoren artean zure alabaren izena. Bart hor egin duten hala-holako jai nahastu horretan aurren xamar ibilia izango da noski.
Simona.- Jainkoa! hori ere badugu!
Ana Mari.- Karmen gaixoa! Nork esan!
Simona.- Nork esan! Ikusiko bazenu!
Ana Mari.- Eta ez genezake bere alde ezer egin?... Zuk nahi izanez gero... nik uste dut...
Simona.- Ai, nire oraingo nahia berandukoa da! Lehen nahi izan banu!.. Lehen alabak nahi zuen, nik ez nuen nahi; orain nik nahi dut, baina alabak...
Ana Mari.- Saiatuko gara; nire alaba Ines badoa bere bidean, eta agur egitera bidaliko dut... eta nork daki?... Lehen hain maite ziren eta…
Simona.- Ongi deritzot, alferrik izango ahal da baina...
Ana Mari.- Laster arte, bada; Ines berehalaxe hemen da... (Biak albo batetik joango dira, eta berehalaxe bestetik agertuko da Karmen).
|