|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
HIRUGARREN EKINALDIA
Antzokia.- Egongelatxo bat.-Aurrena inor gabe.
Lehendabiziko saioa
Ama Frantziska bakarrik.
Ama Frantziska.- (Oblata erlijiosoen erara jantzia.-Gelan sartuta, mahai gainean dagoen idazki bat irakurtzen.-Bukatu eta mahai gainean utziaz.)
Beste bat... Hau lana! Ardi galduak ugaritzen doaz... Zer da mundu hori!...
Ai bihotza bezain zabal banu etxea! Samin zait lohituta datozen arditxo horiek ate ondotik bidaltzea...
Eta non jarriko ditut? Azkeneko ohea atzo bete zen. Urtero etxea zabaltzen goaz, eta beti toki bila... O, o!... Mundu galdu horren zipriztin ustelak, hainbeste lore eder eta garbi kutsatu digu...
Betor, bada, lore txigor hori... benturaz aingeru bihurtuko dugu...
Lastari hutsa asko zait niri... eta nolabait osatuko gara.
|