|
Antonio Amundarain. Lore bat loitan
2garren saioa
Ama Frantziska eta Axentxi
Axentxi.- (Atetik kanpora atezainari) Eskerrik asko..... (Aurreratuaz) Ez dakit kalte izango zaion Ama Frantziska, atezainak sartzeko agindu dit...
Ama Frantziska.- Ongi da... Ez daukat une honetan inorentzat ezkuturik...
Axentxi.- Eginkizun asko benturaz?
Ama Frantziska.- Eginkizunak buruz gain... ez daukagu denbora alferrik galtzeko... Osatu ezinik beti.
Axentxi.- Gazte askotxo dator?
Ama Frantziska.- Etxea bete... Ohe bat hustu baino lehen, zain ditut bi edo hiru.
Axentxi.- Ez al da hori benturaz, aukera behar bezala egiten ez delako? Barkatu biezat, baina... Uste dut kalean badabiltzala hemen dauzkatenak baino errukarriagoak, eta hauek jaten diotela haiek jan behar luketen ogia.
Ama Frantziska.- Andretxoa, ez dakit nor zaren, baina jakin behar duzu hemen itsu-itsuan ez dela inor sartzen. Hara, ikusi nahi baduzu, Gobernadore jaunak oraintxe bidaltzen didan idazkia... Etxetik ihes eginda, bere amaren aginduz, hor aurkitu duten gazte baten alde. Hori datorren bezala datoz besteak, eta hori hartuko dugun eran hartzen ditugu guztiak.
Axentxi.- (Idazkia irakurriaz). Ordu onean nator... Gazte hauxe dela bide igo naiz hona... Banekien bere amaren asmoa... Gai honetaz zerbait esan nahi nioke.
Ama Frantziska.- Esan iezadazu, bada...
Axentxi.- Berorren baimenaz, eseriko naiz?
Ama Frantziska.- Eseriz gero altxa egin behar da; zutik dagoena edozertarako dago. Alferrak deitzen digute guri, baina gehienean esertzeko asti gabe bizi gara. (Atean deituko dute, eta irekitzera doala). Hara gu nola bizi garen. (Axentxik hemen ernai eta begi zorrotza eduki behar du. Atea irekitzean alboko gelan gordeko da).
|