 |
|
 |
 |
Eginlaria – Mañaxi; hamalau urteko ikaslaria; azpitik sardina saltzaile bezala jantzia, eta gainetik ikastetxeko soinekoa, txukuna baina ez oso apaina.
Irudigela – Langile-etxeko gela, egoki eta txukun, baina gehiegirik gabe. Mahaia erdian, aulki batzuk eta ispilu bat nahi den tokian.
Gertaera Donostian
Zirt edo zart
Neure buruari harrika
Eskolastika – (Galtzarbean ekarriko ditu ikastetxetik berez etxera ekarri ohi dituzten bezala, zorroa liburuekin, hegaldun edo bordaketarako zur edo bastidorea, eta eskuan hileroko on-gaitzen nota edo sari-papera. Oso haserre hasiko da hara eta hona…)
Orain hitz egin behar dut, bai horixe behintzat, mingaina bidean nahikoa busti zait eta egia mardulak ageri-agerian jarri behar ditut eta oso garbiro gainera. Hemen Jainkoak bakarrik entzuten dit, eta barren-barrengo minak atera behar ditut. Ez dakit bidean isilik nola etorri naizen. Nori esanik ez dut hor aurkitu eta eskerrak, bestela gaur trapu zahar guztiak argitaratuko ziren. Baina hemen nire etxean nago, eta nire etxean nik agintzen dut. Zer (tresna guztiak mahai gainean uzten ditu) uste ote dute? Nire bizkar barre egitea…? Ez gaurkoan behintzat… (Nota erakutsiaz) Hau da guztia, hauxe, nik hilabete honetan egin ditudan on eta txarkeria guztiak hemen daude errenkadan; eta hori ikastetxeko buru eta nire lagun guztien aurrean irakurri. Lotsarik handiena guztien aurrean eraman eta sari handi bat balitz bezala, paper zirtzil hau hartu eta, amari erakustera etxera. Zainetako odol guztiak irakiten, honek jartzen dizkit.
Urte guztian taxuzko nota batzuen atzetik ibili naiz; ikastetxeko nire egite eta ikaste guztiak hitz eder batekin izendatu nahi bada. Sobresaliente, horra sobresaliente!; horixe nahi bai, buruz gain eta azpi; baina alferrik, alferrik, eta alferrik berriz esanda ere. Alferrik ibiltzekotan berriz, gehiago ez noa ni mugitzera eta eseri egingo naiz. Zertako nekatu? Garestia da gaur izerdia nolanahi isurtzeko.
Gaur bildu dira ikastetxeko zaindari eta buruak, gu ere bai haiekin. Gorputz guztia inurrituta han egon gara, gaizkile batzuk bezala epai edo sententziaren zain han: -Rita Lertxundi – Oso ongi eta guztiek txalo jotzen diote, -Pepita Bastida, Oso ongi da- eta txaloak hari ere –Kristina Iraola- Oso ongi dagoela- eta, jakina, txaloak besteei bezala. Iritsi da nire aldia. Eskolastika Elizalde – Zu erdipurdi zaude – txalo bat ez, lotsa bai galanta; burua makur-makur egin, paper hau hartu eta amari erakustera. Bai amari erakustea (altxatuta), halaxe uste dinat. Aspaldi oinez ikasia naiz gauza horietarako. Ez al dit berak entzungo (atetik begiratuko du) Amari ez diot hau erakutsiko, eta ezta hurrengorik ere.- Burua kiskaltzen didan papera hauts egingo dut eta kito (haserre bizian apurtzen du).
Hila joan eta hila etorri eta horrela ni beti ibili beraz? batzuen barregarri eta besteen lotsagarri? Ez horixe behinik behin… Ez nago horretarako; zer uste ote dute? Nire amaren alaba ez dago inoren barregarri izateko; eta nire bizkar ez du inork gehiago barrerik egingo. Ikastetxerako ez banaiz, besterik ez bada sardina saltzeko adin izango naiz.
Bai enetxoa, hartan ere jakin egin beharra. Zeta eta lumez apaindutako txapel edo sonbrero politak ibiltzeko buru egoki asko aurkituko dira; baina ez sardinaz betetako saskia arin ibiltzeko. Horretarako lepazamarra sendoa eta hanka-zainak irmoak behar dira; eta Jainkoak emanda horiek baditut behintzat.
Hamaika lotsaizun nik eraman dut, nik merezi baino askoz gehiago; gaurtik asko dut. Ez dut ikusi ere nahi gehiago ez liburu eta ez beste tresnarik. (Burrundara handian zorrotik liburuak atera eta botatzen ditu, baita bastidore eta beste tresnak ere. Gela guztia nahastu, eta oso haserre alde egingo du esanaz:) Hor konpon; Bretxara eraman eta amak sal ditzake nahi badu; bestela Zurriolan behera bota ditzake. (Ahal dezakeen azkarrena agertu behar du sardina saltzaile eginik, saskia buruan duela, oso alai)
Zerbait ba al naiz? Bai noski. Datozela, datozela orain, lehen niri barre egiten zidaten horiek eta ikus dezatela hemen Eskolastika, eta Eskolastikaren saleroa (arin eta tente jira-bira batzuk egingo ditu) Ea orain zein garen gehiena. Hemen nire ondoan jarri nahi nituzke nire lagunak… Utikan; saskian dudan sardina bat gehiago da eta… (Oihuka); Bokarta, bokarta! (Hitz egiten) Laster Donostia guztia nire atzetik dut. (Oihuka); sardina handi ederra, sardina! (Hitz egiten) Leiho guztiak bat-batera irekitzen dira, eta alde guztietatik galdezka ditut. -Zer duzu, gaztetxoa? -Zer dudan? Itsaso guztia buruaren tontorrean, etorri, etorri; jaitsi etxekoandre, ea ikusi, ikusiz gero saldua daukat-eta. (Oihuka) Aukera, aukera! Bisigua eta legatza!; txipiroiak eta langosta! Bokarta-eta horrelakoa nork dauka? Sardina, urdin-urdina! (Hizketan) Hirurogei urteko atso buru zuri bat aurpegian adina zimur poltsan dituela hor dut galdezka -Zenbatean? –Zenbatean, etxekoandre? Gaurkoan debalde; asko dut propina eta hartu nahi duen adina. (Aurreko hitzaldi honetan, tarteka-tarteka, inor ohartu gabe bazterrera begira, aurpegian zerbaitekin arrasto beltz batzuk egingo ditu, eta une honetara iristean ispilura begira gelditzen da, esanaz:) Aaaaa…!! (Burutik saskia erortzen zayo) Eneee!!… Zer ikusten dut nik?… Ni ez naiz ni izango. Ni ez naiz ordea ni izango? Ama Korukoa, hau itxura jarri zait. Sardinen gesal eta txipiroien axota edo tintak hondatu naute ni eta nire soinekoa. Ez daude oraintxe nire lagunak niri begira, Ene, hauek arrain zikinak! Edozeinek esango luke itsasoan jaio eta haziak direla. Ez nuen esango uretan horren gauza zikinik izaten zenik; ikatza jan dutela dirudi.
Tokitara joan dira nire panparroikeria saleroak… Utikan (Saskia ostikoz botatzen du) horrelako zikinkeriarik buruan ez dut ibili nahi. Eguzkia bera ikusiko zen nire buru orraztu berrian eta orain txukunak gelditu zaizkit. Hauxe da, bada, neure buruari harrika ematea, zerbait egin nuelakotan, oso panparroi nintzen… Horra, nire harrokeria zapaldu Jainkoak, beheratu orain. Hau edo hori edo zer edo zer egin beharko dut bada… (Isilunea)… eta. Orain zer egin behar dut? Neure burua horren beheratua ikustea lotsatzekoa da biziro. Atzo apain-apain kolegioan eta gaur, mantal ertzak gerrian bilduta, oin hutsetan, sardinen koipea lepo-txokoan behera dudala, kale zahar horietan oihuka. Txantxetako gorabehera da alajainetan. Eta hori guztia zergatik? Hori guztia ikastetxean besteak adina ez naizelako. Hau oraindik lotsagarriagoa da berriz. Ikastetxeak lotu egiten nau eta bekozkoa jartzen dit. Sardina saltzeari berriz lotsa deritzot… Zer egin behar dun, bada, Eskolastika? Zer egin behar dun? Igartzen diot lan ihesi nabilena, eta hainbeste argudiorekin neure burua atzipetu edo engainatu besterik ez dut egiten. Hauxe da, bada, zer egin ezin asmatu. Zas!… Hauxe da, bada!… Zertara jo baneki!… Zirt edo zart bada…! (Zerura begira geldituko da, gero oso erako) Gaur zer, ni zer nabil? Nik ez al dezaket beste askok dezaketena? Nire lagunek adina kemen ez al dut bada nik haien neurriak ez betetzeko? Haiek beren ikaste eta eginbeharretan ongi doazela eta, nik haiei ez badiet jarraitzen, zeinen gain joango da? Eta zeinek galduko du? Jakina; nire gain joango litzateke noski.
Bada ez da joango, nik diot orain eta ez da joango nik nahi ez dut-eta. Zer bada? nik edozeini orpoz orpo jarraitzeko indar ezik al daukat bada? Laster ikusiko da Eskolastika zein den.
(Saskia hartuta alde egiten du eta oso azkar agertzen da aurrena zuen soinekoarekin. Ispiluan begiratzen, ileak zuzenduaz hasten da…)
Oraintxe naiz lehengoa. Gaizki esan dut, lehengoa ez, lehengoaren aurrekoa. Lehengoan sardina saltzaile zikin bat nintzen. Eta nire aurpegia gehiago koipe beltz horiekin ez dut zikindu nahi. Nire seta egiteagatik Jainkoak emandako edertasuna bera ia galdu nuen. (Lurreko tresnak bilduaz) Goxoa ibili naiz, alajainetan. Nik gaizki egin eta ni haserretu. Gaizki eginak hemen daude eta, hauek erraz bilduko ditut; gaizki esanak non ote dira? Ezin bildu zabaldu ziren-eta, Jainkoak ez diezazkidala gogoan hartu. Nire izar maitea (musu emango dio) zurekin lan egin behar dut. Nire liburu politak!; ikasi baino lehen apurtu zaituztet. Buru alferrak zuen orrietan ez du ikasiko ez Salomonen jakindea. Baina ni, ni banaiz behintzat, buru hau urratu behar dut eta atera behar dizuet azken-azkeneko deuntasun edo zumoa. Hasi behar dut benetan, oso benetan. Nire egitekoak zer diren badakit. Beste nire lagunei agintzen zaiena agintzen zait niri ere, eta gazte batek, batere zuzena izango bada behintzat, nahi eta nahi ez egin behar duena gogoratu ditzadan orain une batean. Lehenengo Jainkotia; bigarren gizabide edo kondukta onekoa; hirugarren ikaskorra edo ikasi zalea; laugarren langilea, eta azkenik txukuna. Horiek dira ikastetxean agintzen zaizkigunak. Han eta etxean, mendian eta kalean, gaur eta bihar eta beti egiteko; Kristau onaren izena galdu nahi ez badugu behintzat,… Jainkotia lehenengo. Jakina bada. Jainkozko gauzetan bero ez badabil, laster naiz aldapak behera betikotasuna, arima, zerua eta erlijioko gauzak uzten baditut, laster zabartu eta laxatuko naiz beste gauzetan ere. Elizkoia ez banaiz, plazazale nahi eta nahi ez. Bigarren gizabide edo kondukta ona gorde dezagula. Izen ona egite edo obra onek dakarte; egite onek ohitura onak, garbiak, auzoko mingain luzeei zer esanik jarri gabe. Hori egiteak, niretzat du onik hoberena.– Hirugarrengo gauza egin beharrekoa bada onen ikas-zale. Idazti, irakurgai, liburu onak eskuetan behar dira ibili maiz jakintsu izateko, ez lasaikeriazko kondairak, ipuin lizunak, irudi lotsagarrietan denbora irakurri. Ikasbide okerrak dira horiek. Laugarren egitekoa, esku lanetan bizkor, ernai, eta ugari; josten adabakietan, konponketan, galtzerdi eginean, ardatzean, garbiketan, surtako lanetan… ez pianoa jotzen bakarrik.
Azkenik eskatzen zaiguna da txukuntasuna. Soinekoa maiz adabakiz betea, baina garbia izan bedi; txukuna, neurrikoa, eskalki osoa ez erdi estaltzea, lepo-lepotik behe-beherainokoa. Oinetakoak egokiak, zelaiak, oinarri onekoak, ez basurde baten muturra dirudien takoiekin. Aurpegia goizeko ihintzak garbitutako marrubiak bezala, ispilu bat eginik; ez koipez, lerdez eta hautsez zikindua, ezta ere piper hautsez ezpainak gorrituta, edo matrailak almidoiaz margotuta. Ez, ez; gauzak txukun, baina soilak, berezkoak. Jainkoak eginda bezala… Hau ondo bidez agintzen zaizu. Asko beren aurpegiz aspertuta bizi dira, eta beste batekin trukatzeagatik, berriz jaiotzera jarriko lirateke noski – Jesus, bai ondo txoratu dela gaurko mundua. Si es mora tora, si no es mora nara…
Horra zer gauza ederrak gure ikastetxean agintzen zaizkigu; eta ez dakit zer haizek jo nauten ni, horiek utzita maldak behera hor hasteko. Jainkoari eskerrak ordu onean ohartu eta zentzatu naiz. Isil-isilik eta pozik gainera, lanari ekin behar diot, eta gogoratu ditudan gauzak arreta handian betetzea nire lana. Eta nolanahi ahaztu ez dakizkidan, eta besteren batek gorde nahi baditu ere, labur-labur hitz neurtu batean jarriko ditut:
Izan nai badezute
aundiak benetan
maitatu Jaungoikoa
bero biyotzetan;
garbiya gorde izena (fama)
zuen oituretan
susmorik jarri gabe
besten mingañetan.
Paper, dantza, teatro,
zine lizunetan
ez beñere denborik
ez galdu alperrikan.
Egunaz egin lana
lo berriz gauetan
ez or ontzak bezela
ibilli illunpetan.
Garbi, txukunak izan
jantzi guztietan,
tajuz gorputzak eta
garbi biyotzetan.
Au egiten dutenak
dira egiyetan
aundiyak Jainkoaren
begi-begiyetan
zeru-lurren aurrean
bai alajañetan
|
Garagarrilaren 24an, 1920an
A. A.
Antonio Amundarainen eskuizkribua
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |