Joxe


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Arzak Antonio »  Joxe

Antonio Arzak





Lagunakin batian
artalde antzian
Kuba-ra bota zuten
sarturik ontzian.


I



Kantauri itxasoko
arroka batian,
arrantzan ari nitzan
illunabarrian;
nola ez nekiela
nuen kañabela
autsirik, nabaitzen det
etxe bat zegoela
ur bazter-bazterrian
antxeta bezela,
t’esango nuke nere
begiyetan dela
an ezagutu nuen
amona Mikela.
Ximela, su onduan,
xarra ta itxua,
baña biyotza bero,
argiya zentzua,
eskuetan xintxillik
errosariyua.
Zer ta nola nebillen
esaten asia
nitzan, non bat-batetan
beterik atia
sartzen dan Pello, gizon
biziya, trebia,
burutik oñetara
egoki, noblia,
Mikelaren semia,
zer arrantzalia!...
Ta diosal elkarri
egiñ ondorian,
ixill gelditu giñan
pixkatxo batian...
ni begira... begira...
nola paretetan
ageri ziran iltze
kako muturretan
eskalaproi, zamarra,
otar, kulubixak,
sare, kordela, treza
ta aparejuak,
eguneroko ogiya
irabaztekuak,
menturaz, ai!,... betiko
galduaztekuak.


II



Illundu zuen oso,
bertan geldi nitzan;
Pello azkar zebillen
bat eta bestera,
biaramon goizeko
bere batelera
biar zituen gauzak
prestatu nayian;
ta... afari legia
egiñ ondorian,
preji arrai batekiñ
talo pusk’artian,
bildu azi ginduen
amonak onduan,
ta errosariyua
esaten asi zan.
O!... Ura nere poza
antxen, sukaldian,
jende umill aiekiñ
belaunikatzian!
Ez det sekulan egiñ
nik nere bizian
otoitz samurragorik
Jaunaren aurrian!
Pellori esan niyon
deitzeko goizian,
bere gela extua
eman ziranian
arratsa pasatzeko;
nik nuen argiya
zan antxiñ-antxiñeko
bildumen oriya;
ez dago zer esanik
oia txit txuriya,
pobria izan arren
osoro garbiya,
ala nola dan gure
lur maitagarriya.
An, buruki aldian,
nausitzat jarriya
gurutzia, onduan
Birjiña Mariya,
ur bedeinkatuaren
ontzitxo txikiya;
ta arontzaxiago
nabarmengarriya
arrantzalien Patroi
San Pedro aundiya,
alargunak amaika
kandel eskeñiya!...
Ta erramu adar bat
igartua iya,
estroparen batian
len irabaziya.


III



Irtetzen naiz leiora...
gau zoragarriya!
Mendiz mendi zetorren
nagi illargiya ,
ta denbora berian
itxaso aldetik
lañua geldi.. geldi,
loa banaturik!...
Erretxiñola asi zan
kantari sasian.
txit illun mintzaturik
bere jardunian.


Nork daki? Nik leiuan
ta ark arantz tartian
bakoitzak bere penak
zeuzkan biyotzian!...
Ta... lo ta lo kantatzen
auzo inguruan
amaren bat ari zan,
aiñ triste ordian,
non nik esango nuken
aurra magalian
zeukala betiko, ai!,
lo utzi nayian...
pentsaturik emengo
etorkizunian!...
T’itsas zokotik dator
berriro lañua.
baso, zelai, ibaien
maindire arrua...
Arratsa badijua.,
eta mendiz barren
ollarren gab’erdiko
kanta det entzuten...
Nuan... nuan ni ere
leiotik oiera,
beste mundu batian
amets egitera!...
Zeru ta lurrak dira
elkar katibatzen,
ta... amoriyuak du
guztiya betetzen.
Zaudete, aingeruak,
nere loa zaintzen!...


IV



Dan! Dan!
Or naiz, Pello.
Ez, jauna, ez, bego;
egualdi txarra dakar
t’egiñ lezake lo.
Bart nola esan ziran
goizian deitzeko
nator, jaiki ez dediñ,
aztu zaitalako.
Ondo da: itsasora
joango gera gero.
Berriz ere leiora
banua; goiza zan,
itsasuak arrua
aserria zeukan,
ta eguna argitzen
asi zuenian,
Abe-Mari ezkilla
mendi tontorrian,
ermita zirudien
etxetxo batian.
Lodi zegon lañua
txara bazterrian,
ta ondoren aiziak
urratzen astian,
joan nai ezik trabatzen
zan ariztiyetan,
ala nola itxasten dan
untza paretetan.
Eguzkiya ondoren
ateratzen zuen,
eta txori txikiyak
ikusten nituen
nola txarako arbol
muturretan zeuden
gaubian nastutako
lumak orrazatzen,
ixill-ixill,... ekaitza


nabaituko zuten.
Jaixten naiz sukaldera,
t’an zegon amona;
bere aldamenera
alkitxo batian
joan nitzan, t’egun onak
eman nizkanian,
galdetu niyon iya
famili guztiya
tellatupe artan zan;
ta erantzun zidan:
Ez, jauna... Amerikan
det illoba Joxe;
bizi dala baneki
penarik ez nuke;
baña... a!,... gerratian
Kuba alde ortan
asko ill omen dira
bi urte abetan;
t’etorri diran pixkak
miñak galdurikan...
beren oietan daude...
illtzeko zoriyan!...
Ta...
Ez bedi estutu;
nork daki oraindik
etorriko ote dan
zori onez andik?
Etorri ta... zer dauka?
A... gizarajua!
Baleki zer mutilla...
umill ta prestua,
langille indartsua
eta onradua,
baña...
Zer esan nai du?
Aspalditxuan zeukan
ezkontzeko asmua,
t’ura neskatxa, jauna,
zeukan autatua!
Iya-iya besterik
ez bezelakua,
ona, argi, liraña,
goiko bordakua.
Jesus maitia!... - Zer da
gertatu ordia?
Joxek bere berririk
etzigun bigaltzen,
t’andik etorri batek
esan zigun emen
sutan sarturik beti
nola ibiltzen zen,
zergatikan iñoren
bildurrik etzuen;
beste egun batian
esan zigun berriz:
“Ill zala aitu nuen
makiña bat aldiz”.
Eta... au andregaiak
jakin zuenian,
eri jarririk, ill da
bi illabetian.
Ixilldu zan amona,
ni negon ixillik...
Etzan ezertxo ere
aditzen iñondik;
bakarrikan zetorren
an... borda aldetik
ardiyen bee luzia
pena banaturik.
Joxe-ren berririk ez...
neskatxa tristia!
Zer ote zan beretzat
orla bizitzia,
sufritzen egunez ta
sufritzen gaubian,


bakarrik pozturikan
amets egitian...
geiago sufritzeko
gero, esnatzian!
O, zenbat, zenbat aldiz.
bakarrik mendiyan,
negar egingo zuen
bildotxen erdiyan,
abek onduan eta
txoriyak sasian
kantari ta jostatzen
zeuden bitartian!...
Gaxua! Zenbat bider
egoten ote zen,
zorrotz, itxasoz arontz
begira... begira...
menditik bordara ta
bordatik mendira,
urrutira maitetzen...
eta erregutzen!
T’odeiak joango ziran
pasatzen gañetik...
ala non esperantza
bere biyotzetik!


V



Amonaz despeiturik
etxeratu nitzan,
eta uzterakuan
an mendi kolkuak,
aritzetan urrungaz
zeuden tortolluak...
nola jakiñ ziraden
zori onekuak
edo bakar utziyak
eiztarien suak!
Au biziya guria
mundu triste ontan!
Zenbat ta zenbat illak
gerrak bazterretan...
ta zenbat beragatik
kanposantuetan!...
Penak kalean eta
penak mendiyetan...
kezka eta zalantza
alde guztiyetan...
tristura... Gabonean
aurten... etxietan...
Eta Joxe?... Nork daki
oraindik bizi dan?...


1897-ko Abenduan.



Joxe poemaren argitalpenak:
Donostian, J. Baroja eta semearen moldizkiran. 1897.
Biblioteca Bascongada de Fermín Herrán. Antologia Bascongada.
Prosa y verso. Tomo I. Bilbao. Imp. y Enc. de Andrés
P. Cardenal, Banco de Esparia, 3, interior. 1898.
Leizaola’ren irarkolan. 1929. (Moldiztegi au Donostikoa zan.)







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org