 |
|
 |
 |
|
Antonio Arzak
Esnatze bat
(Bizente Arana jaunari)
Itsaso bazterreko arkaitz artean arkitzen nitzan arratsalde batean, lurreko atsekabeak arren ertz artaraño bultzaka bezela bialdua; guztia zan pakea ta ixiltasuna nere inguruan; baga txiki batzuek ill-illak zetozen; etzan antxeten txiliorik, eta nere aurreko ur soro eder arrek zirudien kanposantu aundi bat. Ala zan izan ere!...
Txapela kendurik, asi zan nere anima bere Egillearekin itzketan; eta, orla negoela, sufrimentua arpegian ondo ageri zuen emakume gaixo bat zetorren nere aldera, eguzkia baño ederragoko aur bat besoetan zuela. Jarri zitzaizkidan aurrean; ez ninduten ikusten. Nola ikusi?... Amak etzuen begiratzen zerura ta urera baizik; aurrak amari bakarrik; eta diot amari, zergatik aur arrek begiratzen zuen bezela etzaio begiratzen amari besterik. Nik ikusten nituen biak, eta iduritzen zait begira nagola, oraindik ere, nere aurrean pasatutako gertaera eder arri.
Arroka bazter batetik agertu zan bateliku koloka bat, eta, au ikusiakin batean, irten zan emakume arren barrutik deadar ikaragarri bat. Aurra, izuturik, asi zan negarrez; eta ixillerazotzeagatik ama asi zitzaion zerbait kantari, gogorik ezpazeukan ere. “Txoko ontara etorri eta emen ere penak! ―nion neregan(1)―. A!... Ikusiko bagenitu txoko guztiak, zenbat arkituko genituken!” Lo gozo batek artu zuen aurra; utzi zuen amak arroka baten gañean aingerutxoa; eta, esku batekin bere pusk oni eutsiaz eta bestea biotzera eramanik, jarri zan belauniko, zerura begira. Zer pasa zan orduan?... Zer esaten zuen emakume arren biotz ark?... Zer, arrokan, zerua goian ta lurra bean beste alderdirik gabe, arri gogorra seaskatzat(2) zeukala, lo zegoan aur arrek? Eztakit!... Eztakit! Baña nola biguindu, errukitu, poztu ta txoratuko etzan zerua, bi kriatura oek onela ikusita?
Bazijoan denbora, arratsa zetorren, brumak artu zuen itsasoa, eta zeruan agertu zan izar bat. Esnatzen da aurra bat-batean, farra dariola; eta, bere besotxoak luzatu ta goraturik, izar ura arrapatu naiean bezela, esaten du:
Aita! Aita!
Altxatzen da ama, ematen dio laztan estu-estu bat, eta aurrak artzen du lepotik. Orla gelditu ziran!...
Neri, burua esku artean neukala, zijoazkidan tantoka lurrera, oraindik ixuri ditudan malkorik gozoenak, esanaz:
O zer esnatzea aurrarena!
1883-ko Otsaillaren 26-ean.
Euskal-Erria, 1883.
(1) Euskal-Erria-k: neregain.
(2) Euskal-Erria-k: seaskatzak.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |