Legenartsua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Arzak Antonio »  Legenartsua

Antonio Arzak



Legenartsua



Eguzkiak betetzen ditu bere erraņu urreztuakin mendi-ibar euskaldunak. Arizkungo baso berdeak bagaritzen dira malsoro, udaberriko ifar aizetxoak mugierazirik, eta eziņ esan bezelako otseztiak irtetzen dira beren utsunetatik, non sortitza guztiak pozturik kantatzen duen: egaztitxoak, goroldiozko bere kabi biguņean; kolore dizdizarizko pixti txikiak, soroko belartxoaren gaņean; eta bere bide ezkutatian, erreka eziņegonak, zeiņa egaztiak eta pixtiak, belartxoak eta loreak, maitatzen eta besarkatzen duten maitekiro.

Zeiņ aundientsu ta polita ageri dan sortitza Pierres agota-ren alaba Mari ederraren begietan, zeiņak, Bozateko bere txaola zarraren leio batera irtenik, ikusten duen, zoragarriro, Jaungoikoaren obrea!

Bere gaitzik gabeko begiratua tinkatzen da aur baten jakin naiarekin aiņ ikuste aundigoitian, eta biurargitzen du bere arpegiak neurri gabeko poza; baņa, leiotik aldegiņik ikusten dituenean sukalde triste arren bazter batean bere gurasoak, zeiņen jazkai zatartsu edo zarpa zarren gaņean ageri dan legenartsuak eraman bear duten oial gorri puska, jendeak urrutira ikusirik beretaz itzul egin dezan; eta begiratzen diotenean, keeztutako paretetik zintzillik, limosna negarrez eskatzera dijoazenean zeiņ diran aditzera emateko jo bear dituzten oltxoai, badijoa bat-batetan likurta, kolore eta otsezti aen guztien mundu ura; Mariren arpegia txuspiltzen du doloreak; itotzen dute soillotsak, eta ixiltasun luze baten ondorean marmarizten du boz erbalarekin:

Ama, zeiņ zorionekoak diran basoetako egaztitxoak, jaio, elkar maite eta egaan libre ibiltzen diranak, iņori nazka eta bildurrik eman gabe! Zuk, legenartsu biurtu baņo len mundu eder ortan aen gisa bizi ziņanak, esan zadazu: zer da bizia?

Bizia -erantzuten du boz latzarekin Pierres agotak bere emazteari aurrea arturik-, bizia da martirioa; da gizonak, anima ta gorputza urratzen zaizkala, irago bear duen bide arantz-estali bat, zeiņa bukatzen dan neke bat bakarrik ezagutzeko gelditzen etzaionean; da Heren-sugea-ren aoak bezelako luzulo gartua, zeiņera erortzen dan jaiotzen danean, bere ondora sekulan allegatu gabe... Eztizu ezer balioko, gu geran bezela, legenartsu oraindik ez izateak, zergatik, osasunduna edo eria, gure alaba zera, ta zu ere arrapatzen zaitu gu doakabetzen gaituen madarikazioak. Gaztea, ederra ta birtutetsua zeralarik, jendeak alde egingo dute zugandik, izuturik; zure ametsak eztute pasa bear Bozateko barruti ontatik, non bakarrik maite dezakezun eta maiteko zaituen agota batek; erregutzen dezunean, zure orazioa joango da zeruetara beste kristauenetatik apartatua; eta, iltzen zeranean ere, atsedengo dezu lur apartatuan, zeiņaren gaņean gu bezelako doakabetuak bakarrik atrebituko diran beren malkoak ixurtzera, baldiņ bat bakarrik gelditzen bazaiote. Au da bizia, eta Arizkundik apartatzen gaituen ibai orren beste aldean jende zorionekoak bizi badira, Jaunak egingo zituen, dudik gabe, geok berakin konparaturik gure doakabea aundiagoa izan zedien.

Pierres! ―deadartzen du Mariren amak bizi-bizi―. Sufrimentuak erotzen zaituzte; eta, era batean osasundunak eta eriak maite dituela, gure animak esperantzaz beterik, eguneroko ogia ematen digun Ura ofenditzen ari zera; bizia, dala libertadearekin, dala gabe, beti da karga tristea bere suertearekin erakidatzen eztanarentzat. Gure biotz eta begiak ezpadute begiratu bear Bozateko etxadi ontatik arontzago, nork eragozten digu ordu guztietan Jainkoagana altxatzea? Bedeinkatua izan bedi Jaungoikoa eta egin bedi bere borondate santua!

***



Laņo-odeien trabes sartzen ditu eguzkiak bere erraņuak, ill-illean argiturik mendi-ibar euskaldunak.

Udazkeneko ifar-aize otzak mugierazirik, bagaritzen dira larri-larri Arizkungo baso orixtak; adarrak arrenkura dariote eta baso illunen erraietatik itzuli datoz otsezti negargarriak; orbelak, eroririk, zurrunbilloan dabiltza lurrean; egaztitxoak, kabiak utzirik, dijoaz errenkadaka; oraindik bizi diran pixti txikiak gordetzen dira arkaitzen eta aritz gerrien irriņarteetan; soroetako loreak eztira bizi.

Zeiņ damutsua ageri dan sortitza Mari, Pierres agotaren alaba ederraren begietan, zeiņak Bozateko bere txaolatik ikusten duen tristeki Jaungoikoaren obrea!

Mendien marmarizakiņ naasturik aize-bunbadak dakarzkite urrutian galtzen diran boza eta kanta penik gabeak, ujuju ta algara lasai pozez beteak, oekin elkar artzen dutela gero baņo gero alderago entzuten diran txistu-ttunttun soņuak.

Menditar pilla bat jai-eguneko arropakin dijoa Arizkungo eliza alderontz, nongo ezkillak, beren birunka ariņarekin, badiruri diosaltzen dituztela; Ureder izena duen baserriko Geretxanen ezkontza edo ezteiak dira, eta Geretxan au da, legenartsua eztalarik, Pierres agotaren alaba tristeari maititzak esan dizkana.

Jende talde iskanbillari ura alderatzen dator, allegatzen da... pasatzen da Bozateko aurretik; eta guztiak, izuturik bezela, apartatzen dute beren bista etxadi onetatik!... Bakarrik Geretxanek jartzen du ontan begiratze triste bat.

Bere begiak top-egiten dute Marienakin; eta au, naigabeak txuritua, sartzen da korrika barrena, arpegia bere amaren kolkoan gordetzera.

***



Arrats-itzalak biltzen dituzte geldiro, illunpean, mendi-ibar euskaldunak; zurrunbillo lodietan ari du elurra; aritz ostogabeak beren mugieran badirurite otzak dardarazten dituen defuntu zuri batzuek; bakarrik entzuten da baso barrunbean otsoaren auria eta ekaitzak puskatzen dituen adarren karraska.

Bozateko etxadi atsekabetuan zur-zutik daude legenartsuen bizitza illunak, eta esan liteke gauba beltzagoa dala an; gogorragoa otza eta tristeagoa aizearen soņua, zeiņari itsasten zaiozkan antsi dolorezko eta deadar negargarriak.

Erretxiņezko zuzi batek argitzen zuen Pierres agotaren etxolan dago Mari azkenekoetan oi arlote batean, jarririk bere begiak, aditzera ezin eman liteken samintasunezko azalkera batekin, aiņ laster bere onduan lantu pean arkitzen dan bere aman, non, kopeta esku artean duela, surik gabeko sukalde otzean eseririk dagoen bere aitan.

Oen inguruan San Lazaroko fraile antziņatar, eriari azkeneko sakramentuak eman dizkanak, esaten ditu boz-erdiro eriotzean daudenen orazioak, zurezko gurutze umill baten aurrean.

Aita ―dio doi-doia Marik bere konfesoreari begiratuaz―, bizia tristea da, baņa zer da ainbeste beldur ematen duen eriotza?

Eriotza, zu bezela Jainkoagan iltzen diranentzat ―erantzuten dio konfesoreak― da nor bere errira allegatzea neke gogorrezko bidaje baten ondorean; da gure anima apartatzea gorputz ustelkorretik, ala nola zure etxola gaixoan ateratzen dan, auts biurtzen dan aritz-gerri sukiņetik, zerurontz igotzen dan gar garbia; da gure gurasoen etxe atarian bidean loitu zaigun jazkaia kentzea, aingeruaren soņeko txuria jantzirik; da, aragi-kateak puskaturik, libre egatzea, betiraunde edo eternidade guztian zorionkiro atsedentzeko, au esan duen Arren kolkoan: “Zorionekoak negar egiten dutenak, zergatik berak izango diran konsolatuak!”

Marik jartzen ditu bere begi zorrotzak gurutzean; bere arpegi fedeak alaituan agertzen da aingeru baten poza: eta, far gozo baten erdian, eskeņtzen dio umilki Egilleari bere anima garbia.

Eta Pierres agota eta bere emaztearen malkoak ixurtzen diran bitartean beren biotzeko alabaren kopeta otzean, ala nola itz tantoak irristatzen diran arri-legunezko talluntza baten gaņean, gero baņo gero geiago ezkutatzen ditu elurrak Bozateko etxolak; aditzen dira otsoaren auria ta aritzen karraska; aizeak indar artzen du... eta daramatzi bere burrundaran, legenartsuen bizitza tristeetan barrena, zeruko otsezti eta esperantzazko oju bat diruditen konfesorearen azken itz oek: “Zorionekoak negar egiten dutenak, zergatik berak izango diran konsolatuak!”.(2)

(1) Onako au, Juan Iturralde Suit jaunaren La leprosa izeneko kontaeraren itzulpena da. Ona beraren izenburua eta eskeintza itzez-itz: La leprosa. Balada. A mi querido amigo el inspirado poeta euskaro D. Antonio de Arzác y Alberdi. Iruņeko Revista Euskara aldizkarian agertu zan, 1883 urtean.

Antonio Arzak jaunaren itzulpena Euskal-Erria aldizkarian azaldu zan, bere X tomoan, 1884 urtean.

(2) (Egillearen adirakia.)

Nafarroan, Baztango ibarrean, Arizkungo erri inguruan eta onetatik ujola edo ibaitxo batek berezia, arkitzen da Bozate-ko etxadia, non beti izan diran agotak, Oek, ala nola San Juan de Pied de Port-eko choubito izena duen eta Pirene mendietako bi egaletan arkitzen diran Euskal-lurreko beste erri txiki askotako biztanleak, bizi izan dira beti beste jendeetatik oso apartatuak eta beren arrazakoak etziranengandik gaizki ikusiak. Ezta gutxi itz egin agoten jatorri edo asieraren gaņean; baņa neretzat datoz, dudik gabe, orain milla ta irureun urteko legenartsuetatik, eta au bera da izkribatzalle batzuen iritzia, eta batez ere Rochas jaun jakintsuarena, zeiņak, Les parias de France et d’Espagne izendatzen dan oraindik orain argitaratu duen itzkribu-lan adiragarrian, esan liteke erabaki duela jolasgai au. Nafarroako Lege Zarrak dio: “Edozein dala legenartsu biurtzen dana, eziņ biziko da jende garbien artean, baizik joan bearko du beste legenartsu edo agotengana. Eta esango balu legenartsuak “Nere lurretan biziko naiz erri onen ondoan”, erriko biztanle guztiak egin bizaiote etxea erritik kanpora, onirizten duten leku batean. Berak duenarekin ezin bizi dan agotak eska beza limosna, etxeetan sartu gabe, ateetan oltxo batzuen soņuarekin deituaz, eta ez bedi kaleko aurrakin ta gazteakin jostatzen jarri, limosna eskatzen orla dabillenean. Eta erriko biztanleak eztizaiotela utzi beren aurrai agotaren etxera jostatzera joatea. Eta agota bera oekin jostatzen ibilli gabe gaitza etortzen bazaiote, agotak eztu kastigurik izango”.

Beste leku askotan legeak ziran Nafarroan baņo ere gogorragoak; baņa ez giņake justuak izango esango bagenu biotz gogorrekoak zirala egin zituztenak, bada lege latz oen bidez salbatu ziran ondorengo jendeak, denbora artan, aitetatik umeetara pasaturik asko zabaltzen ari zan gaitz izugarri ortatik. Legenartsu edo agotentzat, zeiņetan asko ondasundunak ziran, martiriorik gogorrena izango zan, dudik gabe, beste jendeetatik aparte bizi bearra.

Karidade santuak, zeiņa izutzen eztuten gaitzik izugarrienak, artzen zituen bere besoetan jende-elkargoak bere ondotik botatzen zituen gaixoak, eta San Lazaroko fraileak sartzen ziran eritegi aetan, gorputzez eta animaz lagundurik, berakin iltzera.





     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org