1
Dizdizariak, egiazkoak,
Jaunak zerutik botatakoak.
odeiak ura daukan bezela
euskal biotzak gordetakoak,
dira: malkoak!... Ixurtzen ditu
gau eta egun mundu osoak,
baña neretzat eztira iñon
Euskal-Errian bezelakoak!...
2
O erri maite maitagarria,
malko iturri guztiz garbia,
maitasunaren, sentimentuen
eta negarren kabi txikia!
Pena bat daukat! Siñista nazu:
zuri begira, ai!, etorria,
gaur edo bigar zu emen utzirik
zeruetara gabe joatia.
3
O Jaun aundia! Zer da Zuretzat
zeru ederra onat jaxtia,
ikusirikan nere erriak
dizun maitasun paregabia;
ikusirikan onen fedia
dena garretan irazekia,
ikusirikan, Aita laztana!,
zurea dala guzti-guztia?
4
Begirakitza zeru goietik,
zure Ama du bere jabia!
Beti elkarrekin izango dira
Euskal-Erria eta Maria!
Ta lur ontatik Amerikara
dijoanean euskal umia,
antxen darama bere kolkoan
Amatxo onen kutun eztia!
5
An, besoetan, aurtxoa zala,
euskaldun amak jarritakoa,
erakatsirik bere aurrari
Jesus esaten. Izen gozoa!
Erreguturik, kristau legean
ez bizitzekotz aingerutxoa,
ill dedilla, bai!... beso aetan.
Egin dezala betiko loa!
6
Orazio au zerura joanik,
zerutik dator malko tantoa;
eroririkan perla eder onek
esnatutzen du ume gaixoa,
eta ikusirik amaren negar
eta arpegi dolorezkoa,
aur txikiari jaiotzen zaio
beste perla bat ederragoa!
7
Azitzen dator; beste ama bat
irtentzen zaio bere bidera,
mundu ontako gauz on guztiak
maitagarriro agertutzera,
Jaun bat, Lege bat eta Erri bat
nola dituen erakustera:
mundurik mundu gure artean
sekulan illko eztan euskera!
8
O, nere Ama! Etorri zera
gaur gu Markinan laztandutzera;
etorri zera zure semeak
pozaren pozez txoratutzera;
etorri zera zure lengoko
atsekabeak txit aztutzera;
D’Abbadie jaun ta sari emalleak
malko batekin eskertutzera!
|
9
Baña... o Ama! Ama Euskera!
Zure semeak goaz iltzera;
sufrimentuak bialtzen gaitu
zeruan zutaz itz egitera!...
Sufritu degu aski, Amatxo!
Baldin gaiztoak izan bagera,
iltzerakoan zugana gatoz,
arren, gauza bat zuri eskatzera.
10
Ama Euskera! Ain ona zera,
aditu zazu gure erregua;
zure aurrean egiten degu
azkenik gure testamentua,
paper beltzean, malkoz bustirik,
gure eskuak izkribatua,
agoniako ordu estuan
animatikan jaiotakua.
11
Esan zaiezu gure aurrai,
gutaz galdetzen duten orduan,
gu ill giñala, ezin bizirik
Euskal Legea galdu damuan;
Lege santu au daukatela gaur
oitura onak beren barruan,
ta zu zaudela sekuletako
Jaunak jarria oen kontuan.
12
Esan zaiezu ill arteraño
bizitzeko, bai, mendi onduan,
erakutsirik, Ama garbia,
zer usteltasun dagon munduan
Esan zaiezu beren biotzak
idukitzeko beti zeruan,
ixuririkan malko tristeak
gure ezurrak diren lekuan!
13
Ama Euskera! Ama Euskera!
Orra non diran gure umeak.
Zer? Ez dituzu ezagututzen?
Negar, gizonak! Negar, andreak!
Negar, gizonak, lotsarik gabe,
lotsaturikan ez egiteak!
Biotza ere igartu digu
izandu degun doakabeak?
14
Ez milla bider!... Atoz malkoa!
Itzakin eziñ esantakoa,
zergatik zeran ixill-ixillik
izkuntzen izkuntz gaiñ-gañekoa;
zergatik zeran, o ur tantoa,
sentimentuen itsas beroa,
zeiñaren bagak mugitzen duten
gure animen ontzi gaixoa!
15
Atoz!... Zu gabe ontzi gaixo au,
ondar leorrez ingurutua,
eztakit nola joan al liteken
ikututzera zeru-portua;
baña badakit, malko batean
joaten bazaio umill sartua,
besoak zabal datorkiola
gure Jaungoiko errukitsua!
16
O nere erritar biotzekoak!
Ainbeste negar egintakoak!
Azi ditzagun zuzen aurtxoak,
erakutsirik gure malkoak!
Ederrak dira dolorezkoak!
O... eta zeñen baliosoak!...
Munduan orla bizitakoak
dira zeruan zorionekoak!
|