|
Antonio Arzak
Igeldoko menditik
errege ta bere amari(1)
Mendiyan arkitzen naiz,
mendiko semia;
eguzkia sarturik,
dator illargia;
zerua jazten dago
soñ dizdizaria,
dena da ixilltasuna,
guztia pakia.
Zer ederra dan gaba!
Zer zoragarria!
An Kantauriko perla,
Donosti gaztia,
festaz eta musikaz
bildurik jendia;
emen... au da musika,
o bakardadia!
Illun-illun basoa,
itzal baserria,
mendiyak inguratzen
laño maindiria,
otadia mugitzen
ifar aize mia,
urruti-urrutitik
beien zintzerria,
noizian beiñ entzunik
morroi-irrintzia,
txakur txikiak zaunkaz
|
zaitzen ataria,
erreka bat kantari
or, erdi gordia;
lotan, kolerik gabe,
itsaso geldia,
soseguz arturikan
bagaz asnasia,
eta guztien gañez,
konsolagarria,
mendiko tontorrean
gurutze maitia!
***
Ta Egillearekiñ
jarririk izketan,
diot: “O zenbat gauza
nere egunetan
gerta diran emengo
mendi laztanetan!
Atzo gerra, odola,
pena biotzetan,
kezka eta negarra
famili danetan,
ikara eta bala
kanpo-zelaietan,
arto, garien ordez
arantza lurretan, |
malkoa zenbait amen
begi tristeetan,
semeak ikusirik
illak bazterretan,
edo zanko-besomotz
eritegietan!
O!... Eziñ det pensatu
denbora aietan!
Arratsain! Mendizorrotz!…
Gaur, ordu abetan,
zeñen gozoro dauden
zuen kolkoetan
lo-lo gure aurtxoak
beren seasketan!
Utzi, bai!, dabiltzala
goxo ametsetan,
far-irria jaiorik
xamur ezpañetan;
ta ez bitez esnatu,
gero, anaietan,
odola ixurtzekotz
euskal mendiyetan!”
***
Ara Aieten ere
beste aurtxo bat lo,
zeiña Probidentziaz
umezurtz zan jaio!
Bere pensamentuak
lurra ez du gogo,
geiago da aingerua
erregea baño!
|
Nork daki, inozentzia
izanikan ego,
lotan zeruetara
ez ote dan igo;
eta an bere aita
laztandu ta gero,
amatxo poztutzeko
esnatzen berriro!
***
Ta gaba badijoa...
ta egun berria
badator geldi... geldi...
poz-penaz betia.
Alderatzen ari da
ia goiz-sentia,
baña artu baño len
etxeko bidia,
noan adoratzera
arri-gurutzia,
esanaz: “Nere Jesus!
Bakarrik aundia!
Izan zazu denontzat
miserikordia!
Bedeinka Españia
ta Euskal-Erria!
Bedeinka erregiña
eta erregia,
amak erakutsirik,
aur maitagarria,
“Jaungoikoa!” goizero
esaten asia”.
|
Donostian, 1889-ko Abuztuaren 5-ean.
Euskal-Erria, 1889.
(1) Con motivo de la llegada a esta Ciudad de SS. MM. el Rey D. Alfonso XIII y su augusta madre la Reina Regente Dª María Cristina, nuestro Director tiene el honor de dedicarles la siguiente poesía. (Euskal-Erria-ren adierazpena.)
|