27. irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Artola Pepe »  Lehorreko arrantzalea »  27. irudia

Hogeita zazpigarren irudia

XXVII

Lehengoak, Agustin eta Maria

(hau Agustinek eskutik helduta.)
Agustin Hona hemen bera.

Inazio (zeharka begiratuaz) Eta zer ederra den esker beltz hori!

Agustin Maria, esan egia denen aurrean; ez al da egia gizongaia baduzula?

Maria Bai eta bai.

Inazio (jendeari) Goian dagoena izango da!

Agustin Aditzen duk, Inazio? Esan berriz, Maria.

Maria Baietz.

Inazio Eta baietz esaten du!

On Juan Esango ez du, bada?

Agustin Eta ez da egia asko maite duzula?

Maria Berak ni baino gehiago.

Inazio Faltsua! Etsaiarekin zaude infernuan eta ni jartzen nau purgatorioan!

Agustin Ez al da egia, mutilak nahi badu, berehala ezkonduko zarela berarekin?

Maria Bai pozik; horixe.

On Juan Aditzen duzu, Inazio?

Pedro Arrazoi al genuen?

Inazio Bai, entzun dut; baina ez dut sinisten.

Maria Bihotzetik esaten dut, bada.

Inazio Zuk bihotzetik? (jendeari) Honek ez du bihotzik; bestela kortxozkoa da.

Agustin Eta nahi duk jakin zein den arrantza hau egiten duen suertosoa?

Inazio Esan agudo, amuz zulatzen eduki gabe.

Agustin Bada… hik gutxiena pentsatzen duana. Maria ekarzu bostekoa. (jendeari) Hau eskua, aingira baino leunagoa da! Eta hik (Inaziori) ere ekarzak bostekoa, horra biak itsasoko arrantza-obispoak elkartu; mutilzaharrek zerbaiterako balio dugu.

Inazio (adiskide) Egia al da ikusten nagoen guzia?

Maria Bai, Inazio, nire patroi handia.

Agustin Hain egia, nola den itsasoa gazia?

Inazio (pozez) Jesus maitea, Mariatxo maitea, lagun zahar maitea, berok maiteak…

Andre Terexa (leihotik) Zer da oihu horiekin? Txoratu egin al zarete, edo zer pasatzen da?

Agustin Betor, betor, amona-gaia.

Andre Terexa Hor naiz berehalaxe.

On Juan (Pedrori) Ondo konpondu dira.

Inazio Baina ikusten nagoen egia guztiak gezurra dela dirudi.

On Juan Kontentu zarete, e?

Pedro Egon litezke.

Agustin Erria kordela.

Inazio Hau poza nirea! Esan iezadazu berriz eta berriz; ez naiz aseko entzutez, nire izar ederra.

Maria Zurea naiz eta zuretzat izango naiz.

Andre Terexa (etortzen da) Beraz, konpondu zarete?

Agustin Konpondu? hautsiak al daude, bada?

On Juan Ea, aditu nire iritzia edo oraingo asmoa. Nola biak zareten nire ezagunak edo txit maiteak, ni izango naiz zuen apaidina, berori, andre Terexa, amaidina, eta zuek izango zarete testigu.

Agustin Jauna, hauek ez dute testigu beharrik.

Andre Terexa (Mariari) Orain kontentu izango zara?

Inazio Nik harrapatzen ditudan arrainik goxoenak zuretzat izango dira, maite nirea.

Agustin Errien banda! Noizbait garbi esango duk zerbait, lagun zaharra; eta lehenbizi izaten duzuen fruitua harra izaten bada…

Denak Zer?

Agustin Nik erakutsiko diot igeri; eta mielga izaten baldin bada…

Denak Zer, zer?

Agustin Nik botako dut putzura.

Andre Terexa Gizona, txoratu egin al zara?

Agustin Bai; ur gazitan bedeinkatzera, salitrea izan dezala.

Inazio Horiek ikarak pasa ditudan! Aizak, Agustin: eta zein da bada hor goian dagoen ezkongaia eta erregaliak ekartzen dizkiona honi?

On Juan A!… Horren zeloak zenituen? Bada hori da… ezagutuko duzu agudo.

Agustin Bai; deituko diot nik. (joaten da)

Andre Terexa Zu zara, beraz, Inazio?

Inazio Bai, andrea; zerbitzeko.

(Agustin eta Praixku azaltzen dira)

Agustin Hona hemen.Topo egin dut; bazetorren behera.

Inazio Hori al zen? Aitonen bat da hori.

Maria Bai, nire osaba da.

Inazio Orain konturatzen naiz zu maitatzea eta erregaliak ekartzea.

Praixku Kontentu zarete, e? Horrela, horrela, urte askoan.

Agustin Horrela badaude urte askoan, nekatuko dira.

Pedro (Agustini) Horrek behintzat harrapatu du arrain ederra.

Agustin Bai, dontzeila freskoa; eta nik hau baino gutxiago ez naizela esateko gaur, harrapatuko dut izugarrizko…

Denak Zer?

Agustin Izugarrizko lupia.

Praixku Ederki, ederki (jendeari) Hori arrantzale erreminta.

On Juan Orduak aurreratzen ari dira eta abiatu behar dugu.

Agustin Edan dezagun, bada, despeditzerako denak elkarrekin lehorreko arrantzaleen izenean; (jendeari) eta berok gustu badute, etorri txotx berria edatera, ez dago edan eta pagarik, neronek emango diet gaur pozik nahi duten guzia.

Pedro Abiatuko al gara, bada, etxera?

On Juan Bai, abia gaitezen; baina horretarako, lehenbizi, Inazio, aurreko jaun horiekin despeditu zaitez.

Maria Bai; jendeari agur egin gabe ez da ondo joatea.

Pedro Arrazoi du Mariak. (bitarte honetan andre Terexa eta Praixku hizketan atzeago egoten dira)

Inazio (aurreratuta) Jaunak…

On Juan Tira, segi.

Inazio Zereko…. zera…. eta… bai… eta…

Agustin Alde egin ezak; horretarako ere ez duk balio. Hiri dena bestek esan behar dik. (jendeari) Honek esan nahi duena da…

Maria Berak esan dezala.

Denak Bai, bai,

Inazio (aurreratuta)


Nola den hau izan behar
duena nire emaztea,
gustatu bazaiote, txalo
bat nahi nuke ematea;
eta onez, bada, beron
gaurko borondatea
kontentu geldituko da…
Lehorreko arrantzalea.

AZKENA








     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org