Motxa herrian


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Artola Pepe »  Motxa herrian

Motxa Herrian

Bakarrizketa
Elgoibarko Euskal Jaialdietan saritua

Pepe Artola

Liburu osoa PDFn

Jatorrizko bertsioa PDFn

Motxa Herrian
Bakarrizketa
Iruditegiak aurkeztatzen du Donostian Biltoki Zaharreko iruditegia. Azalduko da MOTXA baserritar ongi jantziaren itxuran.
Hau da lanbidea! Zer egin behar dut nik? Niri gertatzeko ez da asko hau ere, Mari Iñaxi eta biak elkarrekin atera gara goizean baserritik, hemen festak ikusteko asmoan, alai eta pozez, gazta, arrautza eta sagar batzuk otarrean ditugula, auzoko Pelliperen alaba hemen nola zerbitzen dagoen, hari emateko asmoan.

Hemengo edertasuna! Jesus! Bada ikusgarria franko.

Kale kantoi batean adiskide bat bilatu dugu eta harekin berriketan ari garela, pru-pru eginaz uste gabe etorri da halako artomutila edo gurpil asko dituen gurdi handi bat eta zart jotzen nau saihetsean eta txamarretik zintzilik han eraman nau hainbeste bidean; burrundararekin uxatu ditu guziak; uste dut oraindik segitzen didala; bada, han sakabanatu gara, eta ez dugu gehiago elkar ikusi: Mari Iñaxi gajoak zer egin ote du! Nik ikara pasatzeagatik sartu naiz ardo pixka bat edatera, eta handik atera naizenean jiran hasi naiz eta ikusi dut geldirik dagoela plazan lehen bezalako artomutil handi bat; niri iruditu zait lehengoa bera zela, eta kolkotik aterarik sagar panpandoja handi bat, tira diot hartzaren larruz jantzia zegoen gizon hari, hain indar handiz, non jo dudan begi ondoan, eta min eginda bezala utzi dut; orduan etorri zait zelatari bizar handi bat, eta besotik helduta arrastadan harturik dio: “Benguste segiro”.

Nik esan diot:

Otso larru con gurdi
zarrazt! a mi bulkar,
de la kolko mantzana
nik hartu eta tirar;
sin querer begi ondo
has hecho yo pegar
no culpa tener nara
a mí no castigar.


Arrastadan eraman nau arkupeko leku batera, eta han jaun haietako batek esan dit euskara garbian ea zer gertatu zaidan, eta nongoa naizen; nik kontatu diot guzia garbi, eta bizkarrean eskuarekin joaz esan dit:

-Adiskidea, ez estutu; hori ez da ezer. Eta arrazoia ezaguturik barkatu egin didate. Bai gizon ona huraxe! Nire poz harekin abiatu naiz kantari, eta bertso hau berari bota diot:

Eskerrik asko, jaun on,
prestu eta leiala;
banekien euskaldun
onak badirala;
estimatutzen diot
ezin esan ahala
niregatikan egin
duen eginahala;
Jainkoak osasuna
eman diezaiola.


Barrez-barrez, esan dit: Adiskidea, zoaz eta umore onari kontu egin.

Ni ere oso pozturik abiatu naiz nire atxoa bilatuko ote dudan asmoan, eta argi pila bat ikusi dut etxe handi batean, eta gizon bati galdetu diot: Zer da hori, infernua?

-Ez; hori da kafetegia.

-Kafetegia? Bada, hona ezkero, probatu behar dugu, bada, hori ere; sartu naiz barrena. Mutilak, hura jendeen emana! Bazen ginbela nahikoa han. Sartu naiz aurre-aurreraino eta eseri naiz deskantsu onean emakume lodi, aberats eta beste jaun baten ondoan. Hura usain gozoa! gure Mari Iñaxik baino hobea botatzen zuen lodi hark; honetan oihu bat egin dut: eup!..., eta etorri da gizon begi oker bat buru hutsik eta mantal zuriarekin, eta dio:

-Zer nahi du?

-Kafea...

-Zenbat?

-Pitxerdi bat.

Ekarri bitartean hasi naiz kantari doinu ederrean, berehala ingurutik hasi zaizkit sixt... sixt... eginaz. Zeinek egiten ote zidan begiratzeko altxatzerakoan, jotzen dut aldameneko mahaia zanba!, bota ditut ontzi guziak, zikindu zen señora lodi hura, gizonak bastoia altxatzen du ni jotzeko asmoan eta ni berari heltzera noala, hartu dut hanka azpian señora hura; denak zutik jarri dira, besteak borroka zelako itzuli; hango ontzi soinu eta garrasiak. Honetan etortzen da pintxe begi okerra, heltzen dit lepo zamarretik eta kafea hartu gabe arrastadan atera nau kanpora eta zelatari batek heldurik eraman nau berriro lehengo plazako zulo hartara; bidean zeladoreak esaten zidan "bestia, bestia", eta nik nioen “bai, bestea; lehen bat eta orain bestea”.

Lehengo jaun euskaldun hark berak ostera dio:

-Orain ere hemen zara?

-Ez nuen nahi, baina ekarri naute, eta kontatu nion berriro nire gertaera.

-Gizona, gizona, kontu pixka bat behar da izan, eta ostera barkatu egin zidan.

Bai gizon ona huraxe! Euskalduna izan! Barrez esan dit ongi ibiltzeko kontuz, eta bakean festak ikusteko.

-Bai, jauna, bai; eta berori gure baserri aldera etortzen bada, errege bezala maitatuko dugu. Gero hala dio:

-Adiskidea, zu euskalduna zaren aldetik, joan behar zenuke biltoki edo teatrora, han euskarazko funtzioak egiten dira.

-Baina, Mari Iñaxi bilatu behar dut lehenbizi.

-Agian han bertan izango da; eta tori esanaz, berak eman dit txartel hau (jendeari erakutsiaz). Jaunak, erdia emango nioke nire atxoa non den erakusten didanari. Gajo hura agian nire bila ibiliko da! (eserita daudenei.)

Berok ez al dute ikusi hemen emakume bat buruko mototsa eta abarkarekin? Berok ere ez? Oihu egitera noa ea zokoren batetik erantzuten duen. (oihuka) Mariñaxi!... Mariñaxi!...

Bai zera! Jaunak, nondik joaten da horra?...

Eta non egiten dute euskarazko funtzio hori?

Motellak, badago jendea hementxe komedianteen zain, eserita deskantsuan, lasai. Nik ere horra joan behar dut, bada; arranopola! (oihuka) Mariñaxi!... Mariñaxi!...

(goitik) Zer? hemen naiz.

-Hara. Aufa mutilak; axola gutxi orain niri! Hemen dagoen zulo hau izango da horra joateko atea; agudo sartuko naiz, bada. Adio, jaunak.....

(Apuntatzailearen kontxan buruz behera sartzen da, eta etortzen da Biltokiko zaintzaile edo akomodadorea, hark beso ondotik heldu eta eramaten du barrena.)

(Bukatu da.)
Jose Artola




     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org