Praixku


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Artola Pepe »  Praixku

Praixku

Pepe Artola

Bakarrizketa (1909)

Liburu osoa PDFn

Praixku

Bakarrizketa (monologoa)

Jose Artolak izkiribatua

Donostian J. Baroja eta Semearen Moldiztegian
1909

Jatorrizko bertsioa PDFn

Saiatuz gero,
zerbait da espero
On Eugenio Gabilondori donkitua
Iruditegian azalduko da Praixkuren baserri jabearen jangela edo komedorea. Erdian mahaia zapi zuriarekin eta gainean plater, botila, baso eta gainerakoak bazkaltzeko jarriak. Alde batean kutxa edo armairu bat jangeletan ohi diren plater, baso eta beste gauzekin, eta beren artean botila bat seinalagarri edo etiketa batekin. Egilea azalduko da goierriar jantzian: abarka, praka eta gainerakoekin. Burtina altxatzerakoan, iruditegia inor gabe; handik pixka batera sartzen da Praixku alde guztietara begira.


Praixku
Halere, halere: noizbait iritsi naiz Donostia paregabe honetara. Zer ederra den! Gezurra dirudi gizonak egindako lanak direla hauek. Bejondeiola hau horrela egitea pentsatu zuen joxemaritarrari. Guk masalastoa eta buztinarekin etxola zarpatsu bat egiten badugu, iruditzen zaigu beste munduko lantegiren bat egin dugula. Hemen ikusten diren gauzak, Jesus! ezin sinistu litezke bestek esango balitu; baina zeinek du politika edo talentua horiek guztiak buruan edukitzeko?…

Zorioneko San Tomas! Egun hau dela medio itzultzen gara gezur eta abar etxetik kale aldera, eta bapo… Urtean lau San Tomas behar genituzke izan, ez da egia?… (etxea miratuaz) Baina etxe honetan ez ote da inor? (oihuka) Eup… nor da hemen?… ez du inork aditzen?…

Ez dute lapur beldur handirik.

Etxe hau bera dela uste dut, bada, oker ez banabil, gure baserri jabearena; ba, ba! Etxe honetakoek ere San Tomas izango dute, atea zabal-zabalik utzi, zer edertasuna! giltza ateak berak dauka, eta hemen inor ez, hau mauka! Horra nola diren kontuak eta komediak, ni maizter naizela, neroni nagusien nagusi.

Baina lehen hasi naiz kontatzen eta… hemengo gauzak! joan Bolibarrera eta aaa...! Hango tranpiak, tronpetak, eta hango munduak ahoa zabalik. Joan kontxo edo kontxa deritzon horretara eta ooo...! Joan plazara eta ja, ja, ja! hura gustua: hango txorizo usainak berak balio du gure etxeko otordurik onenak baino gehiago.

Arrano, arranoa! Badago hantxe gauza ikusgarri franko; hango abarka, igitai, soka, poto, zintzarri, aitzur eta gainerakoak.

Aizkora batzuei begira nagoela bilatzen dut Joxe Zintzur, eta jorik honela bizkarrean diotsot (honetan jotzen du mahaia):

Eup... Kaixo, Zintzur? Zer modu inguru hauetan? Eta dio:

Ondo, mutil; zeinek esan baserritarrak garela, arranopola! mundu guziko aberatsek baino gehiago balio diagu orain; zer uste duk? eta “to” esanaz eman zidan akuiluaren kirtena adinako lukainka mutur bat, eta ogi opil guri-guri baten puxka. Hari kosk eginaz ari ginela, alderatzen zaigu erdipurdiko erdaldun kanta saltzaile halako bat, eta dio:

Buen apetito?

Eta hiri zer dik? Jango huke herorrek ere bahu; hik ere ezagun duk, bai, lukainka baino bakailaoa gehiago jaten duala, orain ere atze alde horretatik puska galanta daramak zintzilik. Marmar eginaz han joan zen. Ondoren bilatzen dugu Etxekalte deitzen dioten bat, eta zapla! lehenbiziko lana:

Kaixo, jaunak, hemengo aldi?

Bai.

Sagardo ona non dagoen erakutsiko dizuet nik. Eta esan eta egin, joan ginen Barbara-enera, eta hango funtzioak! Batek salto, besteak bertsoa bota, besteak kantatu... Honetan ari ginela, sartzen da Arbixa izendatzen den bat; aguadoa izan behar du; ordubetean hogei baso besterik ez zituen edan. Haiekin batean guk ere zipla eta zapla eragin puztu arte, eta ondoren bertsotan hasi ginen eta dantzan, eta hanka baten gainean jartzen eta... eta... ez dakit nik sagardo txarra zen edo ez zen; gaitz egin zidan, zoratu, itsutu, eta bestek airean eraman omen ninduten petril gainera. (Egoten da pixka batean pentsatzen)

Hango itsas aire freskoak burua arindu didanean, hasi naiz gauzen bila, eta aurkitu naiz ez piparik, ez tottik, ez diru eta ez ezer. Ez dakit ostu egin didaten, edo galdu zaizkidan. Hau miseria! Eta baserrira joan behar. Eta andreari agindutako feria? Eta hark jarriko didan mutturra!... Ba, ba, onena izango dut hemen dauden gauzak hartu eta etxera joatea, esango diot erosi egin ditudala... berdin hemen inor ez dago, eta ez du inork jakingo. Bai, bai, hartu eta aire etxera.

Lehen nituen gauzak bestentzat,
hemen daudenak niretzat.
Adio, jaunak, hau ez da bekatu.
(hasten da eskuetan zerbait hartzen bezala eta ostera gelditzen da).

Baina orain gogoratzen naizela:

Ez al da hobe ostutzea
baina neuronek ostutzea;
bapo hemen edan ta
tripa ondo guritzea?


Bai, bai, eta gainera egarri bat badaukat... Iruditzen zait sua daukadala barrenean; nola ez! lehengo ibilera txar haiekin erdi kraskatua nago, u...! (eztarriari karrakara eraginaz) Goizeko lukainkaren sainetea etortzen zait sudurretara; (hartzen du armairu gainean dagoen botila).

Ea proba dezagun zer dagoen hemen.

(Irakurtzen dio botilari txartela edo etiketa.)

Cariñena...! Cariñena? Oi! zer ote dugu hau? Aa...! nahiko du esan Arinena: beaz kontu hor eta honek egingo dit mesederik handiena...

Badirudi bertsoak somatzen ditudala; honetan ere lagun bat banu, abiatuko nintzateke, baina zer lagun hoberik Perinena edo Tarinena hau baino... ea, alimo, Joxe Jeolimo. Kontu hartu nolakoa ateratzen den. (Eztarriari bi edo hiru igurtzi eginaz.)

(Kantari)

Edan baino lehenago
nahi zaitut famatu
zori onean naiz ni
zurekin elkartu;
nire buru pisua
behar nazu argitu,
erremedio ona
zaitut nik aurkitu
txit gustura nahi zaitut
barrenera sartu. (Edaten du)


(Botilari begira egon eta gero esaten du). Hau mama...! Banekien nik errotulu polit horren izeneko edaria ez zela nolanahikoa... Bai sendoa dela, eztarrian marka uzten du. (Oihu edo erdi irrintzika)

Aupa mutilak... Hau ganga... Biba San Tomas (irrintzika) uju-iji-aja-jaa... Hau umorea jarri didana! Baina barrenak kiskali behar dituela dirudi. Berriz ere edango ez dut, bada, honela baltsamoa? Bai horixe, bai behinik behin.

(Kantari)

Bon vin, bon vin,
de bueno de viño

de la San Martin
. (Edaten du)


Bapo! Lehen baino sei koarto gehiago balio ditut; baina zer beroa den...! Lehen baino argi gehiago daudela iruditzen zait... Hau zorabioa... (Balantzaka) Hau hotzikara...! Eztarria sutan daukat!... (ikaraturik) Uste dut min egin behar didala; ez ote da hemen inor laguntzeko? Hauek tripako minak! Zer da hau?... Edari txarren bat edango nuen, ai... ai! ez nago ondo. (Oihuka) Joxe, Joxe, azkar...

(Bitarte honetan txamarrak eta beste arropak askaturik ibiltzen da arnasa fresko bila). (Leihoan) Hau haize gozoa senti da hemen. Zer?... Non nagoen? Nagusiaren etxean... Ez dela hau nagusien etxea? Ederra duk! (Aurreraturik) Noan, noan, hemendik lehenbailehen aberiaren bat egin gabe; bestela norbait etorri eta lapurtzat har ez nazan. (jendeari) Ez gero esan inori hemen izan naizenik; adio, jaunak.

Bon biraje. (Irteeran mahaia jo eta botatzen du gauza eta guzi).

Bukaera
Jose Artola




     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org