Ustez laguna detan


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Artola Pepe »  Ustez laguna detan

Ustez laguna detan

ta beste bertso asko



Pepe Artola



Auspoa Liburutegia 4
1961



Auspoaren bertsioa PDFn

Pepe Artola Elizetxea 1
Pepe Artola Donostian jayo zan 1864’garrengo Ilbeltzaren 4’ean eguerdiko ordubatean, ta San Bizente’n batayatu zuten.

Bere gurasoak, Manuela Elizetxea ta Ramon Artola, ainbeste bertso eder jarritako gizona.

Ama, ezkondu artean, aberats batzuen etxean serbitzen egondua zan. Etxe artako etxekoandrea, Josefa Hernaiz, Puerto Rico’n jayoa, aurraren ama-pontekoa izan zan. Andre oni Pepita esaten zioten ta jaio berriak ere etzun Pepe beste izenik izan il artean.

Bost anai arreba ziran, Ramon, Pako, Pepe, Manuel (zortzi urtekin il zana), ta Rosario.

Soldaduzkatik libre geratu zan. Orduko lege batek zion karlisten gerratean liberalakin ibillitakoen semeak libre zeudela, ta orregatik.

1887’garrengo Urrillaren 29’an Joakina Urkola Iraola’kin ezkondu zan San Bizente’n. Andregaya Zizurkil’koa zan, Zubiaurretxo deritzayon baserrikoa, bide zarraren ondoan lenengo baserrietako bat.

Burdeos’a egin zuten beren eztayetako jira.

Bi alaba izan zituzten, Rosario ta Modesta (bizi dana). Au jayo ta ogei bat egunera ama il zan.

Andik bi urte t’erdira, 1893’garrengo Uztaren 29’an, Santa Martaren egunean, Zarautz’en berriro ezkondu zan, bertako batekin, Gertrudis Gartxotenea Larrañaga’kin.

Azpeiti’ra joan ziran festak ikustera. Terraza baten kafea artzen ari zirala, beren aurrean bi asarretu ta burrukan asi ziran. Altxa da Pepe ta badijoa ayek apartatzera. Ta, ori ikustean, andreak pentsatu omen zun: “Bañan, zer senarra artu ote det nik?”.

Beste baten ere, Donostin, San Juan kalean, asarretutako bi apartatzeagatik, labana batekin atzamarkatxo bat egin zioten eskuan.

Seme alaba izan zituzten: Ramon ta Pepita (Plenzia’n moja bizi dana).

Pepe ta bere bi anayak (Pako ta Ramon) aitaren bizimoduari segitu zioten, linternero ta pintatzalle. Denda Puyuelo kalean (gaur Fermín Calbetón) zuten, gaurko Restaurante Rodil’en aurrean. Bakoitzak bere lana artu zun. Ramon linternero zebillen tellatuetan ta guzi. Pako dekoradoak ta orrela egiteko. Pepe, berriz, etxez etxe kristalak, ispilluk ta paretan papera jartzeko. Pintatu ta barnizatu ere bai. Langille batzuk ere izaten omen zituzten bere mende. Artista xamarrak izan bear zuten.

Bein aita ta iru anayak Frantzitik deitu zituzten Bayona edo Burdeos aldeko eliz bat pintatzeko.

Dendara jende asko etortzen zan kristal bat edo pintura piska bat edo beste edozer gauza eskatzera. Pepe bazegon, debalde ematea jakiña zan.

Azkenean emaztea bera joaten zan dendara errespetua jartzera. Alare, al bazun beintzat, andrearen ixilikan ematen zun.

Dirua ere eskatzen zioten. Bein bera baño goragoko gizona eskean etorri ta irureun edo lareun peseta aurreratu zizkion. Pepe pozik, goragokoak ere berarekin alako konfiantza zutela ta... Eman bazion eman zion, bañan diru arek etzun bueltarik izan.

Etxera ere bialtzen omen zitun paper batekin, ainbeste diru emateko. Gertatu oi zan, ori zekitenak gezurretan etorri ta eramatea. Andrea oso asarretu: “Ez, onera etortzen bada iñor, nik ez diot xentimorik emango.”

Andrea tente xamarra zan ta orri eskerrak. Bestela etxeko platerak ere emango omen zitun.

Emazteak askotan esaten zion: “Gizon au alako batean alkandorik gabe utziko dute.”

Ta senarrak: “Jaungoikoak beste aldetik lagunduko digu.”

Edo bestela: “Osasuna, lana ta pakea izango ditugu.”

Ta andreak: “Osasuna, lana ta pakea beste gauzik ez degu jaten.” Garai artan kanpoko jende asko sartu zan, Riojatarrak eta. Ordun esaten zun: “Bulebar-tik onuntz, Donosti; aruntz, Rioja.”

Babatxuri ta tipula sortak zintzilik zituztela, agertzen ziran. Orregatik erdera-zale xamarra zan bere alaba bati, orrela esaten zion: “Bañan nundik atera degu gure neska tipulera au? Gure alaba al da edo nungoa degu?

Denborarekin, kanpotik orrela etorritako batzuk, dirua egin ta etxe bat artu. Ordun andreak: “Oyek tipula saltzen etorri ta orra orain. Ta zer egin degu guk? Beti lan da lan, da beti bildurrez.”

Ta senarrak: “Iñoiz ezer faltatu al zaigu ba?”

Edo bestela: “Igualeko kontzientzi ederra daukagu”. Donostiko Bandakoa zan. Contrabajoa jotzen zun.

Galdetzetz zioten: “¿Zer moduz, Pepe?” Ta berak erantzuna: “Beti con-trabajo”.

Bein baserritar bat etorri ta galdetu zion: “Kontxo, Pepe. Ori izango da, ba, dagon instrumentorik aundiena?”
Ta Pepek: “Ez, badago aundiagoa.”
-Zein?
-Santa Mariko organua.
Violoncilloa jotzen ere bazekin. Orrela ibiltzen zan Kasinoan eta orrelako toki askotan. Garai artan radiorik etzegon ta maiz deitzen zuten, batez ere udaran. Bazkalondoan ordubietatik laurak arte, ta illuntzean zazpietatik bederatziak arte. Baita ere, garai artan oitura zan bezela, elizetan jai aundiren bat zanean.

Erregearengana ere joaten ziran, ta María Cristina erregiñak atsegin izaten zun Pepekin itzegitea ta aren ateraldiak entzutea.

Gitarra, berriz, etxean eta lagun artean jotzen zun. Berak asmatutako bertsoak kantatu oi zitun, gitarrarekin lagunduaz, Tolosan eta besteetan ere, teatro egitera zijoaztenean.

Orfeón Donostiarra’koa zan.

1903’garrenean Zaragoza’ra joan ta saria irabazi zuten. Joan ziran gero barrakak eta zeuden tokira. Ango tamborrak eta txibilituk ikusita, gogoratu zitzayen Donostiko tamborrada egin bear zutela. Besterik ez izan da batek erratsa bat erosi zun ta Esnaola’ri (zuzendariari) eman zion, arekin agindu zezan. Ta orrela ibilli ziran Zaragoza’ko kaleetan barrena. Andik aurrera erratsa zuten banderatzat.

Etorri ziranean, Pepe zan eskoba ura, dana kolorezko zintakin apaindua, eskuan zekarrena. Orrela sartu zan Santa Katalinaren zubitik barrena, jendearen tartean. Garai artan erri guztia joaten zitzayen estaziora ongietorria egitera.

1907’garrengo Garagarrillan Paris’era joan ziranean, bere denda itxi ta paper bat jarri zun. Jendea papera ikusi ta irakurtzera joaten zan, Artolaren etxean eriotzaren bat gertatu ote zan. Bañan irakurrita denak parrez. Alaxe zion: Cerrado por función.

Paris’tik etorri ta egiten zun: “Khi-khi-khi, khi-khi-khi,...”

Galdetzen zioten: “Bañan zer abil orrela?”

Ta berak: “Ainbeste zaldi-aragi jan degu ta trotia sartu zait.”

Beste toki askotara ere joan zan kantatzera: Bilbao’ra, Toulouse’ra, Barcelona’ra...

Bere denboran etzegon Donostian berak parte artu gabeko euskerazko komeririk. Soroarekin asi zan ogei bat urtekin eta etzan geldiru eriotza arte iya. Asi zaneko paperik gaitzenak eta luzeenak berari ematen zizkioten. Naikoa zan bera agertzea jende dana parrez asteko. Berdin ariko zan bere burutik asmatzen. Ordun jendea pozik ta oroilaria (apuntador) ta lagunak larri, ariari nundik berriz elduko zioten asmatu eziñik. Zenbat aldiz agertu ote zan jendearen aurrean, Jaungoikoak bakarrik daki. Donostian ez ezik, probintziko erritara ere maiz joaten ziran teatro egitera.

Bakarizketak egiteko izugarria zan. Orrela: Motxa erriyan, Xordo, Ixkiña Mutrikun,... Gerrikoa zintzilik ta eeeupaka agertzen zan ta jendea parrez.

Madrida joatea ere eskeñi zioten, ango teatroetan bizimodu ederra aterako zula, bañan... ¡bai zera arek bere Donostia utzi!

Guk dakigunez, iru komeri bere burutik asmatu zitun: Bixente, Xabiroya ta Legorreko arrantzaleak, ta bakarizketa asko ere bai.

Euskerazko kontuak ere argitaratu zitun. Laburrak bañan gatzaz beteta oso.

Bañan, euskerazko idazle edo iskribatzalle bezela, bere lanik onena bertsoetan dago. 1882’garrengo urtean, emezortzi urtekin, asi zan, liburu ontan ageri danez. Eunka ta eunka jarri zitun.

Beti bazun norbait eskean: “Pepe, au ta ura da ta bertso batzuk egingo al dituzu?” Beti bayetz esango zun ta bazkalondoan exeriko zan pil pil pil eskribitzera. Gabean ere bai. Besteak oyera ta bera lanera kinke baten argitan. Bein bañon geyagotan, ordu bik ta irurak arte.

Andrea erritan: “Argia gastatu ta burua nekatu besterik ez dezu egiten...”

Asmatutako bertsoak argitaratzen zitun batzuk kanta paperetan, ta geyenak orduko aldizkari edo revista ta periodikuetan: Euskal-Erria, Euskaltzale, Ibaizabal; Baserritarra, Tttun-ttun, La Brecha, Pueblo Vasco,... Novedades zeritzayonean erdera ta euskera nastutako, “Diálogos tomados al aire” atera zitun.

Aita Otaño’ren Suite Vasca’ren bertsoak ere Pepe Artolarenak dira. Usandizaga’k ere bere “Mendi-mendiyan” ekarri zion euskeratu zezan. An aritu zan lanean, partiturak aurrean zitula.

Bukatu zunean, Usandizaga’k urdai azpiko bat eta botilla batzuk erregalatu zizkion. Pepe pozik, zerua bera eman izan bazion bezela. Bere lanaz etzan oroitzen.

60 urteekin edo lenxeago, begi-lausoa (cataratas) izan zun eta lan egin eziñik gelditu zan. Marticorena’k operatu zun etxean bertan. Ederki atera zan. Pepe pozez zoraturik.

Iñork ez daki zer gertatu zan. Bein Marticorena etorri, bixita egin, begia ikusi, Pepe jeikita zegoala, ta joatean atea itxi orduko, asi zan Pepe: “Au erresumiña utzi nau, au erresumiña ta au erresumiña...”

Urrengo egunean medikua deitu. Begia libratu ta zer zan ura? Begi dana gaiztotuta. Marticorena’k galdetzen zion azkazala begian ibilli ote zun. Berak ezetz.

Suero eman bear zitzayola. Egunero amabi pesetako botillatxo bat ematen zioten. Orrela ogei bat egun.

Botikakoak galdetu zun: “Bañan au zeñentzat da?”
- Alabak: “Aitarentzat”.
- Aitarentzat?
- Bañan nola dago?
- Au gabe burua galduko zun.

Begia gero ta gaizkiago. Azkenean begia ustu zion etxean bertan, ta kristalezko bat jarri.

Ordun esaten bazioten: “Aizu, Pepe,...”, berak aguro: “Ez naiz ni, Pepe; orain Pe utzi naute”, begia siñalatuta.

Bañan beste begian ere lausoa zun. Gero ta gutxiago ikusten. Marticorenak esaten zun: “Pepe, operatu bearko degu...”, bañan len gertatutakoarekin bildurrez, beti gerorako utzi.

Denbora artan, Endaya’tik begietako mediku bat etortzen zan, Durruty. Norbaitek esan zien: “Zergatik ez dezute orrengana eramaten?” Joan ziran. Ikusi ta esan zun: “Operatzeko oso sasoi onean dago.” Ta Endayan operatu zun.

Ramon ta Modesta, Peperen seme alabak, egunero joaten ziran. Oso ondo zijoala ta oso ondo zijoala, bañan alako batean burutik berakoa (ataque cerebral) izan zun.

Endaya’ko estazioan zai zeuden, seme alaba oyek noiz azalduko ote ziran. Egun artan, Rosario, Peperen arreba, gaxo zegoala ta alaba etzan aitarengana joan.

Ala esan zion gero bere anayak: “Obe etorri etziñala. An zegon sei edo zortzi bat izai buruan zituala, odolez beterik...”

Ama erreuma-aizeakin zegoen, etxetik irten eziñik. Gertatu zanaren berri etzioten eman. Esaten zien: “Oi, orren egun gutxitako ez du ainbeste erropa biar ta zergatikan eramaten dezute?” Ta alabak: “Bai, bañan au ta ura da ta...” engañatzen.

Alaba joaten zitzayon geyena. Negua zan ta bein bufanda berde bizi xamar batekin joan zan. Alako batean aitak esan zion: “Atoz, atoz.” Beti aren ondo ondoan zegoan, bañan geyago arrimatzeko. Arrimatu ta: “Zer daukazu emen? Gauza txuria edo kolorezkoa edo?” Alabaren poza ura aditzean! “Oi, bai, aita, berdia da.”

Bista laburra gelditu zitzayon: ibiltzeko ta eskalletak jeisteko aña bai; irakurri, lupa batekin ta nekez.

Oraindik sei bat urte bizitu zan.

Goizean jeiki ta elizara. Donostiko parte zarretik ibillaldi bat egin bear. Mutillai patxentxik (1) ematen aritzen zan. “Pazientzia beti izan dezazun” esaten zien. Egunero San Bizentera. Ango Ecce Homo zarraren aurrean gelditu ta esaten zion: “Nere Exe Homo maitia - emaiguzu osasuna, lana ta pakia.”

San Bizente atarian dago lengo ponte zarra, bera eta bere denborakoak batayatutako pontea, berria jartzean atarira atera zutena. Arenganatu ta ikutu bat egiten zion, esanaz: “Nere batayoko pontia...” ta bertsoetan erregu bat egin.

Santu guziai ere bertsotan egiten zizkien bere erreguak: “San Francisco de Asís - bete gaitzazu graziz.” Eta orrela Santa Poloniari agiñetako miña kentzeko, Santa Inesi, Ama Arantzazukoari, Guadalupekoari,...

Oyek danak lengo oiturak zitun, bañan lanerako gauza etzala gelditu zanean, are geyago oraindik.

Egun guzian errosayua zintzilik. “Au zearentzako, au bestientzako, au anima gaxuentzako,...” Egunean auskalo zenbat.

Amaika aldiz esaten zien etxeko emakumeai: “Ez al dezute lana bukatzen?”
-“Zertarako?”
-“Errosayo bat errezatzeko”.

Askotan, emaztea lanean ari zala, bera atzetik
-“Zer biezu?”
-“Errosayoa errezatuko al degu?”
-“Orain mariatu nazu, gizona. Ez diguzu lana egiten ere uzten.” -“Ez asarretu, andre Gertrudis,...” Ta dantzan bere aurrean asi ta emaztea parrez. Etzegon arekin asarretzerik.

Ortzak ere erori zitzaizkan Peperi. Etzun berririk jarri nai izan. Geroztik gauza biguñak jan bear: arraultz utsezko tortilla, legatza,... Ogia artu ta mamia apartatzen aritzen zan, ura bakarrik jateko. Aldamenean bere alaba Modestak jaten zun. Au berriketan asten zanean, poliki poliki beretzat prestatutako mami puska bat platera ondoan jartzen zion. Alabak ustegabean aboan sartu ta “Au nazka, au nazka,.:.” asten zan.
Aitak: “Au alabatxua, zer dezu?”
Alabak: “Zigarruaren gustua bai ugari. Au nazka,...”
Aitak: “Oi, tira, tira, bañan olako zakarkerik aita zar gizajoari, ¡ene!... Nik ogiya eman eta alabatxuak neri zakarkeriya.”

Ramon, bere semea, ezkondu zan ta erraña etxean sartzean esan zion: “Zu al zera gure erraiña? Ba, zu izango zara etxe ontako erregiña.”

Auek seme bat izan zuten. Juan Mari jarri ziyoten izena. Aur ederra zan.

Ibiltzen ikasi zunean, beti aitonaren atzetik: “Pattel... pattel...” Arek ere patxentxik nai. Egunean amaika aldiz.

Aitonak esaten zion: “Mutil, oraingoan patrika ustu nazu...” edo “Mutil, mutil, kosetxa bukatu zait, itxoin, itxoin,...” Bañan piska bat jostatu ondoren, beti bazun aurrari emateko.

Besteetan berriz “Attona, attona, attona,...” ta galtzatik tiraka. Kantatzea nai zun. Aitona lara-lara asi, burura etortzen zitzayona kantatzen, ta mutilla dantzan, pozik. Aitona gelditzen bazan, illoba bereala berriz: “Attona, attona,...” Ordun aitonak: “Mutil, Banda Municipal’ak ere deskantsua izaten dik, eta guk ere piska bat bear diagu. ¡Au mutilla!”

Mutillak aitona bakarrik nai zuan, ta aitonak ere mutillarekin bere poz guztia.

Bañan berealaxe ill ziran biak. Orra nola: Aitona, jaten zuana atzera botatzen asi zan. Medikuarengana joan ta zintzurrean miñ bizia zeukala. Bañan etzan il gaitzari egokitzen zayon bezela.

Bisitaz etortzen zitzaizkan ta denak parrez eukitzen zitun. Bañan triste jartzen asi zan, gero ta tristeago.

Bein sukaldean exerita zegoala, alabak esan zion:
“Aita, oyera joan bear du. Zer egiten du emen?”
Aitak: “Bai, alaxe nua ba. Oyera sartu zanean, etxekoak pentsatu zuten apaiza ekartzea. Eguerdia zan. Esan zioten: “Aita, alakoak esan digu, ez dula orain ikusten, eta bisitaz etorriko zayola arratsaldean.”
-“Bai, bai, etorri dedilla, etorri dedilla.” Etzioten aitatu zein zan etortzekoa.

Beti jesuita batekin aitortzen zan, Aita Aizpuru’kin. Etorri ta aitortu zan. Apaiza joan zanean, esan zien etxekoai: “Bizkorrak zerate, bañan ez nazute pasatzen. Orren gaizki al nago?”

Arratsaldean bertan San Inaziotik elizakoak ekarri. Emaztea bere ondotik apartatu gabe, gizonari ondo iltzen laguntzen. Urrengo goizean poliki poliki il zan, bate miñik gabe.

Ori zan Usandizaga kalean, 27’garrenean, seigarren bizitzan. Ara bizitzera joanak ziran, amak ango terrazan aize piska bat artu zezan. Ama ere etxe artan il zan 1935’garrengo urtean.

Amak etzun nai izan aitaren illetara iñork lore koroirik ekartzea.

Egun asko baño len, Donostiko Orfeoya Sevilla’ra zijoala. Ramon, Peperen semea, joan edo ez joan zegon aitaren eriotzagatik. Amari galdeltu ta onek esan zion: “Ori ez da alako gauza bat ta joan zaitez.”

Mutilla, Juan Mari, etzegon ondo ta medikua deitu zuten. Mutilla ikusi ta esan zion: “Bai, joan zaitez trankil”.

Joan zan. Aitak egunero tarjetatxo bat bialtzen zun: “Gure Juan Mari obeto egongo da” ta orrela.

Bañan mutilla aita joan da biaramonetik gaizkiago ta gaizkiago. Ta azkenean il.

Etxekoak telegrama bat bialdu zioten Orfeoyaren zuzendariari. Onek aita deitu ta esan zion: “Aizu, Artola, mutil bat gaxorik utzi zendun, ez da?” Ta aitak: “Il al da ba?” Sevilla’tik Donostira bakarrik. Etzan ausartu kanposantuan ikustera joaten.

Aitona 1929’garrengo Apirillaren 29’an il zan. Mutilla, berriz, Mayatzaren 13’an, amalau egunen tartearekin.

Jendeak esaten zun aitonak eraman zula.

Antonio Zabala



(1) Emengo berri geyen geyenak Peperen alabari (Modesta) ta bere errañari (Maria Antonia Cortajarena) zor dizkiegu.
(2) Garai artako galleta txiki borobil batzuk.


Ustez laguna detan
Pepe Artola’k bere eskuz idatzitako liburu aundi ta lodi bat utzi zun: 580 orrialde ta folio tamañako orriak. Andik artuak dira emengo bertso guziak, lenengo orritik asita. Liburu orrek emango digu Auspoa’ren beste liburu batzuk egiteko gaya.

Gure asmoa izan da bertso oyek dauden bezela argitaratzea; esate baterako, liburuaren erretratua irakurlearen begien aurrean agertzea. Artarako, oraingo ortografia jarri ta gañerakoa zegoan bezela utzi degu.

Pepe’k noizean bein oar edo abisu batzuk jartzen ditu. Ark jarri bezela utzi ditugu. Bertsoak noiz egin zitun ere, beti edo geyenetan jartzen du. Baita ere nun agertu ziran. Oar oyek zeuden bezela utzi ditugu.

Besteetan, berriz, len jarri zuana borratu ta aldamenean berria jarrita dago. Bigarrengo ori jarri degu, bañan lengoak ere merezi zula agertzea, ta orrialdearen oñean jarri degu oar bezela, bera begiratzeko lumero batekin adieraziaz.

Gerok ere oar edo abisu bat edo beste jarri izan degu. Alakoak letra batekin daude.

Batzuetan ere, lendik jarritako bi edo lau edo zortzi bat errenka borratu, ta ordañean ezer berririk erantsi gabe dago. Alakoak kako pare baten barrenean sartu ditugu ((.........)). Kako bakarra dutenak, berriz, (......), Pepe’k berak ala jarriak dira.

Ondo kontuan artzeko da beste gauza au ere: liburu ontako lenengo bertsoak emezortzi urtekin jarriak dirala. Emezortzirekin asi ta ogei ta birekin bazula liburu bat egiteko ainbat, egin degun bezela. Euskaldunen artean izan al da iñoiz orren gazterik liburu bat osatu duanik?

“Ustez laguna detan” eman diogu izena, liburu ontako lenengo bertsoa ala asten dalako.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org