Tomas Zapirain´i


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Artola Pepe »  Ustez laguna detan »  Tomas Zapirain´i

Pepe Artola. Ustez Laguna Detan



Tomas ........ (1)





1
Bertso berri batzuek
Tomas ........
egi asko esanaz
nai nituzke jarri,
lanerako gogorik
eztuben jaun orri,
ikusten degulako
oso parragarri.
2
Donostiyan alproja
esaten dutena,
Tomas zapatariya
deitzen diyotena;
aste guztiya ustez
du ark astelena,
lanikan egin gabe
joaten zayo dena.


3
Ofiziyorik ondo
oraindik ez daki,
bañon jai egiteko
moldatzen badaki,
gabero zurrutian
ibiltzen da ederki,
orrela badarabill
galduko da aurki.
4
Tomas ........ du
andregai maitea,
Terexa kayekua
neskatxa gaztea,
bañon mutill ori da
entero trastea,
¿posible al da ori
ondo izatea?


5
Bere ditxa guztiya
da aste-egunian
neskakin ibiltzia
al duben denian,
Teresa izaten du
ark aldamenian,
(beste aiskiriakin
ezin dubenian).
6
Teresak obego du
ori despeditu,
bestela tratu txarrak
eramango ditu,
mutill orrekin gauzak
ikusiko ditu;
zergatikan aurreraz
beste bi baditu.


7
Errukigarriya da
neskatxa gajua,
eztu ezagutzen ondo
mutill marrajua,
badirudi Tomas’ek
eguzkiyak jua,
dontzelletako ori...
¡zer aparejua!
8
Lenguan Tomas jauna
neskatxa batekin
zirrika ibilli ziran
sasoi onarekin,
orrela ibiltzen bada
bere nobiyakin,
asarretze ote diran
nai nuke nik jakin.


27 Febrero 1883

(1) Emen, eta besteetan ere, apellidua edo abizena kendu egin degu, Tomas ori nor izan zan iñork somatu ez dezan.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org