Artola Ramon


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Artola Ramon

Ramon Artola Larrañaga

1831 - 1906


Ramon Artola Larrañaga
Ramon Artola Larrañaga Tolosan jaio zan,
1831-ko abuztuaren 31-an.

Aita, Jose Antonio, Astigarragakoa zuan; ama, Maria Antonia, Tolosakoa.

Aitaren aldeko aiton-amonak, Bernardo Artola eta Maria Migel Etxeandia, biak Astigarragakoak ziran; amaren aldeko aitona, Santos Larrañaga, Tolosakoa; amona, Maria Gamuza, Plazentziakoa.

Ez dakigu noiz eta nola joan zan Ramon Artola Donostira bizi izatera. Baiña gazterik, ziur asko.

Ogei ta zazpi urterekin ezkondu zan, 1858-ko azaroaren 23-an, Donostiako San Bizenten. Andregaia, Manuela Elizetxea zan, Lezon jaioa eta Donostian aberats batzuen etxean serbitzen zegoana.

Orduko berri ez dakigu, baiña gero beintzat oso emakume lodia omen zan, eta pixua ainbat grazi eta gatza zuana. Arengandik ekarri omen zuan bere umorea Pepe beraren semeak.

Bost seme-alaba izan zituzten: Ramon, Frantzisko (Pako), Jose (Pepe), Manuel, zortzi urterekin illa, eta Rosario.

Pepek bertso asko moldatu zituan Baita antzerki eta ipui batzuk ere. Rosario ere bertsogintzan saiatu zan.

Karlisten bigarren gerratean, aita, Ramon, liberalekin ibili zan, voluntarios deitzen ziranetan.

Bere ofizioz linternero eta pintorea zan. Tallerra eta denda Puyuelo kalean zeuzkan; gaur Fermin Calbetón . Semeak aitaren ogibidea segitu zuten.

Azken egunetaraiño lanean jardun zan. Biotzetik gaixotu eta elizakoak artuta, silloi batean il omen zan, arnasa artu eziñik, seme-alaba eta billoba guziak inguruan zituala, 1906-ko abuztuaren 20an, irurogei ta amabost urte betetzeko amaika egun falta zituala.


Antonio Zabala





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org