Azariya eta ollarra


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Artola Ramon »  Ipuiak »  Azariya eta ollarra

Ipuiak edo kontutxoak



Azariya eta ollarra



Azari zar bat zala itxitu
baten ondotik pasatzen,
barrunbe artan sentitu zuben
ollar gazte bat kantatzen;
eta egonik nola atzeman
zezaken ura pentsatzen,
itz legunakin asi zitzaion
pallakatzen ta tentatzen.

Esanaz: “Ai, zein ederra dezun
zere kantuko graziya!
Zurekin berdin litekenikan
ezta izango bat iya;
ez naizen gisan ni banitz zure
jabea edo nausiya,
zurekin nuke zu erakusten
jirako mundu guziya.

Bada kantuban orrenbesteko
graziyakoa bazera,
korputzez ere nolanaikoa
noski izango etzera:
ia piska bat azal zaitia,
ia pixka bat atera,
ikus zaitzadan zer korputz dezun
eta zer dezun jazkera”.
Itz oek aitu eta jarririk
ollar gaztea kezketan,
erantzuera segiran eman
zion itz bide oetan,
esanaz: “Kanpo ortan nor dagon
nola ikusten ez detan,
irten bañan len nai nuke jakin
norekin naguen izketan”.

Oni erantzun zion: “Ni nazu
auzoan bizi naizena,
oso leiala eta prestuba,
gauza guzitan zuzena;
askoren gisan gaiztakeritan
ibilli oi ez naizena,
mundu guziyak maite naubena,
azariya det izena”.

“Lenaz aitzerak banituben, bai,
ziñala azkar argiya
-erantzun zion-; zendubela zuk
kontzientziya garbiya;
ala, esaten ari zerana
izan liteke egiya,
bañan dezu zuk prestubarentzat
mokoa txorrotxegiya”.


Itz makur onek azariyari
etzion egin onikan,
bada besterik gabe salta ta
ezkutatu an andikan:
ez, berriz ere fama galduba
daukanak lenaztandikan,
eztu egingo eraro berak
buruban daukan lanikan.


Euskal-Erria, XVIII, 1888.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org