|
Ramon Artola. Sagardoaren grazia eta beste bertso asko
|
1
Erari maitagarriya,
zugatik daukat jarriya
argumentu bat larriya;
indarra zera gorputzarentzat,
kentzen dezu egarriya,
gauza estimagarriya,
bañan zauzkat igarriya,
zera engañagarriya.
|
|
2
Nik zu nor ziñan ez nekin
eta gogoz nizun ekin,
fiyaturikan zurekin;
istante batez egin zenduben
nai zenubena nerekin,
biyok giñan alkarrekin,
kontubak ziran gurekin,
ondo det nor zeran jakin.
|
|
3
Batek lezake espero,
ondotxo edan ezkero,
jarriko dubela ero;
lotsagarri ta lotsarik gabe
ibilliko dala gero,
korajetsu eta bero,
non nai egiñaz aldero,
modu txarrean entero.
|
|
4
Indarra erariyak du
ezin litekena neurtu,
gizona lezake aurtu;
ustez tamañan bein eran eta
ninduben oso mozkortu,
itzegin ezin ta gortu,
bista zitzaidan laburtu,
gañera nuben min artu (1).
|
|
5
Gustora eran banuben
ondoren pagatu nuben,
deskalabratu ninduben;
nere ondotik pasa zan batek
galdetu ziran zer nuben,
ia miñen bat al nuben,
nondikan sentitzen nuben,
planta onen bat jo nuben.
|
|
6
Nere moduban beste bi,
eranik sobra erari,
bueltaka ziran erori;
altxa nai eta ezin altxarik;
loitan zebiltzan igari,
jarri ziran guri guri,
kuasik etziran ageri,
bildu baitzuten ugari.
|
|
7
Nai ez dubenak orditu
eta ondoren eritu,
kontuz eraten aritu;
erari klase guziyak bere
espirituak baditu,
gure txintxurrak nai ditu
gustoz eraten baititu,
naiz gero berak zatitu.
|
|
8
Mudatzen gaitu eranak
mundu onetan geranak,
pruebak daduzka emanak;
jeniyo txarrak ondutzen ditu
bai ere gaiztotu onak,
aztu orduban esanak
eta egindako lanak,
naiz gero damutu danak.
|
Donostiyan: Juan Osesen, moldiztegiyan.
Ramon Artola-k ipiñiak Donostian 1864’garren urtian. (2)
Auek dira Ramon Artolaren bertsorik famatuenak. Amaika aldiz argitaratu izan dira, bañan Manterola’k, bere"Cancionero Vasco” deritzaion liburuan, etzuan nai izan seigarrena atera, eskaxa iritzita nunbait, eta aren faltan gelditu ziran geroko argitaraldi asko.
Orra argitaraldi batzuen tokiak:
José Manterola:"Cancionero Vasco, Primera Serie”.
“Bertsolaria”, Imp. Macazaga, Rentería, 1933.
“Euskalerriko kanta zarrak”, Imp. Macazaga, Rentería.
“Gure kanta zar jatorrenak”.
“Euskal kantak”, Donosti, 1959.
“Gure kantak”, Bilbao, 1960.
“La Constancia”. (Daukadan periodikuaren puskak ez du egunik markatzen.)
“Baserritarra”, 1909.
Kanta-papera: Col. Lacombe, Bib. Nat. París.
Kanta-papera: Imp. Macazaga, Rentería. (Getari’ko Garro baserritik eskuratua.) Gerra aurretikako egutegi baten.
Erriaren eskuz edo makinaz idatzitako paperetan:
Tolosako Fakundo Adurriaga"Besamotza” zanaren mordoetan.
Ernaniko Ramon Apaolaza zanaren sortan.
Irunen jayo ta Plazentzin bizi izandako Andres Ecenarro"Urzelai” zanaren sortan.
Donostiko Juan Iturralde"Juanito Kojua”-ren sortan.
Gernikako Julio Bareño jaunak norbaiten aotik jaso ta bialdua.
Nungoa danik jarri gabeko paper baten.
Oraindik ere izango dira geyo, bañan naikoa izango da gure errian ondo ezagunak dirala adierazteko.
Askotan inprentatua izan dan ezkero, ez da arkitzen aldaketa aundirik.
(1) Eskuz kanta-paperari erantsia:"tratu on bat nuben artu”.
(2) Eskuz kanta-paperari erantsia.
Ikusi:"Cólección de José Manterola, pág. 9”.
|