NESKAMEAREN MARMARRAK
Bakarrizketa
Aurreneko aldiz, Arzeluztar Ameletxok
Poxpolinetan egina.
Hautsak ateratzeko zatar batekin, bizi-bizi sarturik).
Ume sabel beratuak alaenak! Lurretik harra bete jasotzen ez, eta horien fantasia. Ea noski ni nor naizen horiei ezer agintzeko! Lepa hezurra puskatuko al dute... Oraintxe buruz gain eginarazi didate niri behintzat eta, dabiltzala ipurdiz gora ere nahi badute. Beren amona zenak agindu diezaietela. (Aulki eta mahai batzuen hautsak astintzen hasi, eta berehala geldituaz) Okerrena ez da hori. Gero "seņorita" etorri orduko, mokoa kana bete luzatu, hor hasiko zait: "Roxita, pero en todabia la kamas sin aser?" Errax egiten dizkin harrek. Hamarretan jaiki. Hamaika eta erdiak arte, bainua dela, gosaria dela, ezpainak piper gorriz eta begiak sikulusaltsa beltzez pintatzea dela, aurpegia hautsez josi, gerria estutu, bere zango politei (Danbor makilak dirudite gero!) bere zango politei begiratu, gonak pittin bat goraxeago jaso, ispilu aurrean (Jesus, ispilu aurrean... horiek komeriak) hona begiratu, hara begiratu, hau ukitu, hura ukitu... atzeko aldeak ematen dizkion lanak...! Handitxoak iruditzen nonbait... eta igurtzi eta igurtzi, igurtzi eta igurtzi, "limatu" nahian bezala. "Linea" ez galdu nahi ba! Horrenbeste fantasi gabe begiratzen ziguten behintzat guri mutil morrosko bapo askoak! Esango nuke... Eta bera "mariya panpalona" baino arroago, jo eta tira hona dabilen bitartean, hautsak atera, lurra argizaria eman, gosariak jarri, haurrak jantzi... eta janztea nahikoa ez dela, bati mukiak atera, besteari atzea garbitu, okerrik egin ez dezaten zaindu "ĄKontuz! Txiki, zatoz hona, ez igo horra, erori egingo zarela", hau pixa egiten jarri, horren lotsagabekeriak entzun, suari begiratu, eltzeari kontu hartu... eta bera etortzen denerako koartoak egin eta mahaia pronto jarri. Lau esku eta zortzi zango ditudala uste ote du. "Mari Lirdingax" horrek.
Eta bereak handiagoak! Lehengoan esan ez zidan ba: "Ai Roxita! Lastima de lombre. No merese Roxita. Espina eso asi debia ser! Espina alajaina! Hartuko liken berak ni bezalako "espina" izatea, anima salbu, bakailao hezurra ematen din-eta. Gero... batean eltzekariak gatzik ez daukala, bestean patatak pegatu egin zaizkidala, hau erre egin dela edo bestea egosi ez dela... Jakina ba... Eta harritu egiten dira! Toki guzietan egotea nahi al dute ba? Ni jaungoiko banintz, ez nintzake, zerbitzatzen egongo ba, horra!
Seņoritoa, bai... ai, seņoritoa! Hori bestelakorik da. Hori gizon moņoņoa! Lastima andre sustantzia gabekoarekin ezkondua izatea. Ezkongai egon balitz, horixe bai izango zela nire gustukoa. A zer pareja egingo genian! Pareja ideal! Ea... Ni Roxita, eta bera Kristobal. (Larri-larri hautsak biziki astinduaz). Ene, Jesus maitea! Atea zen... Eta koartoak egin gabe, mahaia jartzeko, eta umeak auzoan... Xexenak izango dira gaur gure etxean... Arantzazuko Ama, nitaz erruki zaitez.
(Sartzen da irten baino biziago)
Amaia
|