Artzai-mutil


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Artzai-mutil

Bartolo Ayerbe

ARTZAI-MUTIL



Gu gaztetan ondo zailduak giñan. Ni neroni ere, amabost urte nitualarik, artzaimutil egon nintzan, etxean geneukan artzaiarekin; eta ez, gaur bezela, zakurrarekin, batere zakurrik gabe baizik.

Makilla ta zigorra eskuan, korri ara korri onera ibilli bear egun guztian geienean, barruti onen bat ez bazan beintzat.

Eguardi arte guk ez genduan ardirik barrutian sartzen bein ere. Basoan edo mendian ibiltzen genituan. Arratsaldean barrutira, larre ona zan tokira edo al zan modukora. Beti oso ona ez zan izaten garai aietan.

Artzai asko izaten zan denbora aietan, eta billatzen ziran inguru aietako larreak ederki. Nere urtez, bei-ganaduentzat kaltegarri etxean edo inguruan artzaia izatea. Udaberrian ganadu argal asko ikusten zan beintzat. Sos batzuk uzten zituan artzaiak, eta aiek ere ondo etortzen, abono piska bat erosteko ta abar.

Ni morroi egon nintzan nagusia mutilzarra zan, eta ama oso edade aundikoa zeukan. Bazituan bere etxean bi bei eta txerriak eta egaztiak eta abar. Abaltzizketa’ko elizaren ondoan bizi zan, ama zarrarekin.

Gure etxetik ordu erdi bat bear zuan gutxienez. Egunean bi ordu, bi buelta egin bear baitzituan egunero. Goizean, ardiak larrera atera, ni bakarrik utzi ta arek ganaduak gobernatzera joan bear zuan.

Gero neri bazkaria ekartzen zidan, da bazkari ona gaiai aietarako: potajea naikoa, urdai-puska batekin egosia; eta, bestela, zezin-pusketa on batekin. Eta, edateko, zatoa ardoarekin; edo, bestela, sagardoa ere bai batzutan.

Guk ala egiña genduan tratua: bazkaria emango zidala; ta, gaiñerakoan, etxean jan ta lo, eta soldata illean sei duro. Ala pasatu genduan negu ura.

Baina gizon aren ibillia ez zan ederra izan negu artan. Gazta egiten asi zanean, gure etxean gazta egin da gazura bizkarrean artuta joaren zan bere etxera gauean illunpetan. Etxean txerriak edukitzen zituan, eta aientzat ondo etortzen gazura.

Aren bizimodua ere gogorra zan benetan, eta urrengo neguan Abaltzisketa’n etxetik urrean ardiakin gelditzeko modua egin zuan. Baita morroia artu ere negurako ustez, baiña alde egin zion .

An etorri zan gau batean gure etxera, arren ni joango nintzan; morroiak alde egin ziola; oso gaizki gelditu zala bakarrik; soldata ona emango zidala; inantendu ere ondo egingo ninduala ta abar. Mantendu ta zortzi duro emango zidala illean.

Ala joan nintzan bigarren neguan, amasei urterekin. Ondo mantendu, eta jantzia ere bujanda aundi bat erregalatu zidan.

Garai aietan, artzai-mutillak, illean sei duro geienak eta bazkaririk ez, egunean bi otordurekin, ibiltzen ziran. Goizean gosaldu ardiak ateratzerako, ta gaua arte.

Bailia neri egunero bazkari ona eramaten zidan: potaje ona, urdaiarekin edo zeziñarekin egosia, ta gazta-pusketa bat eta naiko ogia, eta zatoan ardoa edo bestela sagardoa ere bai batzuetan.

Arkumeak saltzen asten zanean, larunbatetan Tolosa’ra joan bear aiek saltzera. Abereakin zestotan eramaten zituan. Abaltzisketa’tik biraje dezentea Tolosa’ra.
Bidean ere denbora asko bear. Ta goizean goiz atera bear izaten zuten, aren moduan, gaiñerakoak ere. Ta ni bakarrik egun guztian.

Baiña portatzen zan alako egunetan. Barruti onenak edukitzen genituan izendatuak, eta garaiz etortzen zan illunabarrean. Ekartzen zidan zerbait erregalo, karameloren batzuk-edo, eta ni kontentu.

Negu ura bastante ariña joan zan eta ondo igaro genduan. Baiña izan genduan orduan ere naiko suerte txarra.

Guk ardiak edukitzen genituan jabeari, etxea erre egin zitzaion. Tamalgarri gertatu zan danentzat. Etxea erre zan egun argiz arratsalde batean, San Gregorio egun batekin ain zuzen. Nere nagusia Tolosa’n gertatu zan.

Ura andik etortzerako, guk ardiak edukitzen genituan borda, ganaduz betea zegoan. Baiña diskusio aundia izan zuten. Nere nagusiak borda ura artua zeukan mendira joan arteko. Baiña jende asko bildu zan, da jendea borda-jabearen alde atera zan.

Ala zioten geienak: andik aurrera ardiak gauean kanpoan egon zitezkela.

Ala egon bear izaten zuten beintzat, ta etxetik bastante urrutian gaiñera. Goizean, egunsentian, egunero joan egin bear ardiak zeuden lekura, ia Larraitz’ko ondoraiño. Ez zan izango orduan gaur aiña lapur, eta ala bearko. Ez zan ezer paltatu ta ala obe danontzat.

Ala pasa genduan negu ura.

Baiña orduan, nik uste, orain baiño udaraberri obeak egiten zituala. Bein Pazkoak pasa ezkero, asten ziran artzaiak mendira joaten. Nere nagusia ere garaiz joaten zan.

Bere txabola ere bajuan zuan. Bajuena Alalar’en. Txindoki’ko bajuena ura izango zan noski, eta punta berria an asten zan lenbizi.

Gizon zintzoa ta langillea zan, bat bazan. Artzaietan langilleena bai, nere ustez. Ura etortzen zan goizean, gazta egin, eta gazura bizkarrean artu ta etxera. Askotan egunero etorri bearra zeukan ganaduak gobernatzera, eta txerriak edukitzen zituan. Baiña etxean ez; mendian.

Artzaiak, geienak eduki bear txerriak, gazura aprobetxatzeko. Baiña arek ez zuan txerritokirik eta etxera ekarri bear. Baiña gero egin zuan txerritokia, mendian bertan.

Andik laster ama il zitzaion eta ezkondu egin zan emakume jator batekin. Iru seme-alaba izan zituzten. Neri, bodetara eraman da guztia egin zidan. Oso maiteak giñan beti.

Gero, ikusten zuten oso bizimodu txarra zeukatela. Ardiak danak saldu ta basarri zabal bat erosi zuan Orendain’en, eta an bizitu ziran, zarrak bizitu ziran arte. Ez dakit geroko berririk.

Nere nagusi izandako ura, azkeneko Tolosa’n tokatu ikustea. Egonaldi atsegin bat egin genduan. Ezin apartaturik egon giñan biok. Ordurako oso zaartua zegoan eta ala esan zidan:

Josepetako zelaira arte.

Badakit urte askorekin il zala, lana erruz egiña izan arren. Oso gizon sanoa ta sinismen aundikoa zan. Da, berak esan zidan bezala, Josepetan eta zeruan alkar ikusi dezagula.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org