Etxe berria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Etxe berria

Bartolo Ayerbe

ETXE BERRIA



Seguru esateko ez nago, baiña uste det urte artan egin genduala etxe berria. Eta gure aitak berak egin zituan oiak eta jergoiak ere.

Bitartean ez zan gure etxean jergoizko oirik. Lastaida izaten zan: zaku aundi bat txurikiñakin betea. Aren gaiñean koltxoia.

Txurikiña zer dan gaurko gazteak ez dakite. ‘Txurikiña da, artoburuak izaten duen gaiñeko azala.

Txurikiña berritan ondo gelditzen zan. Baiña bein denbora askoan bazegoan kanbiatu gabe, zimurtu ta autsa egiten zitzaion. Maiz samar kanbiatu egin bear, al bazan. Bestela, oi kaskarra gelditzen zan.

Gu ala azi giñan, amabost edo amasei urte arte gutxienez, ta gure antzera gaiñerakoak ere, garai aietan. Okerrago ere bai batzuk oi-kontu ortan.

Jerigoiak ez baitziran egun batetik bestera egiten. Ala ere, esan oi dan bezela, bakoitzak bere kabia gozo.

Baiña lastaidatik jergoira alde aundia billatzen zan. Ori ezagutu zuan jendeak azkar. Nik uste urte gutxian jergoi asko egin zala basarrietan.

Garai aietan koltxoi onak ibiltzen ziran, artzai asko zan inguru aietan; eta illea, ardi-illea, aixa lortzen zan.

Gure etxean beintzat, gure aitak ari asko egiten zuan neguan, eta guk, iru anaik, ikasi genduan galtzerdia egiten. Aitak aria egin da gu semeak galtzerdia egiten aritzen giñan neguan.

Guk galtzerdi-paltik ez genduan izaten, baiña zakarrak. Negu-partean an nunbait. Baiña udaran ez i n abantatu. Azkurea ematen zuten.

Oiñetakoakin ibiltzen giñan gaizki oso. Bei-larruarekin egiten ziran, gure gazte denboran, oiñetako danak. Eta ez zuten ez arrimorik eta ez legorrik eguraldi txarrean. Goizean ankak busti ta egun guztian igual anka bustiakin.

Gero sumatu zuten automobillen kurpillakin abarkak egitea. Aitak kurpilla eraman zuan nunbaitetik eta asi zan abarkak egiten. Larruzkoak baiño askoz obeak ziran; eta gu ez giñan gutxi poztu, aiek jantzi ta ibiltzearekin.
Ez ziran oso txukunak; baiña oso fuerteak eta ankak legorrago ibiltzeko modukoak beintzat, askoz ere.

Ala segitu genduan bolara luzean. Nik amazazpi urte nituala, udazken batean, pasa genituan bi edo iru illabete ikazkintzan, oso kaskarrak, etxetik bastante aparte.

Artu zuan gure aita orrek egur-pilla aundia ikatza egiteko, eta bai egin ere ikatz-pilla aundia. Oso ondo atera zala esaten zigun ikatz aiekin, eta kontentu zala.

Baiña lana asko egin da gero, okerrena zana, etxera egunero joateko oso urruti zan; eta bertan, an inguruan zegoan borda zar batean, egiten genduan lo, ta bai otorduak ere, nola edo ala. Txillarra-puska batzuk bola lurrean, eta beste belar ondu piska bat, eta ura zan gure oia edo lo-tokia. Ura poza, lantegi ura bukatu ta etxera joateko!

Gero, andik laister, ezkondu zan anai zarrena etxera, errian bertako emakume on ta jator batekin. Ez nolanaiko emakumea uraxe. Arako modukoa, bat bear bazan.

Zortzi seme-alaba azi zituzten: sei mutil ta bi neska; bat baiño bestea bikaiñagoak. Zenbat neke ta ibilli txar ainbesteko pamilia azi artean! Destierro artatik Billafranka’ra eta Zaldibi’ra, an ez zan beste biderik. Errian ez baitzan ezer egoten jateko gauzik.

Gizona ere perira maiz joango zan. Baiña andreak bakarrik etxera etorri bearko zuan. Nere ustez, gizonak askoz geiago disfrutatzen zuten. An emakumea zan esklaboa. Ala esaten det nik nere baitan.

Aiek egin zituan lanak izugarriak izango ziran, pamili ura aurrera ateratzen; ta ondo atera ere. Danak sano ta fuerteak. Gure Jainkoak emango al zion betiko saria zeruan! Ondo merezia izango zuan, nere ustez.

Lenbizi, senarra il zan. Eta, ura il zanean edo geroxeago, seme zarrenarekin bakarrik gelditu zan, eta andik alde egin zuten eta etxea utsik dago aspaldian. Gaurko jendeak ez dira an bizitzeko modukoak, eta arrazoi dutela uste det nik neronek ere.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org