Nik, emeretzigarren urte inguruan, lanerako deia izandu nuan. An auzoko lagun batek esan zidan, ura lanean zebillen tokian, langilleak artzen zituztela. Egunean zortzi pezta pagatuko zidatela. Etxean konformatu ziran ta asi nintzan. Ordurako jornal ona zala, baiña apopillo jarri bear.
Lantokia, Andoain’dik Urnieta’ra kaminoa zabaltzen aritu giñan, karrerak jokatzeko.
Artean ez zegoan aurrerapenik. Dana eskuz egin bear: pikatxoiarekin arrotu, atxurrarekin kopa bete, ta karroa kargatu ta abar. Ango lana ez zan ain astuna, lenago ondo zailduak baiginan gu lanean.
Baiña euriarekin ez zegoan lanean aritzerik, eta oporra igual. Asteko jornala txikia gelditzen ta apopillotza igual pagatu bear : eguneko iru pezeta.
Jaietan parranda igual. Banuan lengusu bat, kalean bizi zana. Arekin juntatzen banintzan, etxerako dirurik ezin aurreratu.
Ango maldizio ta izkuntza neri etzitzaidan gogozko. Kuadrilla aundia giñan ta askoren tartean beti izaten berdeak edo mingain txarrekoak. An ere baziran sobra ta geiegi, ta aspertu ere egiña nengoan.
Ala nengoala, nik ez dakit nundik nola, lengusuak esrin zidan jai batean:
Nai al dek morroi joan Donosti’ko Antigua’ra?
Eta nik esan nion:
Bai, motell. Emen ez diagu ezer sobratzen, da nik probatuko diat ura ere.
Ta nere lengusuak, beste gizon batekin, eraman ninduan basarri ortara: Aiete’ko Aitzetsu basarrira.
Bi nagusi zeuden: aita ta suia. Amabost eguneko proba. Orduan ala izaten zan oitura, eta orduan soldata erabaki. Guk ere ala egin genduan: illean amabost duro. Baiña an dirua sobratu egiten nuan, piska bat beintzat. Ez bainuan batere gastatzen.
Jaian ere ez nintzan iñora joaten. Siesta egin arratsaldean, ta aur-kontu igual ibiltzen nintzan, bi aur bazituzten ta aien erreparatzen batzutan. Nagusi zarra asko ibiltzen zan. Apusturik iñon bazan, gustatzen zitzaion piska bat jokatzea ere, dirua ibiltren baitzuan patrikan.
Baiña nagusi gaztea, suia, oso zintzoa zan, eta langillea gaiñera.
Barazki asko egiten zuten, eta ganadu ederrak egoten ziran eta esne asko ateratzen zuten. Ango aitona, beiakin ta gurdiakin, egunero joaten zan San Martingo plazara.
|
Oso ondo jaten zan etxe artan. Gaiñera, errespeto aundiko familia danak, bata besteakin ondo konpontzen ziranak.
Nik an ikasi nuan baratzako lanetan, ta baita ere ganadu gobernatzen. Neretzat suertea izan zan ara joatearekin, Andoain’go kuadrilla utzi ta pamili on batera joan nintzalako. Andoain’en ez nuan gaizki ikasi besterik egin. Ango maldizioak neri ez zidaten onik egiten. Ara joan artean, ni maldizio gutxi entzuna izango nintzan, eta min egiten zidan itz itsusi aiek entzuteak.
Tarnalez, gaur ugaritu bazaigu ere itz gozoen partez, ez dira konturatzen zeiñen itsusi ematen duten orrela itz egitearekin. Penagarria benetan, artu degun oitura itsusi ori.
Oitura txarra artzen da samurrena. Uzten da zailla. Tamalgarria benetan, entzuten ditugun itz zatar oiek entzun bearra gure Euskalerri maite ontan.
Ni oso gutxi ibiltzen naiz eta gutxi entzuten det olako izkuntzik. Baiña iñoiz entzutean, pena aundia ematen didate neri. Ez dira konturatzen zer itsusi agertzen diran orrela itxgitearekin.
Gizon edadetu bati bein entzun nion, orain dala berrogei ta amar bat urte inguru:
Garai aietan, Pakoazkoa egitera, ia danok joaten giñan, ta joan da konpesatzera praille batengana gizon ori ere; ta prailleak, maldizio esateko oiturik bazuan galdetu ziola, eta gizonak:
Bai, jauna.
Ta ezin zuala utzi oitura txar ura.
Orduan eman zion penitentzia prailleak, maldizioa esaten zuan bakoitzean, lurrari muin emateko. Ordutik utzi zuala oitura txar ura, ta askoz obeto bizi zala geroztikan.
Obe izango litzake, gaur ere egingo bagendu. Baiña oso zailla izango dala derizkiot gaurko egunetan, tamalez.
Nik Aiete’ko basarri ortan pasatu nuan soldadu joan arteko denbora. Andik ikasi nituan instruzioak ere soldadu sartzeko. Egunez lana egin da illunabarrean instruzioak ikasi.
Donostia’n, soldaduska ere, andik serbitzea nai zuten aiek. Baiña oso urruti gelditzen eta Loiola’n jartzea erabaki genduan, kuarteletik urrean zegoan basarri batean, da oso ondo pasa nuan soldaduska.
Orduan egin nuan andregaia, eta gero jarriko ditut andik aurrerako kontuak edo pasadizoak, eta gero arte.
|