Seme-alabak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Seme-alabak

Bartolo Ayerbe

SEME-ALABAK



Gero, semeak azi ziranean, zarrena diru piska bat irabazten asi zan batean da bestean blokeak egiten, eta baita ere igeltsero, piontzan ta abar. Guretzat alibio piska bat bagenduan orduan. Baiña kobratzen ez zan ondo ibilli. Ez dakit danak kobratu zituan edo ez.

Gero, soldaduska-denbora iritxi zitzaion, da Loiola’n serbitzea tokatu, etxetik bertan. Naiko suertea izan genduan arekin danok. Ez zuan diru askorik gastatu. Etxera etortzen zan, libre zanean, kuarteletik, eta lana egin. Eta guk ura bear: alkarri lagundu.

Seme bigarrena aroztegian ikasten zebillen, ta jornal piskarekin ibilli bear, opizioa ikasi artean.

Naiko nekez asia zan gaiñera. Baiña ondo ikasi zuan soldadu joaterako, ta soldaduskara Aprika’ra joan bearra tokatu.

Tetuan alde ortan pasa zuan soldaduska,
ta operatu bearra tokatu zitzaion.

Baiña gu ez giñan enteratu berak esanda, beste baten bidez baizik. Ondo egin zuan. Jakinda ere, ez geneukan ezer egiterik guk emendik. Eta ala pasa zan gure orduko sustoa ta oso ondo etorri zan bere osasunez, Jaunari eskerrak.

Baiña izan zan etxean, soldaduska-denboran, illabeteko permisuarekin, eta lanean pasa zuan illabete ura, sos batzuk irabaziaz, berriz ara joateko. Ez zitzaizkan gaizki etorriko. Etxetik ez zuan noski askorik esperoko, lenago ere geiegi gabe ibillia izango zan noski ta.

Orain bertso batzuk gogoratzen zaizkit eta emen idatziko ditut. Aspaldiko bertsoak dira oek, 1880’garren urtean-edo soldadu zegoanean batek jarriak. Nik ez dakit zein izango zan. Nik ikasi nituala ere, badira irurogei urte baiño geiago. Oso politak dira eta, esan bezela, emen jarriko ditut pare bat-edo beintzat, diru-kontuarenak:


Iñondik errentarik
ez da guretzako,
emendik paga gutxi
sokorritutzeko.
Etxera abisatzen det
piskat bialtzeko,
an ere borondate
gutxi neretzako.


Diruaren eskea
nik abisatuta,
ama asarratzen da,
aita zapuztuta.
Ala esaten dute
biak juntatuta:
«Lenago asko utzi
al zun sobratuta?»


Konsuelo edo pozik
ez daukagu emen,
Maria Santisima,
kupi zaitez arren:
paraje ontatik libra
gaitzazu lenbailen,
ala gerta dedilla,
biba Jesus, amen.


Bigarren semea zan Afrika’n soldaduska egin zuana. Eta, etorri ta bereala, lengo tallarrean segitu zuan lanean.

Etxean ondo etortzen da arotza izatea, etxeko gauzak konpondu edo berritzeko. Bazan gure etxean zerbaiten bearra ere. Lengoak ez zeuden oso onak eta berriak egin bear nolabait ere piskanaka beintzat.

Seme zarrena etxe aldetik ibiltzen zan. Batzutan kanpoan ere bai piontzan, eta besteetan etxeko lanetan. Noranai joan da ere, estimatua izaten zan, eta gurasoentzat pozgarri da ori oso. Neretzako ala izan zan beintzat. Geroxeago, Donosti'ko Gasean asi zan lanean.

Ordurako bazuan andregaia; ta guk, gurasoak, uste izaten genduan, maiorazkoa nola zan, gure etxera ekarriko zuala. Baiña kukuak aldrebes jo zigun. Andregaiaren amak allegatu zigun bere alaba etxerako zeukala, eta ala gertatu zan aien ezkontza.

Gu, gurasook, naiko penarekin gelditu giñan. Baiña ikusten genduan guk ere, alde artatik bazegoala bizi-postura geixeago, gure aldetik baiño, gure etxean palta aundia utzi arren.

Pamili on batera joan baitzan, eta bereala egin ziran pisu balen jabe. Eta gu emen beti etxe zarrean, eta besterena gaiñera, maizter. Baiña toki politean dago; puntu onean.

Basarriko gauzik garrantzizkoena esnea da, ta etxetik eramaten dizkigute danak, iñora mogitu gabe. Orrek asko balio digu gaurko egunean. Gu ez gaude pamilirik, kalera joan da etorri ibiltzeko. Seme ta alabarekin, irurok bakarrik bizi gera. Alaba lanera joaten da gaiñera, eta aita-semeak bakarrik etxean gelditzen gera.

Baiña alabak etxetik oso urre edo bertan dauka lantokia, kasikan eun metrora, eta oso ondo moldatzen gera.

Alaba au degu irugarren senidea. Ta orain arte josten aritua da etxean eta kanpoan, eta orain ere bai, denbora duanean. Badu zer egiñik asko. Gogoa badu beintzat. Ez dauka lanaren paltikan, ez etxean da ez kanpoan.

lrugarren semea ere aroztegian ibilli zan bastante denboran. Baiña ikusi zuanean zarrena kanpora zijoala, bere borondatez etxean gelditu zan, eta guk asko estimatu genduan. Basarriko lanak egiten laguntzeko oso ondo etorri zitzaigun gurasoai.

Soldadu joan bearra zeukan bereala, eta Loiola'ko kuartelean pasatzeko modua egin genduan, boluntario serbitzekotan, etxekoai zerbait lagun egiñez.

Gazteena ere etxean zebillen. Etxeko lanak errez egiten genituan gaiai artan. Pamili ona lanak egiteko.

Baserrian berriz, lanaren paltik ez. Diruaren palta bai askotan. Baiña bizitzeko aiña sortzen zan, eta zorrik ez egitea gure naia; ta aurrera geroko pozean.

Seme gazteena allegatu zan soldaduskara; ta, laugarren anaia nola zan, emen bertan serbitzeko eskubidea zuan; da ala pasa zuan, Loiola’n, etxean zerbait lagun egiñez.

Oso ondo moldatu giñan gure soldadu oiekin, oso diru gutxi gastatu ta alkarri lagun egiñez, ez baitzan zer gastatu aundirik ere gure etxean.

Baiña beti zerbait bear da, eta irugarren seme orrek, len aroztegian ibillitako orrek, andregaia egin du eta kaletarra tokatu ura ere, ala bearrez.

Ostera aroztegian asi zan obretan, sos batzuk sobratzeko bidean. Zerbait egin bear. Gure etxean ez zuan ikusten laguntza geiegirik eta zerbait egin bearrean ikusten zuan bere burua.
Ala, segitu zuan bastante denboran lanean obretan. Eta gero, esposatzea pentsatu zutenean, andregaiaren etxera egingo zirala eta ala moldatu ziran.

Nolabait ere, aiek Errenteria’n bizi ziran da pisu aundia zeukaten berena. Ta pentsatu zuten ura saldu ta Lezo’n bi txikiagoak erostea. Ala egin zuten eta orain Lezo’n bizi dira pisu banatan, alkarri lagunduaz.

Baiña ez dabil aroztegian, Luzuriaga’ren fabrikan baizik, San Juan’en, erreleboan; da basarrira etortzen da eguraldi onean eta asko laguntzen digu guri, etxeko lan danak egiten. Badegu orren bearra gure etxean.

Gure bigarren semea, Joxe, Loiola’n bizi da ogei urte pasean, eta ezagutzen dute Loiola’ko jende geienak, euskaldunak beintzat.

Ezkondu ta andik lau urtera-edo, gertatu zitzaion onoko ezbear aundi au. Egia esateko, mirari biurtu zana, nere ustez beintzat. Ala egoten naiz pentsatzen.

Onela gertatu zan, 1967’an, Santa Krutz egun batez, ain zuzen ere:

Bere emaztea bigarren aurra izateko zeukan, ta ez zala ondo aurkitzen-ta, goiz artan bera lanera joan gabe geldituta, etxerako bear, ziran gauzak ekartzera jetxi.

Bear zituan gauzak artu ta beren etxera seigarren pisuraiño iritxi zanean, aszensoreko kablea eten da beeraiño erori ziran.

Bi lagun ziran. Joxe porrokatua gelditu zan. Bestea soldadu zegoan mutilla zan. Arek min gutxi artu zuan. Baiña gureak belaun bat txikitua ta bizkarrean ere kolpe aundiak zituan.

Asko kosta zitzaion lanerako moduan jartzea. Baiña jarri zan bastante ondo, ta segitu zuan urte batzuetan lanean aroztegian. Baiña bizkarretik asi zan kejatzen, da lanari utzi egin bear izan zion, aroztegiko lanari.

Orain beste lan batzutan ibiltzen da: euskerazko klaseak ematen da abar, eta al dan moduan bizimodua ateratzen dute, emaztea josten da abar.

Bera gaixo zegoala jaio zan bigarren aur ori, ta alaba ain zuzen, len semea zuten-da. Eta Mirari jarri zioten izena ere alabatxoari. Nik uste det naiko miraria izan genduala danok ere, gizon ura ainbestean gelditu zalako, ainbesteko danbetakoa artu ondoren .

Ez dago pentsatu besterik, seigarren pisutik bea jo zutenean, zer kolpe izango zan ura. Ikaragarria nai ta nai ez. Begiratu, bestela, zer altura dan sei pisuko altura.

Nik beintzat miraritzat artu nuan gertakizun ura; eta orain Mirarik, nere illobak, laguntzen dit nik idatziak makiñan pasatzen, ta bere aitak ere idatzitako okerrak zuzentzen. Ea danon artean zerbait egiten degun, bata besteari lagun egiñez, danen pozgarri ta onerako izan dedin. Ni uste ortan ari naiz beintzat.

Gure seme ori, gaixo zegoala, asi zan bertsoak jartzen da idazten. Lenbiziko, bere ezbearra gai artuta jarri zituan. Ta, ikusi zuenean bazeukala artarako maiña, aurrera egiteko gogoa ugaritu egin zitzaion nunbait, eta bertso asko ta oso txukun moldatu ta jartzen ditu, ta premio askotxo irabazi ere bai. Ta segi dezala bide ortatik urte askoan. Nik ola opa diot biotzetik.

San Inaziotan, barrioko festak diranean, bera ibiltzen da aiek organizatzen eta gaiak jartzen ta abar. Baita ere, apaiz jaunak bakaziotan diran garaiean, elizan ango utsunean lagun egiten; ta neretzat pozgarri dira gauza oiek.

Besteak beste, baserriko lan danak egiten oso ondo moldatzen gera, danok alkarri lagunduaz, basarri zarrean, orain arte beintzat.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org