Nere parrandatxoak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Bartolo »  Nere mundualdia »  Nere parrandatxoak

Bartolo Ayerbe

NERE PARRANDATXOAK



Nik egin deten aundiena, basarri batera barrikotera joanda, Torrua basarrian.

An egiten genituan sagardoak garai aietan, da sagardoak egin ondoren barrikotea egiteko oitura zan, eta an bildu giñan sei edo zazpi lagun ingurukoak.

Bapo apaldu ondoren, an bazan
umorea ta bertsoa ta zer esana ugari, eta gaua berealaxe pasa ta goiza etorri.

Nik uste det, sagardoz leporaiño bete ta gero, kafeak eta patarrak ondatu giñula. Ni bai beintzat. Azkenerako zoratu arrunt. Onoko bertso auek orren ondoren ondo etorriko dirala derizkiot:


Indarra erariak du
ezin leitekena neurtu,
gizona lezake aurtu.
Ustez tamañan bein eran eta
ninduen oso mozkortu,
itzegin ezin da gortu,
bista zitaidan laburtu,
tratu on bat nuen artu.
Batek lezake espero
ondotxo eran ezkero
jarriko duela ero;
lotsagarri ta lotsikan gabe
ibilliko dala gero,
korajetsu eta bero,
nunai egiñaz aldero,
modu txarrian biziro.


Mudatzen gaitu eranak
mundu onetan geranak,
pruebak daude emanak;
jenio txarrak ondutzen ditu,
baita txartu ere onak;
aztu orduko esanak
eta egindako lanak,
naiz gero damutu danak.
Gustora eran banuen,
ondoren pagatu nuen,
deskalabratu ninduen.
Nere ondotik pasa zan batek
galdetu zidan zer nuen:
ia minen bat al nuen,
nundikan sentitzen nuen,
planta onen bat jo nuen.


Nai ez duenak orditu
eta ondoren eritu,
kontuz eraten aritu.
Erari-klase gutiak bere
espirituak baditu;
gure txintxurrak nai ditu,
gustora eraten baiditu,
naiz gero berak zatitu.


Urrengo goizean, esnatu da nere emazte difunta ta ni falta. Apuraturik, oju egin dio aitari: Bartolo ez da etorri etxera.

Ta an joan zan nere billa, goizeko seirak inguruan, Torrua basarrira; eta gu an oraindik kantari. Ango nagusi zan Antonio, mutilzarra, ta biok, bertsoak kantatu ta patarra edan; ura ere, ni bezela, erdi bertsolaria baitzan.

Urte asko dira ura il zala, baiña ez naiz aztutzen. Oso alkar maiteak giñan, eta ea berriz juntatzen geran zeruan alkarrekin kantari. Ala bedi.

Arek ere bertso zar asko zekian, baiña nik orduan arek baiño geiago nekian, da ala esaten aritzen giñan:
apustu egin bear genduala biok, zeiñek geiago kantatu bertso zarrak, sagardo-puska bat edan ondoren, umorean jartzen giñanean; an guk, sagarra jotzen pisoiakin, ordu asko pasatzen genituan, eta apaldu ta ondo jartzen giñanean.

Aparia oillasko ta guzi jartzen zigun. Orduan ez zuan edozeiñek jaten oillaskoa. Baiña Antonioren arrebak, Mariak, guri askotan jartzen zigun. Modua ere bazuten eta borondatea ere bai guretzako.

Ni andik goizaldera askotan etxera etortzen nintzan. Baiña urrengo eguna oso txarra pasa bear izaten nuan. Ez nuan balio nik parrandan ibiltzeko, batzuek bezela.

Artzai Txikia bertsolariak andreari kantatutako bertsoa gogoratzen zait:


Amaika ta erdietan
oraindikan goiz-ta,
berez okerra dana
zuzendutzen gaitz-ta.
Atia iriki zazu,
nere andre maixtra,
kabaileruen moduan
ibillia naiz-ta,
urrenguan goizago
etorriko naiz-ta.


Artzai Txikiak bertsolari onenetakoa izan bear zuan. Nik ez nuan ezagutu. Aditzera badet aspalditik, oso bertsolari dotorea zala. Baiña edanarekin deskuidatzen. Neurririk ezin artu.

Egun batean, ez dakit nora eta noiz izango zan, baiña bere gisa etxera etortzeko gauza ez ta kotxeren batean ekarri bere etxera. Au aspaldiko kontua izango da noski, ta garai artan ez zan izango gaur bezelako kotxe-aukerik, baiña bateonbatzuk ibilliko ziran orduan ere.

Artzai Txikiak bertsoan jartzen duanez, orduan, kotxean ibiltzen ziranai, kaballeroak deitzen nunbait. Ura etxera ekarri zutenak ere ala izango ziran. Eta, allegatu ziranean, esan omen zioten bertso bat kantatzeko andreari. Baita kantatu ere.

Oso justu ez bada ere, nik orrela daukat gogoan: or goian jarri dedan bezela.

Beste parranda, aundi samarra, Altza’n, Martillun tabernan, egin genduan.

Ganaduen Kofradia euki genduan urte askoan Altza’ko basarritarrak. Geienak an giñan garai batean, ta kuadrilla aundia giñan. Illean bein biltzen giñan, dirua botatzeko kajara. Illero, buruko edo bei bakoitzeko duroa edo olako zerbait botatzen genduan, beiren bat galtzen zanean andik pagatzeko, kolpean asko bota gabe, errexago pagatzeagatik .

An nintzari Kofradian pagatzen, da udara zan. Illunabarrean zazpietatik zortietara biltzen giñan udara-garaian, eta negu-garaian arratsaldeko lauetatik bostera, illean bein. Lista pasatzen zuan listeroak, eta ukulluko lanak eginda joaten giñan udara-garaian, an patxara obean egoteagatik.

Bein pentsatu genduan apari-mokadu bat egitea kuadrillan. Zortzi edo amar lagun izango giñan. Gaur oso gutxi izango gera bizi geranak: ni ta Patxi Otxoki. Gaiñerakoak izkutatu ziran mundu ontatik. Zeruan gerta ditezela.
Atera gera Martillun’dik, berdindu samarrak noski; eta gero Lau-aizeta’n pasa bear, gu etxera etortzeko. Baiña an sartu gabe ezin etorri, eta an kafetxo bana artu egin bear ta sartu gera. Orduan taberna jarri berri samarra zan.

Kafea artu ta beste kopa pare bana, ta gero zerbeza, danak bero-bero egiñak, asi gera bertsotan iru lagun: Joakin Kataline’koa -ura difuntu dago, goian bego gure zai-, Patxi Otxoki ta ni.

Danok umore onean eta pakean beintzat. Naiz balantza batzuk egin, bakoitzak geuren zamarekin etxera joateko moduan beintzat.

Bost atera giñan alkarrekin: iru, bertsotan aritu giñanak; Domingo Garbera’koa ta Pedro Isabel-etxe’koa. Orain bi bizi gera: ni ta Patxiku. Pedro ta Domingo aspalditxo illak dira; eta Joakin, orain urte ta erdi edo ola izango dira il zala.

Gu, Patxi ta biok, Ametzagaiñean goizeko laurak aldean, ezin apartaturik, biok bertsoak kantatzen. Orduantxe bota genituan ederrenak. Zeiñek apuntatua palta.

Urrengo egunean kontuak. Desemulatu egin nai, baiña ezin. Ala esan zidan andreak, ura pasa ta andik bi egunera: illa ematen nuala, nik parranda egindako urrengo egunean.

Ortik pentsa zer planta eramango nuan. Ala esaten zidan eniazte difuntak:

Badakizu ez dezula balio parranda egiteko. Ikusten dezu zer tratu txarra artzen dezun. Baiña alperrik da esatea zuei. Zoratu egiten zerate edan zikin oiekin.

Arrazoi zuan gajoak. Beste geiagori ere gertatzen zaie noski. Sobra geiegiri noski.

Gaiñerakoan ez det nik parranda aundirik egin izan, Ez Goierri’n, ez emen. Etxean txintxo, ta ala obe neretzat, ta besteentzat ere bai noski. Baiña geienak deskuidatu egiten emen, asko edo gutxi.












     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org