Antziņako ezkontza eta oiturak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Antziņako ezkontza eta oiturak

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Antziņako ezkontza eta oiturak



BATERA eta bestera ibiltzeko etzan oraingo konturik, eta gure garaiko gazte asko edo geienak errikoakin ezkontzen ziran. Bertakoa ezpazan, inguruko erriren batekoa, gertukoa, izango zan neska edo mutilla. Famili artekoak ere bai ezkontzen ziran prankotan.

Alkar ezagutzeko edo tratatzen asteko, errietako jaiak eta olakoak izaten ziran une egokiak, nik uste.

Txistulariak izaten ziran erriko jaietan eta illunabarrean, bein amizkilla jotzean, akabo txistu eta soiņuak.

Orduan, gaztedia, bakoitza bere etxeetara; eta neskatxak, geienak izaten zuten zeiņek lagundua, erriko edo inguruko. Modu ortan egiten ziran, askotan, adiskide neska-mutillak eta ala sortzen ziran ezkontzak.

* * *



Ni, Goierrian, oso gutxitan ikusia naiz orduko ezkontza aiek. Arreoa eramateko oitura ura berriz, bein. Arreo-gurdia, andregaiak, ezkondu baiņo egun bat edo bi aurretik eramaten zuan senargaiaren etxera.

Gurdia berezia izaten zan, etxekoa edo kanpokoa, eta soiņu aparta jartzen zioten gurdiari. Artean, gurdiak, egurrezko ardatzekoak nola bait ziran, ardatzean iru edo lau klasetako txanponak jartzen zizkioten. Eta zenbat txanpon, ainbeste soiņu ezberdin jotzen zituan gurdiak. Postura ontan jotzen zuan gutxi gora-bera: Pliruuu... ! Pluriii... ! Plirupaiii... ! Oso dotore ematen zuan soiņua jo arazten zioten arreo-gurdiari. Gizona ere berezia izaten zan gurdia ala jartzeko. Arotza bezela. Etzuan edozeiņek prestatzen alako gurdia.

Nik, egia esan, bein bakarrik ikusi nuan alako arreoa; gure auzoko batzuk ezkondu ziranean, eta ezkondu aurreko egun bat edo bi, gu lanean ari giņala ingurutik pasa ziralako. Nere bi anai zarrenak eta ni etxe berria egiteko egurrak zerratzen ari giņan, eta bide ertzera joan giņan ikustera, gurdi-soiņua entzun gendunean.

Gurdi ura oso dotore jarrita zegoan: oi berria, bear bezela jantzia, eta bere atzean baul aundi bat, eta gaņean pardela. Baula ontziz betea joaten omen zan, sukaldean bear izaten diran ontzi klase guztiakin. Pardelean, berriz, erropa zuria. Gero, laia parea, atxur berriak eta nik ez dakit zenbat gauz geiago.

Orduan esan oi zan, etxea berea zuten etxeko alaba bazan, erropa zuri eta ontzi gauzak, dozenaka eramaten zituala. Eta, maizterrak baziran, dozena erdika. Ala zirala orduko oiturak. Gaur ez dago orrelakorik; aspaldi galdu ziran.

* * *



Ezkontza kontuak baditut geiago ere neronek ikusiak, gaztetan Goierrian nintzan denborakoak. Garai aietan bazan oitura bat, eta oso aspaldikoa izan bear zuan. Iru pregoi botatzen ziran iru igandetan esposatu aurretik. Ezeren inpedimenturik edo trabik bazan ezkontza galerazteko, apaiza edo erretorearengana joan bear iru pregoi botatakoan. Denbora ematen zuan ori egiteko. Eta iņor azaltzen ezpazan, andik ogeitalau ordura ezkondu zitezken.

Beste au ere ezagutu nuan. Lendabiziko pregoia botatzen zuten jaiean, esposatzekoa zan mutilla, andregaiaren etxera joaten zan bere anai edo lagunakin bazkaltzera. Soiņujolea ere eramaten zuten eta bidean suziriak boteaz joaten ziran. Nik, bi aldiz ikusi nuan gauza ura, nere bi anai zarrenak ezkondu ziranean.

Nere anai zarrenak errikoa , bertakoa, zuan andrea eta an joan giņan, gu, bost anai eta beste bizitzakoak ere bai, suziri edo etxaferoak boteaz kontentu asko! Laster galdu zala uste det oitura ori ere.

Bigarren anaia, berriz, Alkizako Etxabe-Txiki baserrira esposatu zan. Beasaingo fabrikan zebillen lanean, baiņa baserria geiago gustatzen, nunbait. Ez dakit aien ezkontza nola izan zan ain urrutira joateko. Garai aietan, nik uste det, bateon baten bidez egiņa izango zala.

Nolank ere, lenengo pregoia bota zuten igandean, Gaintza-tik Alkiza-ra joan giņan soiņujole ta guzti. Ez- ba, oso biaje erreza zalako, baiņa gustoko tokian aldapik ez esan oi da, eta ura ere ala izango zan. Lenengo, Gaintza-tik Ordizi-ra oiņez joan bear; an trena artu eta Tolosa-ra; gero Tolosa-n tranbian sartu eta Anoeta-ra; andik Alkiza-ra, berriz, oiņez.

Kamiorik etzan artean Alkiza-ra, baiņa etzitzaigun bide luzea iruditzen; luzeagotan ibiltzen oituta geunden. Anoeta-n trenaren geltokirik etzan orduan.
Ala ere, pozik egin genduan biajea soiņu-jole ta guzti. Baita, gogoratzen naiz Alkiza-ko plazan dantzan nola ibilli giņan. Su-ziririk ez genduan eraman egun artan.

* * *



Geiago ere izango ziran, baiņa bazan beste oitura edo ospakizun bat, neronek ikusia au ere: dote ematea nola egiten zan.

Garai aietan baserrietako neskatxa asko etxean jarduten zan lanean. Gure arreba zarrena ere, beti baserrian aritu zalarik, ondo ikasia zan baserriko berri, eta erriko mutil batekin esposatu zan, diru puska bat zuten tokira gaņera.

Esposatuta etorri ziranean, eta urrengo jaiean edo, bazkari eder bat eman zieten senide, osaba-izebei eta auzokoei. Eta bazkal ondoan eman zion dotea gure aitak sui berriari, denen bixtan, mai gaņean utziaz. Ez dakit zenbat eman zion, baiņa merezia izango zuan, nere ustez, etxean lan asko egiņa baizan gaztetan. Diruak jaso zituanean, sui berriak eta aitagiarrebak, gure aitak, esku eman zioten alkarri jendearen txaloak jasoaz. Alkarrekin egindako billera ura oso ondo egina zala denak aitortu zuten eta jendea konforme gelditu zala uste det nik. Oitura arek segitu zuala esango nuke, Goierri aldean beintzat, nik andik aldeginda gero ere.

* * *



Eta orain beste gauza bat aitatzera noa, saill oni bukaera emateko. Gure gazte denboran baziran gizon batzuk ezkontzak egiten laguntzen ibiltzen ziranak. Baserriko neska-mutillei ezkontzeko bideak edo erreztasunak ematea zan beren eginkizuna. Ni neronek ezagutu nuan artan saiatzen zan gizon bat.

Baliarrain-goa zan gizon ura. Izketan oso egokia ta txukuna benetan, abogadu baten moduan itzegiten zuana. Maiora deitzen zioten gizon ari, eta esaten zuten bazituala lagunak artan ibiltzen ziranak, beste erri geiagotan ere.

Gure etxean, erriko pestak ziran egun batez bazkaltzen izan zan, eta an ezagutu nuan gizon ura. Arek eta bere lagunek etzuten beti-beti asmatuko. Aien lantegia ez baizan oso erreza, eta danen gustoa egiten kostako zala uste det. Legortearen ondoren euria egiten badu ere, ez da danen gustokoa izaten-da.

Orain esatera noan au ez dakit gertatua edo txistea dan. Ataun-en pasea dala entzun izan det. Len aitatutako gizon oietako batek ezkontza bidean jarri ditu neska-mutillak esanez: “Zuk olako baserriko atarira joan bear dezu, eta neskatxa bat aterako zaizu leiora. An egon zai bil artean. Ateratzen danean, urrengo igandean nun juntatu eta abar itzegingo dezute.”

Neska, kasu artan, etxerako asmoan zegoana omen zan, eta jakiņa, mutillak kanpotik etorri bear.

Ala, esandako egunean, illunabarrean, jarritako ordurako joan da mutilla neskaren etxera, eta, denak Errosario Santua errezatzen... eta mutilla an, Errosarioa noiz bukatuko. Misterio guztiak bukatu ondoren, ez dakit zenbat Santuri errezatu eta errezatu ari omen ziran eta ordurako naikoa aspertuta mutilla.

Alako batean entzun omen zan: “Ikulluko bazterreko txekor aundiņaren izenean, Aitagurea zeruetan... “ Orduan mutillak esan omen zuan:

-Ni onera ezkontzen banauk gau guztia errezatzen pasa bearko diat eta noan emendik etxera! Ni ez niotek arrapatuko eta or konpon ditezela nai duten bezela.

Etzan nunbait asko errezatzea gustatzen zitzaion oietakoa ura ere. Mutilzar gelditu omen zan azkenean. Neska ez, neska ezkondu zan, eta suerte ona izan gaņera.

* * *



Bukatzeko, iruditzen zait, len esan edo idatzi detan gizon aien antzekoak ez lirakela gaizki etorriko gaurko egunetan ere. Baiņa ez luteke lan ederra artuko nere ustez, ez baita orain ia emakume gazterik aritzen lanean baserrietan; berez baserrian jaioak izan arren, eskola ikasi eta kalera joan naiago dute. Ez dute baserriko mutillakin ezer jakin nai.

Orra, etorkizun illuna baserriari etorri zaiona. Ondo izateko, berriz, baserrian bertan jaiotakoa bear duala esango nuke. Kalekoak ango lanak egin eta ondo eramatea zail xamarra ikusten det. Lan txarrak izango dira, beraz, gure baserrietan aurrerantzean. Orixe da nere iritzi apala.


Naiko kezkati gaude guraso,
elduak eta bai zarrak,
ikusirik gaur baserrietan
dozenaka mutilzarrak.
Tristura ematen digu geroko
ain etorkizun kaxkarrak;
bertan sortua izan bear du
nik uste baserritarrak,
bestela indar artuko dute
ote, sasi eta larrak.














     

euskaraz.net Š Euskararen Donostia  ˇ  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ˇ  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org