Aur jaiotzak eta ondorengo oiturak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ayerbe Bartolo »  Zaarrak berrituz »  Aur jaiotzak eta ondorengo oiturak

Bartolo Ayerbe. ZaarrakBerrituz

Aur jaiotzak eta ondorengo oiturak



GURE garaian norbere etxeetan jaiotzen ziran aurrak. Aurra egitera etziran Erresidentzira edo ospitalera joaten orain bezela. Pratikantea ibiltzen zan partuetan laguntzen eta artan ezpazan, gaxoak bixitatzen izaten zuan lanik asko. Bi erritako lanak bakarrik egiten zituan: Zaldibi-koak eta Gaintza-koak.

Nik esan bear banu, ordea, pratikantearen laguntzarik gabe ere jaioko ziran aurrak orduan, auzoko emakumeak alkarri lagunduz eta al zan moduan. Baiña pratikantea joango zan, jaiotzerako ezpazan, andik laixterrera, jornal berezia izaten baizuan partu bakoitzeko. Erregali pranko ere biltzen zuala esaten zuten. Danak merezi zituan gizona zan ura, izan ere.

Orain dijoana neri gertatua da, artean jaiotetxean nintzala. Orduan alako kasuak etxe geiagotan ere gertatuko ziran, noski, baiña bakoitzak bereak izaten ditu gogoan. Gau batean, gauerdi aldera, etxera ezkondutako anaiak deitu zidan esanez:

Joan bearko dek, ba, pratikantearen billa; partua diagu eta esaiok azkar etortzeko, mesedez, etxean bada beintzat.

Zaldibi-n bizi zan, esan bezela, eta gure etxea oso urruti andik, Gaintza eta Abaltzisketa-ko mugan dago-ta. Gau illuna zan izugarri; eskerrak parol txiki bat bazala gure etxean, eta arekin joan nintzan.

Pratikanteak bazuan tinbrea sarrerako atean eta parolaren argiarekin billatuta jo nuan eta balkoira irten zan bereala esanez: “zer gertatzen da?” Nik esan nion partoa zala gure etxean eta lenbailen joateko agindua eman zidatela. Eta Gaintza-ko Artxueta-koa nintzala jakin arazi nionean: “Etzegok aldean, ala Jainkoa! Gu joateko jaioko dek jaiotzekoa...!”. Etzan umore txarreko gizona, erdi-bertsolari oietakoa gañera.

Ordubeteko bidea bazegon gutxinez, ori egunez; gauez berriz, askoz geiago. Urrutiene-ko baserria izango zan, nere ustez. Eskerrak ango bide-lasterrak ondo ikasiak geneuzkala. Ala ere iritsi giñan, orratik, jaio baño lenago, baiña juxtu-xamar ibilli giñan, esan zutenez.

Bere egitekoak bukatu zituanean anaiak ordaindu zion tokatzen zan jornala eta gogoan daukat amak ere lukairika ederra nola eman zion, eta denak pozik.

Gizon bikaiña ta jatorra zan, baiña makiña bat ibilli txar egiña bear zuan bi erri aietan. Berari deitzen zitzaion ia danerako, eta egin kontu zenbat aur jaiotzen zan garai aietan etxe bakoitzean... Oso gauza gogorra bear zuan, naiz aparte pagatu, Ordizi-n bizitzen zan medikuari deitzeko. Nik ez nuan ezagutu ere, eta ala obe.

* * *



Len nion bezela, jaioko ziran pranko pratikante edo medikurik gabe, etxekoandreak alkarri lagunduta. Nik ezagutu nuan emakume bat berezia, gure errian jaiotza zanean laguntzen ibiltzen zana, eta uste det laguntza asko egiña zala inguruko baserrietan.

Nere beste anai batek -ura ere urrutiko baserrian bizitu zan-da- ala esan oi zuan: “gure etxean, geienak, pratikante edo mediku gabe jaioak dituk”. Lau alaba eta iru seme zituan, sano askoak gañera.

* * *



Beste pasadizo bat bada, jaiotzaren gañean au ere, oso ateraldi zelebrea tartean duala; eta nik ondo ezagutzen dedan famili batean gertatua gañera. Gauean omen zan. Partuko ordua iritxi da eta mediku billa joan bear. Ortarako, etxean urte askotan apopilo zegoan mutilzarra esnatu arazi eta mesedez medikuaren billa joango al zan galdetu ziotenean, ara nolako erantzuna jaso zuten:

0rain al zerate nere bearrean? Lenago etzenuten nere bear aundirik! Joango naiz.

Gogo txarrez, noski, baña joan zan eta baita ekarri ere sendagillea. Gero, bukatu zuanean, etxera lagundu egin bear berriz, eta gau geiena joan-etorrian pasa bear izan zuan. Aiek ibillerak! Gaur bezela telefonorik ez baizan, baserrietan beintzat, eta bideak ere alakoak... ibilli egin bear nola edo ala enkarguak egingo baziran.

Kontu geiago ere bazituan apopilo arek eta, lagun artean broman zeuden gau batean, jartzen da, ta:

-Bai al dakizute lengo aste ortan gure etxean bi bigantxak umeak egin dituztela? Bat bi ankekoak eta bestea lau ankekoak.

Senar-emaztearen lenengo aurra izaki, eta bigantxa ere umatzea tokatu aste berean. Izugarrizko grazia egin omen zioten apopiloaren ateraldiak.

Onoko au ere berea da. Astean bein pagatzen omen zuan apopilotza, eta egun batean astekoa ordaintzeko dirurik gabe gelditu. Eta esan omen zion etxekoandreari:

Bai al dituzu milla peztakoaren kanbioak?

Bai, baditut -etxekoandreak. Orduan apopiloak:

Ni baiño obeto zaude, beraz, astea pasatzeko. Nik ere pozik pagatuko nizuke milla pezta baneuzka, baiña urrengo asterarte itxoin bearko dezu. Eta eskatu ezaidazu mezetara joan baiño lenago, badakizu ni nolakoa naizen-da...

Apopiloarekin bukatzeko, umore onean zegoan beste egun batean ara zer esan zion, ordurako edadetu-xamarra zan etxekoandreari:

Biok ezkonduko al gera? Ea ala zintzotzen naizen pixka bat... Ez degu izango, noski, seaska egin bearrik eta aurrak zaintzen lanik ere ez...!

* * *



Badira geiago ere, ez dakit gertatuak ala asmatutako zelebrekeriak diran, baiña Goierri aldeko kontuak beintzat. Gure anai zarrenak kontatzen zizkigun guri parra egin arazteagatik, arto-zuritzen ari giñala, geienetan.
Illuntzean, lendabizi, amak errosarioa errezatu, eta gero, berak aparia jarri bitartean, gu arto-zuritzen aritzen giñan.

Esan bezela, gure anaiak asko zekizkin, naiz-ta nola, noiz ta nun gertatuak ziran esan ez. Berak ere etzuan jakingo noski-ta. Beste norbaiti entzunak, seguru asko.

Dana dala, nik onenak dauzkat gogoan: baserri batean aurra jaiotzea tokatu, eta senarra perira joana izan. Illunabarrean, etxera etortzerako, aurra jaioa, eta gizona lasai. Urrengo egunean auzoko batekin topo egin, eta onek:

Familian aumentua ba omen dezute, Joxe Iñaxio!

Bai, motell, ni perira joana nindukan eta etortzerako, jaioa aurra...

Zer dezute, semea ala alaba? Eta onela erantzun omen zion Joxe Iñaxiok:

Etzekiat motell, ez nauk fijatu... Gero ere ezagungo dik, bai, zer dan!

Ikusten danez, aitari berdin zitzaion bat izan edo bestea izan.

Beste au ere anaiari entzuna da: baserri bateko senarra artajorran ari zala gertatua. Etxetik aparte-xamarrean omen zan, eta abixua emanagatik, arek segi artajorran. Bigarren aldiz abixatu zioten, bixkiak jaio zirala, eta joateko etxera. Orduan ala esan omen zion bere buruari:

Joan egin bearko diat, bai, bestela ez dek geldituko umea egin da umea egin!

Abixuarekin joan zan emakumeari galdetu omen zion:

Zenbat dira, ba, jaioak? -eta bixkiak zirala esan zionean:

Ori besterik ez bada, ala ere, an nunbait!

Gizonak etzeukan kezka aundirik semeak edo alabak ziran jakiteko, eta nola aziko ziran ere ez. Ura zan gizonaren patxara eta konformidadea!

* * *



Kontu auek ez dakit zer diran, baiña gertatutako itxura badute. Etziran denak asmatutakoak izango; bestela etzizkiguten guri orrela kontatuko. Orain ikusten ari geran au bai dala egia: gure baserrietan ez dala azitzen ain famili ugaririk; kalean berriz, ain gutxiago. Orrek ekarri lezake jende gutxitzea, geiegi gerala esaten ari badira ere. Jaio baiño geiago iltzen bada, seguru bakanduko gerala. Nik pentsatzen det, garai aietan bost aur azitzea errezago zala gaur bi baiño.



Aur jaiotzeak aldatu dira
eta ez dakit noraño,
gaur ez da ia iñor irixten
lengo neurrietaraño.
Gutxi ta aiek ondo azitzen
jartzen da ainbat enpeño,
len bost gutxigo kostatzen
ziran gaur egunean bi baiño.

* * *



Aur jaiotzak utzita, orain, ondorengo oiturak nola ziran esango det. Aurra jaio ta urrengo egunean bataiatzen zan, iñola al bazan beintzat. Aita puntakoa eta ama puntakoa jakiñaren gañean egoten ziran, oitura zan bezela, oso urrutikoak ezpaziran beintzat. Eta garai aietan familiarrak, geienetan, ingurukoak izaten ziran, ezkontzak ere ala egiten ziran-da.

Eguerdietan bataiatu eta aurraren aita joaten bazan, amaiketako pixka bat egingo zuten. Arratsaldean bataiatzen bazan, merienda lege bat egin eta nor bere etxera eta kito. Orduan esan oi zuten aita eta ama puntakoa gelditzen zirala aurraren kargu gurasoen paltan.

Geienetan, aita puntakoaren izena jartzen zioten mutilla bazan, eta ama puntakoarena alaba zanean.

Andik amabost egunera edo, ama ondo jartzean, auzoko beste emakume bat lagun artuta, elizan sartzea esaten zitzaiona egitera joaten ziran, txintxo asko, orduko etxekoandreak.

Gaurko egunetan beste izen berriak jartzen dira euskaldun aurren artean. Baiña neri eta edadeko jende askori, nik uste, lengo izen aiek egokiagoak iruditzen zaizkigula. Ortan ere moda dago, nunbait, beste gauza askorekin bezela.

* * *



Beste oitura bat ere bazan: aurra izanda gero, andik ogei egunera edo, familiko eta auzoko etxekoandreak juntatzen ziran aurra jaio berria zan etxe edo baserrian. Aurra ikusiaz, zortzi edo amar emakume biltzen ziran jai arratsaldean. Oitura ari martopillak deitzen zioten. Gure gazte denboran fama aundia zuten, Goierri aldean beintzat. Emen, bee-alde ontan, berriz, atsolorra esaten zioten. Baina emen etzan an bezin nabarmen zelebratzen.

Gure amari entzuten nionez, alakoxe egunetan disfrutatzen zuten etxekoandre gaxo aiek. Gañerakoan etzuten izaten radioa entzuten eta telebistari begira egoteko aukerarik. Egun aietako bat etortzeko zai egoten omen ziran.

Denak eramaten zuten zerbait erregalo: txokolate, galleta, ardo goxo, esponja, kafe eta nik dakit zenbat gauz. Bakoitza bere zestotxoarekin joaten zan juergarako gogoarekin. Gauza ta edari goxoak artu ondoren, denak berriketako sasoi ederra ere bai. Erdi txoratuta azkenerako.



Bein atsolor aietako batean, etxeko nagusiak, emakumeak ala ikusi zituanean, pentsatu omen zuan seaskatik aurra oera eraman eta seaskan uztarria jartzea aurraren partez. Illunabarrean, etxerakoan, aurra despeditu egin bear, eta ala omen zioten seaskara begiratuz:

-Lo bete-betean dago. Aita igoal-igoala da aur au. Jaunak osasuna eman dezaiola azitzeko.

Eta gabonpasa eta agur esanez, bakoitza bere etxera alai eta pozik.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org