GARAGARRILLEAN edo Ekaiņean egin oi dira ille mozteak; batzuk lentxeago eta besteak geroxeago. Nik entzun nuan ardiak illea moztutzean, erdi larrugorrian gelditzen dirala berriro illea pixkat azi bitartean; kazkabar edo arri erasoren bat egitea tokatzen bada, ardiak jipoi aundia artzen dutela. Baiņa ardiak sena izaten du. Alakorik badator, eta arboladiren bat badute inguruan, azkar joaten dira arbola azpira. An asko defenditzen dira.
Bein bakarrik ikusi nuan nik ardiai illea rnozten. Ni artzaimutil ibilitako nagusiak eraman nindun. Abaltzisketa-ko plazan egin zuten, an bizi baizan, Azpiko-Etxe baserrian, plazan bertan.
Iru artzai ziran, gizon elduak irurak, lan artan ondo ikasiak. Guraize bereziak zituzten, aundiak eta zorrotzak. Eta aiek illea moztu alean, nik zakuetan sartu.
Ardiak ere ez dute ille berdiņa izaten: batzuk bigunagoa eta besteak zakarragoa. Bigunena aparte uzten zuten, aria egiteko. Bigun artatik neri eman zidan mordo bat, etxera eramateko. Goizean asi eta bazkaltzerako bukatu zituzten lanak.
Bazkaltzeko denboran etxera sartu zituan ardiak, etxean toki aundia baizuan. Sotoan bapo bazkaldu genduan, eta nere nagusiak mendira joan bear ardiakin, beiak gobernatuta. Gazta egiteko tresnak an zeuzkan eta ardiak jetzitakoan, gazta egiten zuan gauean.
Esan bezela, neri eman zidan ille mordo ederra eta au esan zidan:
Eramantzak ori etxera eta, zuen aitak, ille orrekin ari ederra egingo dik. Arek bezin ari ederra egiten zalla dek.
Garai artan artzai danak jakingo zuten aria egiten; geienak beintzat bai, zar-abarrak batez ere. Baiņa ari fiņa eta berdiņa egiten ez da ain erreza. Ari berdiņa egin bear galtzerdi txukunak ateratzeko, ez une batzutan lodia eta bestetan mea, al zan berdiņena baizik.
Gure aitak bi ari klase egiten zituan: bat galtzerdiak egiteko eta bestea abarka-sokak egiteko. Ari beltzarekin egiten zituan abarka-sokak edo goaitiak -guk eta gure aurrekoak ala deitzen bai zioten-. Baiņa ortarako ille beltza bear, eta ardi beltza, gutxi. Ni mutil ibilitako artzaiak bi besterik etzituan. Orduan ixtimazioa izaten zuten ardi beltzak.
Ez dakit nundik ekarriak, baiņa gure aitak bazituan bi pala beren eskuleku ta guzti. Alanbrea zuten alde batetik oso ugari jarria, eskobilla baten gisan. Kardak deitzen genien guk, eta aietan pasata, illea ondo banakatuta eta arro uzten zuan. Artillea oso zikiņa da, berez, eta galtzerdiak egiteko garbia bear. Baiņa karda aiekin pasata, asko garbitzen zan eta bigundu ere bai.
Aria nola egiten zan ere jarriko det, ortan ari naizen ezkero. Ukabilla aiņa lodiko egur mutur edo tronko bat izaten zan, bi aldetan lodia eta erdian oso mea. Eta kakodun kirten edo ziri bat sartzen zitzaion erdi-erdian. Txaratilla zan aren izena. Ura jarri zintzilik, eta bueltak emanez egiten da aria. Aldiko metro bat edo geixeago egin eta txaratillan bildu bete arte. Betetzean aria tira-tiran artu eta pelota bezela aria bildu biurritu ez zedin.
Galtzerdia egiteko ari ura geiegi biurritua egoten zan eta pixka bat lasaitu egin bear zan galtzerdia egiņez; lasaitu eta lasaitu gabeko mugan orratz bat sartuta jarri. Araiņo iritxitakoan berriz ere lasaitu eta ala segi galtzerdia egin alean.
Emakumeak galtzerdi egiten azkarragoak dira edo ziran, baiņa gizonezkoak obeagoak eta txukunagoak egiten zituzten. Emakumeak lau galtzetaorratzekin egiten zuten eta gizonak bost orratz kakodunekin aritzen ziran.
Gaur ez da, noski, iņor arituko galtzerdi egiten. Gizasemerik ez, beintzat, eta emakumezkorik ere, naiko lan. Orain ez degu ortarako denborik. Danak presaka bizi gera.
|
* * *
Gure etxean, aitak aria egin, eta galtzerdi egiten bost anaitatik iruk ikasi genduan. Bi arrebak ere bai, eta aita berak eta amak, zer esanik ez. Bederatzi laguneko familia giņan eta zazpik bagenekien galtzerdigintzan. Gurean etzan galtzerdi paltik izaten. Oņetako palta geiago izaten genduan. Bei larruarekin egindako abarkakin ibiltzen giņan. Botak ere bagenitun, baiņa aiek jaietan mezetara joateko jaso bear.
Larruzko abarka aiek oiņetako eskasak ziran oso. Etzuten bustiarekin arrimorik, ezta ankak legor ibiltzeko modurik. Legorrarekin, berriz, legortu eta anketan miņ eman. Gauean uretan eukita biguntzen ziran, baiņa urrengo egunean jantzi eta egin bear berriz. Gero automobillen errueda edo kurpillakin asi ziran abarkak egiten. Askoz obeagoak ziran. Aiekin ankak legor ibiltzen genituan eta arrimu geiago zuten. Denbora aiek joan ziran baiņa ez dira aztutzen.
Nere nagusi izandako artzaia bastante aldiz etortzen zan gure etxera, eta aitak edo guk egindako galtzerdi, abarka edo saskiak ere ematen zizkion aitak. Berak gaztak ekartzen zizkigun, eta oso ondo konpontzen giņan alkarrekin. Ala obe.
Nik oso gustoko lana nuan galtzerdi egitea. Onera etorri eta gero ere, egin nituan pranko artille lodiarekin abarkakin ibiltzeko. Zenbat eta ari lodiagoa, orduan eta azkarrago egiten da.
Galtzerdi lodiak denbora luzean irauten zuten. Baiņa kanpo-lanean edo mendian abarkakin zebillenari, goiak osorik eta ankak puskatzen zitzaizkion. Orduan oiņak berriak egin eta berriak bezela gelditzen ziran.
Neguko gau luzetan gustora aritzen nintzan galtzerdi egiten. Nere emazte difuntari ere egin nion pare bat, berak aria ekarrita. Kalera edo plazara Ernaniko tranbian joaten ziran baserritarrak, eta egun batean, bere lagunai, aitonak egindako galtzerdiakin joan zala esan zionean, arrituta gelditu omen zan, sinistu eziņik. Denbora luzean iraun zioten eta oso gustokoak zituala esaten zidan. Orduan etzan irrati eta telebistarik, eta ala pasatzen, guk, denbora.
* * *
Gure ama zanak eta arrebak koltxoi onak ere egiten zituzten artillearekin, eta koltxoi onak asko jazten zuan oia. Artean etzan jergoirik, gure etxean beintzat. Lastaiaren gaņean egiten genduan lo. Lastaia zer zan? Zaku aundi bat artarako berezia. Zaku ura zurikiņez betetzen zan. Bi zulo aundi izaten zituan andik eskua sartuta arrotzeko. Egunero egiten bazan, obe.
Gai onekin bukatzeko, gau batean zer gertatu zitzaigun esango det orain. Guk, bi anai gaztenak egiten genduan lo oi batean. Oia etzan izango berria ta, gau batean puskatu eta an gelditu giņan lurrean. Baiņa ez genduan iņor aztaldatu nai, eta lastaia eta koltxoia lurrean bota, eta an pasa genduan gaua.
Txirritari ere orrelako zerbait gertatu omen zitzaion. Pixu aundia izan eta oiaren azpiko barrak puskatuta, lurrean gelditu. Aldameneko oian zegoana esnatu omen zan arek atera zuan danbetakoarekin, eta:
Zer pasatzen zaik, Joxe Manuel? Ez al ago ondo, ala?
Eta orduan Txirrita-k:
Len baiņo pixka bat berago egotea, baiņa bestela ain gaizki ez niok.
|